"Gu gara gure bizitzetako protagonistak"

  • “Ikusezinak izan gara orain arte: ikusezinak legeetan, beste emakumeentzat, mugimendu feministarentzat. Zorionez, azken urteetan egiten ari garen lanari esker, ikusgarriak bihurtu gara“. Fekoor-eko (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) Bilboko egoitzan izan gara Mari Carmen Azcona Domínguez, Rosalía Cuadrado Pascual eta Marian Andrés Acharekin.

Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea “Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala”; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, “be
Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea “Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala”; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, “bere obra ospetsua desgaitasun propioan oinarrituz”. Argazkian ezkerretik eskuinera: Mari Carmen Azcona, Rosalía Cuadrado eta Marian Andrés. Argazkia: Aritz Loiola.

Fekoor irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen 20 elkarte nagusiak biltzen ditu eta 8.000 pertsonatik gora ditu atxikita.

2002. urtetik emakumeen batzordea sortu zuten Fekoor-en. Zer dela-eta iruditu zitzaien beharrezkoa elkarteko emakume batzuei batzordea sortzea? Aniztasun funtzionala duten gizonezkoen egoera berean al daude?

Emakumeen batzordea

1979. urtetik, Fekoor sortu zenetik, aniztasun funtzionala duten pertsonen problematika orokorra landu dute erakundean, besteak beste, egunerokoan aurrera egiteko topatzen dituzten oztopoak, hezkuntzarako duten eskubidea eta integrazioa. Baina 2002. urtera arte, ez zituzten aniztasun funtzionala duten emakumeek emakume izate hutsagatik bizi dituzten oztopoak lantzen. Hori dela eta, batzordearen lehen helburua aniztasun funtzionala duten emakumeak bertaratu, elkartu eta beren interesekoak diren gaiez hitz egiteko espazioa sortzea izan zen, hau da, tabua zen (eta oraindik hala den) sexualitateaz hitz egiteko, ama izatearen nahiaz, lan munduaz, eta abar. “Sorreran denak boluntarioak ginen, gaur egun berdintasun teknikari baten babesa dugu”; beharrezkoa dela diote. Batzordean kide gutxiago dira gaur egun, sei inguru, nahiz eta hiru diren era aktiboan parte hartzen dutenak. Emakumeek etxean karga asko dituzte, hori dela eta, askok ezin izaten dute batzordeko bileretara joan edota ez dute beren burua prest ikusten, horretan formaziorik ez dutelako. Hala ere, “guk beti esaten dugu inor ez dela jakinda jaiotzen, gu ere denborarekin formatzen joango gara, antolatu ditugun ikastaroen bidez. Beraz, parte hartzera animatzen ditugu aukera dugun bakoitzean”.

Argazkia: Aritz Loiola.
Arima errebeldeak

Aniztasun funtzionala duten emakumezkoek botila ezezkoez beteta dute, gizonezkoek, aldiz, bide errazagoa dute. Orokorrean, ikasketak burutzeko, lana aurkitzeko, bikotekidea izateko, ama izateko dituzten oztopoez gain, beren familien babes falta dute halako gaiez hitz egiten dutenean. Aniztasun funtzionala duten gizonezkoak kalera ateratzera, lana eta bikotekidea bilatzera –gurasoak falta direnean norbait izan beharko dute-eta zaintzeko– bultzatzen dituzten bezala, emakumezkoekin kontrakoa gertatzen da. “Nik Psikologiako lizentziatura egitea erabaki nuen. Oztopo ugari topatu nituen erabaki hori hartu nuenetik, baina traba gehienak arkitektonikoak izan ziren; bai unibertsitatean baita bertara iristeko erabili behar nituen garraio publikoetan ere. Eskailera ugari zeuden metroan eta unibertsitatean, eta klaseetara jendearen elkartasunari esker iristen nintzen”. Hala ere, batzordeko kideek azpimarratzen dute topatu dituzten oztopo arkitektonikoez gain, aldatzeko zailenak direnak oztopo mentalak direla. “Munduaren aurka altxa garen arima errebeldeak gara”; horri esker eguneroko trabak gainditu dituzte.

Ez da erraza egunerokoan bizi behar izaten dutena eta emakume asko etxean daude oraindik, ordaindu eta baloratzen ez diren zainketa lanak egiten, beren ametsak errealitate bihurtzeko aukerarik izan gabe. Hori dela eta, beren esperientziak zabalduz, etxeetan dauden emakume horiek ikastera, lanera, kalera ateratzera bultzatu nahi dituzte: “Nik ahal badut, zuk ere ahal duzu”, diote. Sororitatea bultzatu nahi dute aniztasun funtzionala duten emakumeen artean, elkarren arteko babesarekin errazagoa baita aurrerapausoak ematea.

Aniztasun funtzionala dutenak familian zaintza lanak egiteko gai dira eta askok horretan igarotzen dute bizitza, baina beren seme-alabak zaintzeko gai diren zalantzan jartzen da
Amatasun urratua

Emakumeek ama izateko edo ez izateko duten eskubideaz edonork hitz egin dezakeela dirudi, baina aniztasun funtzionala duten emakumeei ama izateko duten eskubidea urratu egiten zaie, zuzenean. “Eskubide bera dugu, baina guri beste emakumeei baino gehiago jartzen zaigu zalantzan. Ama izatea erabakitzen duenak probak egiten ditu lehenago, berak duena genetikoa ez dela ziurtatzeko. Gaia serioski hartzen dugu. Baina aniztasun funtzionala izan eta ama izatea erabakitzen duten emakumeak epaituak sentitzen dira mediku zita bakoitzean, etxekoen artean, lagunen artean. Oso gogorra da”, salatu dute. Jendartean dagoen moral bikoitzak min handia egiten die aniztasun funtzionala duten eta ama izan nahi duten emakumeei: familian zaintza lanak egiteko gai dira eta horretan igarotzen dute askok beren bizitza, baina beren seme edo alaba zaintzeko gai diren zalantzan jartzen da. “Inkoherentzia hutsa” dela diote.

Tailerrak, emakumeak beraiek jabekuntza prozesua egiteko

Komunikabideetan euretaz hitz egiteak duen garrantzia azpimarratu dute, beren egoera normalizatu eta jendarteak egoera osotasunean uler dezan, beren gaitasunak gutxietsi gabe. Esaten ez dena ez da existitzen, ikusten ez dena ere ez. Hori dela eta, hizkuntza inklusibo kontzientea erabiltzea ezinbestekoa dela diote. Hau da, hizkuntza inklusiboa erabiltzen bada komunikabideetan, baina idazten den izenburuan aniztasun funtzionala izateari askoz garrantzi gehiago ematen baldin bazaio, berez esaten denari baino, ikuspegi inklusiboa galtzen du.

Argazkia: Aritz Loiola.

Hizkuntzaz harago, aniztasun funtzionala duten emakume askori kosta egiten zaie euren buruak emakume bezala ulertzea, ingurukoek beren “desgaitasuna” soilik ikusten baitute. “Jabekuntza soziala eta norbanakoarena ezinbestekoa dira egoera hori aldatzeko. Emakume bezala ez bazara eragile aktibo, zaila izango da zure ingurukoak izatea. Egin behar dugun lehen aldaketa geuregan hasten da”. Jabekuntza tailer eta ekintza aldarrikatzaileen bidez lortu dute beren ingurukoak ere eragile aktibo bilakatzea. “Kalean dagoena ikusten da, beraz guk kaleak okupatu behar ditugu, horrela soilik lortuko dugu aldaketa”, ziurtatu dute.

Aldarrikapen horien baitan dago aniztasun funtzionala duten emakumeak ikusaraztea. Gizonezkoak dira ditugun erreferenteak gai guztietan: historian, biologian, artean, politikan, ekonomian... Azken urteetan emakume erreferenteak biltzeko lan eta ikerketak bultzatu diren arren, aniztasun funtzionala duten emakumeak ikusarazten dituen bilduma edo lan zehatzik ez da argitaratu.

Fekoor-eko emakumeen batzordeak urriaren 17an, Emakundek antolatu duen Berdintasunerako gunean, Areatzan egongo den autobusean, aniztasun funtzionala duten emakume ospetsu eta ez ospetsuen inguruko erakusketa aurkeztuko dute. Batzordeko kideek ziurtatu dute aniztasun funtzionala azpimarratzea ez dela helburua, emakume horien lorpenak ezagutaraztea baizik, baina onartzen dute egoera eta espazio batzuetan aniztasun funtzionala dutela azpimarratzea garrantzitsua dela. Jadanik jabekuntza prozesua hasi dutenek eta oraindik ez dutenek ere halako erreferenteen beharra dute: “Berak lortu badu, nik ere lor dezaket” esatera bultzatzen baitu erreferenteak izateak eta ekintzara bideratzen baititu biktimismoan murgilduta dauden emakumeak. Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea “Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala”; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, “bere obra ospetsua desgaitasun propioan oinarrituz”. Aniztasun funtzionala duten emakume ezagun asko daude, baina ez da beren “desgaitasunaren” berri ematen.

Ikusgarritasuna behar da normalizaziorako eta lan horretan murgilduta daude Fekoor-eko emakumeen batzordeko kideak. “Ezer ez guretzat, gu gabe” da beren leloa. Pertsona bakoitzak bere bizitzako erabakiak hartzeko askatasuna izan behar du eta bere bizitzako protagonista izateko eskubidea du. “Pertsonak bere aniztasun guztiekin onartzen ditugun unean inklusioa errealitate bilakatuko da” eta horretarako aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonen arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi dute.

“Aniztasun funtzionala” terminoa hobetsia

Azken urteetan, hainbat hitz erabili izan da aniztasun funtzionala duten pertsonak izendatzeko: desgaitu, minusbaliatu, elbarri, ezindu, eta abar. Legeetan oraindik “aniztasun funtzional” esamoldea txertatu ez den arren, beste edozein eremutan azken hori erabiltzea gomendatzen dute, “azken finean, denak gara anitzak eta kontzeptu horrek bizitza mota independentea islatzen du, Fekoor-ek bultzatzen duena, hain zuzen ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aniztasun funtzionala
Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Gorputz hotsak
"Ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea"

Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro... [+]


Lan publikoko deialdietan adimen desgaitasuna duten pertsonak kontuan hartzeko eskatu dute

Enplegu publikoko plazen %2 adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gorde behar den arren, sarri ez da betetzen, eta oposizioak deitzerakoan aintzat har ditzatela eskatu dute: "Funtsezkoa da, konturatu gaitezen gizarte hau denona dela, ez gutxi batzuena".


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
"Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi"

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Eguneraketa berriak daude