Izena eta jarduna

Euskaltzaleen Topagunean presidente izendatu berritan, Twitterren aritu beharra sentiarazi zidaten inguruko hainbat lagunek. Eta, karguari zor, urratsa egin nuen.

topaguneatwitter

 

 

 

 

 

Profila sortzerakoan, ordea, ezin izan nuen hartu niretzat sinpleena zen erabiltzaile izena (@mikelirizar) ordurako hartuta zegoelako. Eta, berriro karguari zor, hobetsi nuen @mikelirizartopa jartzea, ordezkatzen nuen erakundearen izenetik sistemak onartzen zidan zatia hartuta.

Halabeharrez, baina gustura. Ze ‘topa’ horrek bazuen elkartzetik, eta hain justu urrunekoak hurbiltzea izan da nire ardatz nagusia herrigintzako jardunean. Eta bazuen, baita ere, bizipozetik: topa egiten dugu ondo egindakoa ospatzeko edo eginkizun denari zorte ona opa diogunean.

Eta gustura ibili naiz hiru bat urtez; kargua utzi ondoren ere jarraitu egin dut tarteka txioak botatzen. Eta, nire harridurarako, mila lagunetik gora dauzkat jarraitzaile.

Orain etorri zait beste kargu bat hartzea, hau herri erakunde baten. Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia naiz, abuztuan hasita.

2015-09-03_mikelirizar_lp

Eta, karguari zor, tokatzen zait txioka jarraitzea, dudarik gabe; baina esparru mugatuan, nire jardunari dagokionean. Hartzaileak ezin du bereizi noiz ari den Mikel eta noiz zuzendaria; horregatik Mikeli dagokio bere iritziak esparru pribaturako gordetzea. Horregatik eten ditut, halaber, irratian eta telebistan iritzi emaile moduan nituen jardunak.

Aldaketa honek eskatzen zidan twitizena ere aldatzea, jarraitzaileekin argi jokatze aldera. Eta izen berrian nahi izan dut berriro karguarena txertatu. Orain arte hartu berri dudan kargua zen Euskara Zuzendaritza, eta nik Euskara zioen tokian Hizkuntza Berdintasuna jarri dut. Zergatik?

Elkarrizketan luzeago doa, baina azalpena laburtu daiteke. Diskurtso euskaltzalea beharrezkoa da baina mugatua, itzal handiak uzten ditu; diskurtso demokratikoa unibertsala da, edo behar luke behintzat. Eta asko komeni zaio euskarari diskurtso demokratikoa lantzea –hizkuntza hautatzeko askatasuna, hautuen arteko berdintasuna edo oreka, politika berdintzaileen justiziazko izaera…- herritar bakoitzari bere erantzukizuna eta eginbeharra begien aurrean jartzeko. Eta apustu hori adierazteko txertatu dut ‘berdintasuna’ hitza zuzendaritzaren izenean.

Baita twitizen berrian ere. Logikak eskatzen zidan lehengo @mikelirizartopa haren ondotik etorri behar zuela @mikelirizarberdin berria, baina oraingoan sistemak jarri dio muga hizki kopuruari. Eta ‘berdin’ mantentze aldera nire izena laburtu behar izan dut. Honenbestez @mirizarberdin twitizenez jardungo dut aurrerantzean, hizkuntzen esparruko gaiak jorratzen.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

4 erantzun Izena eta jarduna-ri

  1. egilea: JJ

    Aukera ona zinez. Berdintasuna helburu.
    Topa!

  2. piperrautsa egilea: piperrautsa

    Mila esker! Eta topa, noski!

  3. egilea: Iñaki Zubimendi Zialtzeta

    Hiretik kendu, hire jarduerari emateko.
    Hi (pixkat) ezagututa, ez nauk harritzen, gauza on asko eskuzabaltasunez egiten ezagutu bait haut.
    Besarkada bat, ondo segi 😉

    • piperrautsa egilea: piperrautsa

      Piperrauts gorria bezain gorri jarri nauk, Iñaki. Nerabetan entzun nian norberaren ongizatea lotu ezkero ingurukoen ongizatearekin, sortzen zela egoismo soziala. Horren arabera, nire eskuzabaltasuna egoismo mota bat besterik ez litzakek. Egoismo ona, kolesterola bezala.
      Besarkada handi bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude