"Naturarekin dugun harreman mota gizarteko harremanen isla da"

  • Ekologia sozialean aditua, bere aita Murray Bookchin ekologia sozialaren aitzindariaren The Next Revolution liburua argitaratu du. Kazetari lanetan ere ibilia, Bernie Sanders AEBetako politikariaren prentsa arduraduna izan da hiru urtez. Urrian Bilbon egindako Ekologia Sozialaren eta Udalgintza Libertarioaren II. jardunaldietan parte hartu zuen.

“Boterea beti egongo dela ulertu behar dugu, gakoa da nork edukiko duen. Botere guztia hartzen duen eredu sobietikoaren eta botere orori  uko egiten dion eredu anarkistaren artean bada hirugarren aukera bat: Rojavan (Kurdistan), Chiapasen eta beste udalgi
“Boterea beti egongo dela ulertu behar dugu, gakoa da nork edukiko duen. Botere guztia hartzen duen eredu sobietikoaren eta botere orori uko egiten dion eredu anarkistaren artean bada hirugarren aukera bat: Rojavan (Kurdistan), Chiapasen eta beste udalgintza mugimendu erradikal batzuetan gertatzen ari dena”. (Arg.: Aritz Loiola)

Murray Bookchinek, zure aitak, instituzioen eta ingurumenaren krisiaz hitz egin zuen 80ko hamarkadan. Nola eboluzionatu du krisi horrek?

Okerrera. Neoliberalismoa denera zabaldu da, eta demokraziaren krisia ere bizi dugu, osagaiz osagai desagertzen ari da. Konfiantza galera horrek oinarrizko arrazoi bat du: instituzio horiek ez dituzte jendearen beharrizanak asetzen. Birmoldatu behar ditugu, baina horretarako ez da nahikoa politikari aurrerakoiak bozkatzea: estatu mailako instituzioen boterea maila lokalera ekarri behar dugu. Komunitateek kontrolatu behar dituzte beren erabakiak, batzar eta aurrez aurreko elkarrizketen bidez. Bestalde, ingurumena sufritzen ari da, guk ustiatu dezakegun zerbait bezala tratatzen dugun heinean. Nire aitak atera zuen ondorioetako bat zen ezin dugula ingurumen krisia konpondu harreman sozialen krisia konpondu gabe, menperatze eta hierarkia harremanak gainditu gabe.

Nola lotzen dira bi krisi horiek?

Ingurumen krisiaren arrazoia kapitalismoaren hazi-ala-hil etika da; baliabideak ustiatzen, ekoizten eta kontsumitzen jarraitu behar du. Estatuak kapitalismoa sostengatzeko existitzen dira, eta estatuek bermatzen dute jendeak bere ideiak adierazteko ahalmen gutxi edukitzea. Hautetsontziak jendea ahaldundu dadin ekiditeko oztopo gaindiezinak dira.

Natura gizakiarentzat eredu dela diozue.

Eredu ekologikoa gizarte eredu egokia litzakeela zioen nire aitak. Sistema ekologikoak egonkorragoak dira aniztasuna dutenean, osagarritasun-harremanek osatzen dituztenean. Gizakien sistemetarako ere egokia da eredu hori, hobeto funtzionatzen dute. Aniztasunean batasuna: jendearen askotariko dohain eta beharrak elkarrekin jokatzen hasten direnean oreka sortzen da.

Printzipio horiek gizartera eramatea proposatzen duzue. Nola?

Politika garden eta ez hierarkikoak garatu behar ditugu, eta printzipio horiek ere ekologiatik datoz. Gizartearen paradigmak ezin du izan ekonomikoa. Zein da gizakiaren ondasun nagusia? Ziur ez dela ustiaketa edo neurrigabeko garapena. Askatasuna eta sormena bultzatzen dituen gizartea behar dugu. Esaterako, jendeak lehoia izan du naturako izaki nagusitzat, gizakien hierarkiaren errepresentazioa egiten ari da, hierarkia naturalizatzen ari da, eta naturan ez dago hierarkiarik. Dena elkarrekin konektatuta dago ekosistema osasuntsuetan, eta gizartean ere hierarkia eta menperatzeak alboratu behar ditugu.

Zein lotura eduki behar du gizakiak naturarekin?

Naturarekiko harremana eraldatzeko guztiz berrantolatu behar dugu gizartea. Egun naturarekin dugun harreman mota gure gizarteko harremanen isla besterik ez da. Nire aitak ekologia oinarri politiko gisa aldarrikatzen zuenean, ez zen mugatzen baso baten mozketaren edo kutsaduraren kontra protestatzera; inguruarekin dugun harremana kapitalismoak zeharkatzen du alderik alde. Berdintasunez jokatu behar dugula aldarrikatuz, ingurumenarekin ere berdintasunez jokatu behar dugula aldarrikatu zuen.

Zein ekonomia edo teknologia mota proposatzen duzue?

Ez dut uste teknologiak bere horretan balio onik edo txarrik daukanik, gizakiak modu on batean edo txar batean erabil dezake. Zertarako erabiliko dugu teknologia, natura eta gizakiak ustiatzeko ala gure bizitzak hobetzeko? Bestalde, ezinbestekoa da ekonomia morala, lurraren eta energiaren erabilera ekologikoan oinarritutakoa. Baina ekonomia hori lortzeko gizarte morala eduki behar da, eta horretarako ezinbestekoa da pertsonak bere komunitateko erabakietan parte-hartzaile aktiboak izatea. Ekonomia mota hori ezinbestekoa da udalgintza edo komunagintza libertarioan.

Gizarte antolaketa eredu zehatz bat proposatzen duzue?

Boterea beti egongo dela ulertu behar dugu, baina gakoa da botere hori nork edukiko duen. Goi-mandatarien bulegoetan egongo da boterea, nahiz eta haiek esan aurrerakoiak direla? Erantzun bakarra da boterea berriz ere maila lokalera ekartzea. Botere guztia hartzen duen eredu sobietikoaren eta botere orori uko egiten dion eredu anarkistaren artean bada hirugarren aukera bat. Hori da Rojavan (Kurdistan), Chiapasen eta beste udalgintza mugimendu erradikal batzuetan gertatzen ari dena. Maila lokaleko proiektuak abiaraziz jendeak beren bizitzen gaineko boterea eskuratzen du. Ezinbestekoa da etorkizun demokratikoago bat nahi badugu.

Ba al duzu antolaketa mota hori erabiltzen duen adibide zehatzik?

Zirraragarria izan da Rojavan nire aitaren ideiak indarrean jarri dituztela ikustea. Abdullah Öçalanek gidatuta garatu dute politika hori, eta aitak eragin handia eduki zuen harengan. Konfederalismo demokratiko deitu duten ideologiaren barruan, auzo, herri eta komunitate bakoitzak bere gobernua aukeratzen du, eta horiek federatuz eskualdeko gobernua osatzen dute; federatzea oso garrantzitsua izan zen nire aitarentzat, ez daitezen herri isolatu bilakatu. Bilkura horietan erabaki ekonomikoak ere hartzen dituzte, proiektu hau martxan jarri edo baliabide horiek erabili, ekonomia pertsonen beharren zerbitzura jarriz. Horixe da ekonomia morala.

Aitaren memoria

“Ekologia sozialean murgildu nintzen jaio nintzenetik. Gurasoak oso aktiboak eta erradikalak ziren politikoki. Ideia truke sutsuak izaten ziren nire etxean, beraz bizitza osoan inguratu naute ekologia sozialaren ideiek. Nire aita duela hamaika urte hil zen, ni kazetaria nintzenean, eta pentsatu nuen garrantzitsuagoa zela haren ideiak zabaltzen jarraitzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude