UDA EZBERDINA

Uda bukatzear daukat eta jada Deustuko Unibertsitatean hasi dira klaseak, beste batean aipatu nuen moduan ez nabil Bilboko ikasle pixuan; ez zuen zentzurik alokairu bat ordaintzeak 10.5 kreditu falta zaizkidanean.

Aurtengo uda guztiz ezberdina izan da, lehenik eta behin irailean azterketarik izan ez dudalako, alegia, San Fermin garaian egin behar izan nituen Bolognia prozesua dela eta; zer nahiago? Emaitzak ikusiz gero, badirudi Unibertsitateko ikasleak hobe gabiltzala Bologniar erara.

Aurtengo udan berriro ere Dublinera joateko zortea izan dut, diferentzia nabaria izan da, jada kaleak, autobusak, ordutegiak eta jakin beharrekoak banekizkien; horrelaxe, Seomra Spraoi edo ta Dublin Exchange bezalako leku bereziak ezagutzeko aukera izan dut, bat baino gehiago harrituta geratzen zen ni bertan ikusitakoan.

Dublineko egonaldia amaitzerakoan, herrira etorri nintzen, bertako jaiak ate joka baitzeuden. Esan beharra daukat beste urteetan ez nuela jaietan egoteko aukerarik izaten, azterketa garaia edo hauek prestatzeko garaia izaten baitzen; baina urtengoan herrian egoteko zortea izan dut. Gainera oso une bereziak bizi izan ditugu lagunartean, nire lagunetako bat kantinera moduan atera baita Gora Ama Guadalupekoa konpainian, eta hondarribiarrontzat egun berezia izan ohi da irailaren 8a.

Orain jaietako ajeari aurre egiteko garaia iritsi da, Unibertstatetik gauzak nola doaz ikustea eta gelditzen zaizkidan kreditu gutxi hauei egurra ematea. Hala ere, ohitura dudan moduan, etzi Miranda aldera joango naiz Ebrovisioko Jaialdiaz gozatzeko intentzioarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude