Karrantza euskalduntzen egindako lanari aitortza

  • Karrantza Naturala elkartearen sarien aurtengo edizioak bertako Kontxako eskolan D ereduari sarrera egin zioten andereñoak –Tere Ahedo margolariarekin batera–  omendu zituen. Urtarrilean egin zen ekitaldia, eta egun hartako afixak hiru andereñoren izenak zekartzan: Delia Negrete, Maibe San Nicolas eta Rosa Maria Garde, nahiz horien ondoan “eta beste andereño batzuk” eransten zuen, guztiek batera, edo bateratsu, egindako ahalegina indartu guran.

Argazkia Kontxa eskolak utzia.
Argazkia Kontxa eskolak utzia.

“Hiru andereño horiekin batera baziren beste batzuk liberatuta zeudenak, euskara ikasten, hain zuzen”, esan digu Mari Kruz Pardok, Kontxako eskolan D eredua ezarri zen garaian gurasoen taldeko ama ekina zenak.

‘La señorita de vascuence’

Jakin dugunez, aspaldixko hila da Delia Negrete, eta erretretan sartua, berriz, Rosa Maria Garde. Maibe San Nicolas dugu omenduen hirukoitza hartatik Kontxako eskolan lanean irauten duen bakarra. Eta, astiro-astiro, kontatzen hasi da andereñoa, barru-barrutik: “Ni 1989an heldu nintzen Karrantzara, Bilboko Santutxutik, euskarazko irakasle espezifiko. Aurretik, ikasturte bat Otxarkoagan eta hiru Burtzeñan eginda nengoen”. Euskarazko irakasle espezifiko izateak esan gura du A ereduko eskolan euskara irakastera bidali zuela Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzak Maibe San Nicolas Karrantzako Kontxara. “Bertoko eskola osoa zen A eredukoa sasoi hartan. Nik esan beharko banu, eskolako giroa berezi xamarra zen; niri halaxe iruditzen zitzaidan, behintzat, zeren ni ikastolan ikasia nintzen, Bilboko Santutxutik nentorren, eta euskararekiko zenbait jarrera ez nituen oso ondo ulertzen, sekula ez nituen ulertu Otxarkoagan, ez Burtzeñan. Ez da kontatzekoa, baina irakasle batek egunero bere gelan sartzen nintzenean, ‘Saludad a la señorita de vascuence’ esaten zuen”. Maibe San Nicolasek esatera, hala ere, beste eskola askotan ez bezala, ikasleen eta gurasoen jarrera, oro har, ona zen Kontxako eskolan.

Andereñoak, eta gurasoak

Andereñoak ez ezik, gurasoak ere baziren: Mari Kruz Pardo, esaterako. “Lehenengo, B eredu indartua ezarri zen eskolaurrean, eta haur haiek Oinarrizko Heziketa Orokorreko lehen mailara iritsi zirenean, 1993-1994 izango zen urtea, D eredua abiarazi zen. Gurasook ez genuen nahi guri gertatu zaiguna gure haurrei gertatzerik, euskaraz ez ikastea, baina nahiarekin batera bazen ezina ere, ezezagunari zaion beldurra. Gogoratzen naiz zenbait gurasok esaten zutela: ‘Ezin izango diogu gure umeari etxean lagundu’. Baina argudio horrek ez du askorik balio, zeren adin batez gero, seme-alabek iristen dute halako maila bat non gurasoen jakituria gainditzen baitute”.

Maibe San Nicolasek ez daki zenbat ume eta irakasle zeuden Kontxako eskolara joan zenean, bi lerro zeudela besterik. “Orain lerro bakarra dugu, abeltzaintzak izan dituen bateko eta besteko krisialdiek Karrantzako biztanleria urritzea ekarri dutelako. Orain baino askoz ikasle gehiago ziren orduan gure eskolan, A ereduan eskolatuak denak”. Denbora aurrera, bakantzen hasi ziren ikasleak A ereduan eta horrek gelak batzea ekarri zuen, eta B eredua aitzinatzea.

Argazkian Maibe San Nicolas irakaslea Korrika egunean Kontxa eskolako ikasleekin. 1989an heldu zen eskola horretara eta A ereduan euskara ikasgaia ematen hasi zen. Argazkia: Kontxa eskolak utzia.
Irakasleen enplegua

1993-1994an, B eredua zabaltzeak A ereduko irakasleak soberan gertatzea eragin zuen, nahiz eta legez B ereduko tutore izan zitezkeen. Orduantxe arazoak! “Irakasle euskaldunoi eta guraso interesatuei A ereduko irakasleak B ereduko geletako tutore izatea atzerapausoa zela iruditzen zitzaigun. A ereduko irakasle batzuk herri bertakoak ziren, edota hainbat urte zeramatzaten Kontxako eskolan. Ez zuten euskaldun ereduen beharra ikusten Karrantzan, edo guztiz kontra zeuden. Eztabaida sortu zen, askotan diskusio oso gogorrak izan genituen, Euskal Herriko ehunka eskolatan bezala”. Mari Kruz Pardok ere gogoratzen du garai kalapitaz bete hura. “Irakasleen artean gorabeheraren bat izan zela esango nuke, batak hona joan beharra izan zuen, besteren batek hara. Gurasoen artean ere baten batek umeak hartu eta eskola pribatura eraman zituen, hemendik 30 kilometrora. Azkenean, gero eta guraso gutxiagok aukeratu zuen A eredua, eta kito eredu hura”.

Eztabaidak izan arren, aurrera egin zuen euskarazko ereduak Kontxan. Maibe San Nicolas irakaslea oroit da: “B ereduan erabiltzen ziren ikuspegi eta metodologia berriek ere eragina izan zuten, eta gurasoak pozik zeuden egindako lanarekin. Prestakuntza saioak eta proiektuak egiten genituen, Segurako aterpetxera joaten hasi ginen, eta hurrengoan gurasoek bi ereduak aukeran izan zituztenean haurrak matrikulatzeko garaian, D ereduaren aldeko hautua egin zuten gehienek”.

Eskolak D eredura egin zuen, metodologia aldaketarekin batera. Maibe San Nicolasek dioenez, “ordu arte ez bezalako modeloak aztertu genituen, material egokiak sortzen hasi ginen, eta lan eta lan egin genuen. Baina gazteak ginen! Bereziki, gogo onez gogoratzen ditut Karrantzara goaz izeneko proiektua eta Segurako barnetegian egin genituen egonaldiak”.

Mari Kruz Pardo, gurasoa:
“Gurasoen artean ere baten batek umeak hartu eta eskola pribatura eraman zituen, hemendik 30 kilometrora. Azkenean, gero eta guraso gutxiagok aukeratu zuen A eredua, eta kito eredu hura”. Argazkia: Zaldi Ero.
Delia Negrete gogoan

Delia Negrete, Rosa Maria Garde, Maibe San Nicolas. Hiru izen, hainbat irakasleren artean. Mari Kruz Pardok azaldu digu: “Hiru horiek Karrantzan egin zuten lan, kasik beti. Delia bertakoa zen, Rosak 30 urte baino gehiago egin zituen hemen, eta Maibe, berriz, lanean da oraindik”. Horregatik izendatu zituzten hirurok. Maibe San Nicolasena da oharra: “Delia karrantzarra zen sortzez, euskara ikasi zuen eta izugarrizko lana egin zuen herrian zein eskolan euskararen alde. Saria jaso genuen egunean Olentzeroren irudia jarri zuten Deliaren omenez, herriko lehen olentzeroa atera zuten garaia gogoratzeko. Korrika txikia antolatzen bihotza jartzen zuen Deliak, eta Korrika Karrantzatik atera zen edizioan ere buru-belarri lan egin zuen. Eskolan, andereño eta ama izan zen aldi berean, eta oso argi izan zuen bere seme-alabentzat nahi zuena… Saria eman digute, baina uste dut egin beharrekoa egin genuela, gure gurasoek nirekin egin zutena. Ekitaldia, berriz, oso hunkigarria izan zen, askok negar egin genuen Delia gogoratuz. Hiru ikasle ohik egin zuten gure aurkezpena, eta benetan harro sentitu nintzen”. Jaio dira berriak, beste behin. Beti jaioko dira berriak.

Ondo egindakoa

Maibe San Nicolas: “Omenaldian, Deliaren seme Asierrek ere hartu zuen hitza, eta guri begietara begira eskerrak eman zizkigun. Ekitaldian parte hartu zuten beste zenbait ikasle ohik bezala. Eta zelan hitz egin zuten! Zelako maila ikasle ohi horiena! Han ziren ikasle guztiek goi mailako ikasketak egin dituzte, euskaraz. Zer edo zer ondo egin genuen Kontxan, beste batzuek beste eskola askotan bezala. Lana egin genuen, baina dena ez dago eginda: kalea landu behar dugu, euskara erabili. Orain, orduan ez bezala, gazteek badaukate aukera hori”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki... [+]


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Eguneraketa berriak daude