Autonostalgia ariketa

  • Kargak & Deskargak ikuskizun ibiltariaren azken saioaren kronika. Bilbon, abuztuaren 22an.
    Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala eta Rafa Rueda.


2017ko irailaren 03an
Argazkia: Dabi Piedra

Josu Zabala musikaria eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak lehendik ere ikusiak genituen oholtzan elkarrekin, 7 Eskale eta Gu Ta Gutarrak taldeen garaian. Uda honetan abiatu duten proiektuan bi fitxaketa egin dituzte: Rafa Rueda eta kartoizko kutxa misteriotsu bat. Herriz herri kutxa hori eramateko aitzakiarekin, Kargak & Deskargak ikuskizunaz gozatzeko aukera eman diote Baionako, Gasteizko, Ondarroako, Lizarrako eta Bilboko publikoari. Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusia izan zuten azken geldialdia. Kalez kaleko ibilbidean, adin guztietako entzuleak izan zituzten lagun.

Bi bertsolari tartean egonik, bat-batekotasunik ez zuen falta izan ikuskizunak. Eszenaratzeak ere inprobisatuaren tankera hartu zuen askotan, baina itxura hutsa baino ez da hori, ondo pentsatua eta landua da Kargak & Deskargak. Bestela, ezinezkoa izango zen ia hiru orduz jendea adi-adi segika izatea. Lau protagonistek bikain zukutu zuten beren ibilbide luzean ikasitako guztia eta publikoarekin konektatzen asmatu zuten.

Lehenengo geldialdia Santiago katedralaren plazan egin zuen laukoteak. Han erdian jarri zuten bosgarren protagonista, kartoizko kaxa, Lizarrako saioan batutako opari misteriotsuz betea. Giroa berotzeko, Sweet home Alabama doinuarekin kantari hasi ziren Elortza eta Iturriaga, eta doinu hain amerikar hori koplatarako egokia dela erakutsi zuten. Bertsotan maiz aritu ziren, gai ugari ahotan hartuta: Aste Nagusiko ospakizunak, Marijaia, Hontzak konpartsan ertzainak sartu zirenekoa, adar-jotzeak... Kargak & Deskargak beraientzat zer izan zen azaltzeko tartea ere hartu zuten, Bilbokoa azken saioa zela jakinik. “Kargak eta Deskargak, hiltzekotan inon; Aste Nagusian hil, nahi genuen Bilbon”, biribildu zuen bertsoa Elortzak.

Josu Zabala eta Rafa Rueda ez zeuden, ordea, bertsoei musika jartzeko soilik. Mungiarrak ikuskizun honetarako propio sortutako abestia jo zuen eta Josu Zabalak iluntze hartako une gogoangarrietako bat utzi zigun: Areatzako zubipeko estuasunean jauzika eta dantzan jarri zuen jendea, Hertzainak taldearen kontzertuen garaira bueltatu bagina bezala. Pixkanaka, tonu nostalgikoa hartzen ere hasi zen ikuskizuna, baina gaurkotasunari begirik kendu gabe. Bunker itxurako eszenatoki inprobisatu hartan “Bilboko euskaldunen babeslekua” ikusi zuen Iturriagak.

Algara konpartsaren txosnan izan zuen errematea iluntze hartako zitak, doinu zahar eta bertso berrien artean. Geroxeago Bilboko zerua argitu zuten su artifizialek bezala, azken traka bukaeran izan zuen ikuskizunak. “Autonostalgiko” jartzeko baimena eskatu zuen Elortzak eta publikoak gustura hartu zuen proposamena. Euskal kantutegiko abesti ezagunetako esaldiekin kopla berriak josi zituzten, konposizio eder bezain harrigarria izan zen.

Ariketa autonostalgikoak goia jo zuen Gora Gu Ta Gutarrak abestiaren bertsio gaurkotuarekin, Xanpe bateria jolearen parte-hartze eta guzti. Lizarratik ekarritako kutxa ere ireki zuten behingoan: Ardoa, liburua eta Lizarrako jaietako zapia, horiek ere eman zuten adar jotzerako aukera. Kargak & Deskargak bukatu da, baina asmoa, behintzat, betetzat jo zuen Elortzak: “Ondo pasatzea baino, ez genuen helburu; eta lortu dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude