Jadav 'Molai' Payeng, zuhaitzak benetan landatzen zituen gizona

  • Berrogei urtean lortu du 550 hektareako oihana sortzea Indian Brahmaputra ibai bazterrean basamortu bihurtutako lurretan, higadurari eta desertifikazioari aurre egin dakiokeela erakusten duen eredu bilakatuz. Baina abere basatien kalteak nozitzen dituzten bizilagunei ere egin behar die aurre, eta zer esanik ez inguruan eraikitzen ari diren urtegi handi baten mehatxuari.


2017ko uztailaren 23an
Forest Man’ dokumentaletik ateratako fotograman, Jadav ‘Molai’ Payeng bere eskuz bizi osoan zehar landatu eta zaindutako basoa erakusten atzerritarrei. Assam estatuko etnietako bat osatzen duten Mising jendea Brahmaputra ibai bazterretan bizi da, ibaiak e
Forest Man’ dokumentaletik ateratako fotograman, Jadav ‘Molai’ Payeng bere eskuz bizi osoan zehar landatu eta zaindutako basoa erakusten atzerritarrei. Assam estatuko etnietako bat osatzen duten Mising jendea Brahmaputra ibai bazterretan bizi da, ibaiak eta batik bat erriberetako oihanek eskaintzen dizkieten landare eta animaliak aprobetxatuz. Nekazaritzaren kudeaketa okerrak eta klimaren aldaketak mehatxatutako ekosistema biziberritzea posible dela erakusten du Payengen ereduak.

Jean Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona liburuan Frantziako Proventzan Elzéard Bouffier artzain alargun familia gabeak –seme bakarra gazterik hil zitzaion– zibilizazioari ihes egin eta bakartasunean zuhaitzak ereitea erabakiko du, bere sorterria arbola faltaz hiltzen ari delakoan. Egunero ehun ezkur edo bestelako hazi ereingo du, horien hamarretik bakarra erneko dela jakinik, baina berrogei urtez segidan. Gionok kontatzen du nolako basamortua ezagutu zuen parajeotan eta nolako oihana topatu urte batzuk geroago, Lehen Mundu Gerrako guduetatik itzulitakoan: idorteak ihartutako parajea zuhaitzez beteta zegoen, iturri eta errekak, klase guztietako hegazti eta bestelako ehizak saldoan.

Irakurleari, gero, etsigarri zaio jakitea Elzéard Bouffier artzainik ez dela izan, Jean Gionok fikzioan sortu zuela eta hark ereindako oihanik Probentzan ez genuela sekula ikusiko. Parabolak ederrak direla jakin arren, benetan liluragarriak eredu biziak direla uste dugunontzako dator Indiako Forest Manen istorioa, egiazkoa, xumea eta uda honetarako iragartzen zaizkigun albiste katastrofikoen artean itxaropen izpi bat pizteko modukoa.

2007an Indiako Assam estatuko Prantik aldizkarian natur gaiak lantzen zituen Jitu Kalita kazetaria Brahmaputra ibaiko landare eta abereen argazkiak egiten zebilen, lekuko aitona batek esan zionean inguru hartan bazela oihan bereziki eder bat Aruna uhartean. Kalita biharamun goizean joan zen Molai izeneko baso hura ezagutu asmoz.

Oihanean dozena erdi bat kilometro barnatua zenean, gizon haserretu bat azaldu zitzaion handik alde egin zezala aginduz garrasika. Baserritar ezezagun hari etxeraino jarraituta, bere bizitzako erreportajearen protagonista ezagutuko zuen Kalitak: bere eskuz eta inoren laguntzarik gabe oihan berri bat sortzeko gai izan den Jadav Molai Payeng.

Brahmaputra ibaiko Majuli uhartean, jendeak gaur Molai oihana (Assameko hizkuntzan Mulai Kathoni) deitzen diona Jadav Payengek bere eskuz landatu eta zaindu du 38 urtez, 550 hektareako basoa osatu arte. Famatua egin da baso gabetzeak lehenik lehortu eta denborarekin desagertzera kondenatutako uhartean lurrari eustea lortu duelako eta berriro elefante, errinozero eta tigreen babesleku bihurtu delako. Jitu Kalitak ezagutarazi zuen Indian eta 2014an William Douglas McMaster zuzendari kanadarrak aurkeztu munduko zinemaldietan Forest Man” (Baso gizona) dokumentalarekin.

Mising edo Miris etniakoa da Ipar-ekialdeko Indiako Assam estatuan diren herrietan bigarren handienekoa. 1979an Nekazaritza ministerioak kontratatu zuen beste baserritar asko bezala Majuli uharte handian eta ondoko txikiagoetan 200 hektarea baso landatzeko. Brahmaputra ibaian ainguratua, Majuli da munduko ur gez arteko uharterik handiena. Oraindik 150.000 biztanle inguru dauzkan arren, gaur bere lur eremua apenas den duela ehun urtekoaren laurdena adinakoa, gainerakoa higaduraz Brahmaputrak eraman dio. 1979ko baso berritze planak hori eragozteko ziren, baina bost urte geroago diruak ahituta lanak eten ziren.

Payengek, ordea, lan bila hirira joan ordez herrian baserritar geratu eta landaketan jarraitzea erabaki zuen. Hala egin du ia berrogei urtez. 1958an sortua, Sanctuary Asia aldizkarian Shailendra Yashwantek kontatu duenez “itxaropenik gabeko erromantiko eta iraultzaile ameslaria da, Assameko 80ko hamarkadako beste asko bezala. Baina gehienek klase askotako iraultza armatuak hautatu zituzten bitartean, Payengek erabaki zuen klase askotako zuhaitzak landatzea. [Iraultza]Haiek pixkanaka desagertuz doaz airean, baina Payengen oihanak zutik dirau, Brahmaputra gogorraren urteroko uholdeei eta eten gabeko higadurari aurre eragiten”.

Brahmaputra ibarreko oihanetan

Binita emaztearekin eta Sanjay, Sanjiv eta Moonmooni seme-alabekin batera, 50 behi eta bufalo hazten dituzte Kokilamukh herrixkan, inguratzen dituen basoan bazkatuz. Segitzen dute bizitzen Mising jendearen betiko legean, Brahmaputra bazterreko oihanak eskaintzen diena erabiliz, uholdeek urtero eramandakoa berreraikiz. Urte hauetan guztiotan, goizean goiz jaiki eta aziendei jetzitako esnea entregatu diote Jorhat hiriburura eramaten duen esnezaleari. Gosariaren ondoren emaztea etxeko lanetan utzi eta haurrak eskolara bidalita, Jadavek ekiten zion arbola berriak landatu eta ereiteari.

Assam estatuan Brahmaputra ibaiak urtero egiten du gainezka, baina 1979ko uholde hura bereziki izan omen zen larria. Uholdea eta ondoren lehortea, orduan oso gaztea zen Payengek izututa aurkitu zituen zientoka suge erreka bazterretako hondarretan hilda. Herriko zaharrei galdetu zien zer egin zezakeen sugeak hil ez zitezen (“sugeak hiltzen baldin badira, azkenean gu ere hilko gara”) eta zaharrek gomendatu banbu kanaberak landatzea, lurrari eutsi eta ingurua heze mantentzeko gai den belar luzea.

Haiek emandako 50 kanabera sustraiak landatuta, gehiago landatzen jarraitu zuen, eta gero gehiago, gelditu gabe, inoren laguntza barik. Laster ohartu zen inguru haiek lehengoratzeko banbuek zerbitzu ona egiten zutela, eta horiekin batera gero eta mota gehiagoko zuhaitzak landatzen hasi zen. Horra nola sortu zen Molairen basoa, Lasarte-Oriako udalerriak adinako eremua hartu duena.

Basoak animaliak erakarri ditu, eta buruhauste berriren bat ere bai. Aspaldiko partez, antzina egiten zuten legez, 2008an elefante talde batek zeharkatu zuen Kokilamukh, milaka urtetako migrazio bidea ostera erabiliz. Payengi etxe zaharra zanpatu zioten, baina honek naturaren itzulera kiroltasunez hartu zuen moduan inguruko herritarrak izugarri haserretu ziren beren soroak hondatuta ikusita: urte luzez zaindutako arbolen hamarretik bat eraitsi edo erre zioten. Zorionez, ordurako Payeng ezaguna zen Indian, ekologia eta iraunkortasuna ahotan darabiltzaten agintariek sariak ere emanak zizkioten, eta bere lagunek lortu zuten inguruko baserritarrak baretzea elefanteek eragindako kalteen ordainak pagatuz.

Payengi loa orain Subansirin eraikitzen ari diren urtegiak kentzen dio, Brahmaputraren adar horren inguruko ekosistemak aldatuko dituelako. Baina zuhaitzak landatzen jarraitzen du, orain gainera mundu osotik iritsitako diruei esker lau laguntzailerekin: “Natura ez da Jainkoa bera baizik, beste itxura bat hartuta. Horregatik jarraituko dut. (...) Gautam Buddhak argia baniano arbola baten gerizpean jaso baldin bazuen, ez ote da gure erantzukizuna oihanak zaintzea?".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aztarna ekologikoa
Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Andreu Escrivà: “Kapitalismoaren jasangarritasunak gaur egungo egoera mantendu nahi du, eta sostengaezina da”

El Salto-k Andreu Escrivá ikerlari eta ingurumen-adituari elkarrizketatu du, bere azken liburuaren harira, "Contra la sostenibilidad". Bertan, kapitalismo berdeak bere burua indartzeko erabiltzen dituen estrategiak azaldu ditu, eta nola jasangarritasunaren ideia... [+]


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Eguneraketa berriak daude