"Gaitzitzen nauten norberekeria eta arrazismoa daude Frantziako gay komunitatean"

  • Isilpean atxikiriko historia argira ekartzeko balio ukan du 120 battements par minutes (120 taupada minutuko) filmak Cannesko Urrezko Palmorria irabazi izanak. 80ko hamarkada bukaeratik aitzina hiesaren aurka eramandako borroka du hari nagusi. Jendartearen eta agintarien ezaxolakeria irauli duen militante horietariko bat dugu Didier Lestrade, Parisko Act Up-en lehen lehendakaria izandakoa.

Argazkia: Aurore Lucas
Argazkia: Aurore Lucas
Didier Lestrade (Burdeau, Aljeria, 1958)

Hiesaren kontrako borrokaren aurpegi ezaguna da. 1986 urteaz geroz seropositibo, Act Up New York-en hasieran parte hartu eta bi lagunekin Parisko taldea osatu zuen bi urtera, 1989an. LGBT komunitatearen aldeko militante sutsua ere bada. Ogibidez kazetaria. Têtu aldizkaria sortu zuen 1995ean, Minorité aldizkariaren erredaktoreburu izan zen 2009tik 2014ra eta hainbat komunikabidetan kolaboratzen du. Hainbat liburu ditu argitaraturik.

New Yorken sortzen da Act Up 1987an. Bi urte geroago sortu zenuten Pariskoa.

Hamabost bat ginen elkartearen sorreran. AEBetako etsenpluan oinarritzen ginen; hain ziren handiak non eta astero haien dokumentuak mundu mailako beste taldeei bidaltzen zizkieten. Sekulako informazio eta inspirazio iturri izan ziren. Lehen urtea oso gogorra izan zen: ez genuen esperientziarik, bakar-bakarrik moldatu behar genuen, dirurik ez genuen, egoitzarik ere ez, dena nire etxean egiten genuen. Hortik bi urtera, beti hor ginela ikustearekin, gurekiko ikuspegia aldatzen hasi zen.

Ezezaguna zen birusa ulertzea zenuten lehen eginkizuna.

Medikuntza komisioa izan zen sortu genuen lehena. Autoformatu ginen, pertsona batez ala biz aparte, inork ez zuelako jakintzarik arlo horretan. Konprenitua jendarteratzen genuen. Baina ez genuen beti ulertzen, oso konplexua zen eta artetan ulertuarena ere egiten genuen.

Konplexua eta gogorra.

Ez zen erraza izan baina hauturik ez genuen. Medikuen partetik heltzen zitzaigun informazioa osatzeko ardura genuen, garaian gutxi zekitelako eta kontra-txosten medikalak ezinbestekoak zirelako. Eri garenean gogorra da ikustea nola barnetik jaten gaituen eritasunak. Alde basati bat du medikuntzak eta alde horri aurre egiteko prest ginenak oso gutxi ginen.

Ekintza guneak izan ziren laborategiak.

Arlo honetan genuelako behar gorria. Ez genekien batere nola funtzionatzen zuen farmazeutika industriak, beraz, kasik itsuki jotzen genituen. Geneukan adibide bakarra zen AEBetako Act Up-ek Burroughs-Wellcome laborategiaren aurkako ekintza baten eraginez AZT sendagaiaren prezioa %10 jaitsi zela. Ikusten genuen ekintza soil bati esker garestiegia zen botikaren prezioa apaltzen ahal genuela. Haiekin genituen bilerak ere ongi prestatzen genituen, dena egiten genuen haien ezegonkortzeko. Adeitsu izateko politikan zirenez, adeigabe izateko aukera genuen. Maritxua izatea, marizoro aldea exajeratzea... Ez ziren ohituak eta genituen armak erabiltzen genituen.

Maritxuak eta punkiak. Halabeharrez, medikuntzaren unibertso hetsi eta hertsi horretan kausitu zineten.

Medikuntza-ikerkuntza gaixorik gabe ezin daitekeela burutu genuen printzipiotzat. Eriok genuen sendagailuaren efektuei buruz informatuko. Industria babesten zuten paretak hausten lortu genuen eta informazio batzuk ematen hasi ziren. Apur bat eman eta guk sistematikoki gehiago eskatzen genuen. Galdetutakoa ez baziguten ematen, ekintza bat burutzen genuen. 1992 urtea arte iraun zuen, Bristol-Myers Squibb laborategia izan zen lehena elkarteekin lan egin behar zutela ulertu zuena. Entzuten eta ulertzen gintuen laborategi baten parean kausitzen ginen lehen aldikoz. “Bristol-Myers Squibbek egiten badu zergatik ez zuek?” galdera luzatu genien beste laborategiei.

Argazkia: Aurore Lucas.

Bazter utziak izatetik partaide izatera pasa zineten.

Hainbat elkarteren artean osatu taldea muntatu genuen eta laborategiekin biltzen hasi ginen. Hitz eta joera ezberdineko elkarteek osatu koalizio baten parean zirela, bortxaz, botere pixka bat utzi behar zuten. 1994 urtetik aitzina, ordezkari bakar bat ala bi ukan beharrean, zazpinaka zetozen bileretara! Aktibista eta laborategien arteko harremanen aldaketa begi-bistakoa zen. AEBetako eta Frantziako aktibistek piztu suaren artean kokaturiko multinazionalak zirenez, han eta hemen estrategia bera ukan behar zuten.

Azkenean, harreman onak ukaiteraino.

Haien produktuen promozioa egiten genuela ulertu zutenean hobetu ziren harremanak. Haien suntsitzeko burutzen genituen ekintzak eta alta, ekintza orok haien burtsako akzioaren balioa emendatzen zuen. Ezin sinetsia zen. Baina guk, ikerkuntza eta komertzializazioaren arteko tarte hori laburtzea genuen helburu; horri esker bizi anitz salbatzea lortu genuen.

Laborategiak, Estatua eta Eliza. Ez zenituzten jomuga txikiak.

Hastapen batean botere erraldoi horiei atakatzearen ideiak berak iltzatzen gintuen, baina laster ohartu ginen atsegingarri ere izan zitekeela. Plazera ere bazen. Gure txikitasunaren parean hain ziren jomuga erraldoiak non eta nahi genuena egiten ahal genuen. Boterea haien aldean zuten, baina guk beldurra genuen eta horrek ondorioztatu zituen aitzinamenduak.

“Seropositibook medikuntza-ikerketa gaixorik gabe ezin zitekeela burutu genuen printzipiotzat”

Plazera ere kausitzen zenuten.

Hitz egiteaz gain, jotzeko ahala genuen, aldi berean hitz egin eta jo genezakeen. Seropositibo garenean, botererik eta ahotsik gabe garenean, hau da, eritasunaren eta jendartearen parean gerizarik gabe garenean, gozagarri da konturatzea indar bat daukagula eta jomuga ahultzeko erabili dezakegula.

Eritasunaz eta heriotzaz inguraturik, jendartearen ezaxola giroan, nola lortzen zenuten esperantza atxikitzen?

Act Up-en ekintzak ezagunak dira, baina ez barne-giroari zuzendu garrantzia. Beldurra nagusi zen gure baitan eta kohesioa zein laguntasuna ezinbestekoak genituen aitzina egiteko. Noski, banakotasuna bazegoen baina kolektiboa zen inportantea, aukeraturiko familia-ren ideia indartsua zen. Hala ere, gatazka handiak bagenituen. Nire testu gaiztoena elkartea utzi nuenean idatzi nuen; barnekoa atera behar nuen.

Seropositibo identitatea ere landu zenuten.   

Homosexualitatearen eta hiesaren arteko lotura ez zuten aipatu nahi beste elkarteek, zioten ez zela lehen lerroan jarri behar. Gay Harrotasunean ere ez gintuzten begi onez ikusten. Guk ez genuen berdin pentsatzen. Are urrunago, seropositibo identitatea bazegoela genioen eta garatzeko hautua egin genuen. Garatu ezean jendeak konplexu gisa biziko zuelako. Balioa eman genion seropositibo izateari, identitate hori ohoratu genuen. Ados gara ez dagoela harro izaterik, baina hain zen diskriminazioaren eta beldurraren sinbolo non eta harrotasunez aldarrikatzea zen gelditzen zitzaigun aukera bakarra.

Argazkia ‘120 battements par minute’ filmeko fotograma da. Filma 90eko hamarkadan hiesaren aurka borrokatzeko sortutako Act Up mugimenduaz da. Frantziak Oscarretara aurkezteko aukeratu du.

Lesbianek Act Up-en ukan rola ere nabarmentzekoa da.

Lesbianen engaiamendua sekulakoa izan zen hasieratik, Act Up barruan zementu izan dira lesbianak. San Franciscon, hastapeneko momentu gogorrenetan, 1981ean, lesbianak izan ziren odola ematen lehenak. Geroago, 1994tik aitzina etorri ziren heterosexualak. Orduan hartu zuen abiada Act Up-ek, indar koalizio izateaz gain genero koalizio ere bihurtu ginelako. Komunitate bakoitzak bere etika eta kultura ekartzen zion taldeari. Heterosexualez trufatzen ginen, zintzoki bazen ere, nonbait iragatze erritua pasa behar zuten. Heterosexual anitzek zioten Act Up-en baitan gayekiko subordinazio egoeran zirela.

Eraman duzuen borroka isilean atxikia izan da.

Militante horien historia kontatzea izan da Robin Campillo eta Philippe Mangeot 120 battements par minute filmaren gidoilarien helburuetariko bat. Historiaren orri hau nahitara ahantzirik edota desitxuraturik zela ikusteak min egiten zien. Urteak pasa dira eta Act Up-ez hitz egin eta “oraino horretaz mintzo zira?!” zioen jendeak, oroitzapen hori irudikatzeagatik ia ahalke sentimendua sortu arte gure baitan. Arras ongi ulertzen dut garaiak aldatu direla eta beste gai batzuk daudela plazaren erdian, ni ere ez naiz beti Act Up-ez mintzo. Baina penagarria da ikustea nola ahanzturarekin zigortu nahi izan duten borroka hori. Noski, filmak hori zuzentzen du.

Militante batzuek ere ahantzi nahi izan zuten.

Tratamenduak agertu zirenean mugimendua lasaitu zen; jendeak aurrera egin nahi zuen, bizi pribatuari lotu nahi zuen. Urte luzetan bizi guztia Act Up-i zuzendu zioten. Alde zinez dramatikoa zuten gure ekintza zein diskurtsoek, une oro berri txarren plazaratzen ari ginen. Gure aurka itzuli zen, giro beltz horrek nekatu gintuen. Eskerrak barne giro goxoa genuela giro hori konpentsatzeko.

Gaur egungo Frantziako gay komunitateaz kritiko zara.

Gayak pribilegiatu bilakatu dira eta besteaz ez dira gehiago arduratzen. Adibiderik onena homosexualentzako ezkontza dugu. Lesbianei hitz emandako medikuntzaz lagunduriko haur sortzea bazterrera utziz irabazi genuen eskubide hori. Beste behin ere lesbianak sakrifikatu ditugu aitzina pauso bat lortzeko. Bestalde, zer gertatuko zaigu zahartzaroan seropositibo zaharroi? Biziki konplikatuak diren osagarri arazoak ditugu. Une honetan adibidez, hortzak erortzen zaizkit.

“Gure borrokaren abangoardia dira transexualak, eta ez 30 urtekoak 15ekoak baizik!”

Izaera politikorik gabekoa dela deitoratzen duzu.

LGBT komunitate bat badela badiogu, komunitate baten gisara jokatu behar dugu. Komunitate espiritua, ordea, ez doa azkar Frantzian, pribilegiatu gisa jokatzen dutelako gayek. Hiesari doakionez herri aberatsek lortutakoa herri pobreek lortu behar duten gisara, gayek lorturikoa eskuratu behar dute lesbiana zein transexualek ere. Ingalaterran edota Alemanian etorkinez arduratzen diren LGBT taldeak daude. Zergatik ez Frantzian? Gaitzitzen nauten norberekeria eta arrazismoa daude Frantziako gay komunitatean. Gaur egungo gayek larrua jo nahi dute, besterik ez. Ligatzeko aplikazioetan daude eta oso ongi dago, ni ere banago; baina berekoikerian gaude gehiegi, epidemia aitzineko berekoikeria berean. Pertsona ezagun anitzek coming out-a ez egitea berekoikeria honen beste alde bat da. Haientzat eta komunitatearentzat on den zerbait ezin badute egin, ez diet konfiantzarik.

Kritika horiek heterosexualentzat ere balio dute.

Egia da. Baina errango nuke gayak baino arras fiteago bestelakotu direla heterosexualak. Tolerantzia handiagoa dago eta uste dut hiesaren aurkako borrokaren emaitza ere badela, itxura edota klaseari so egiteari utzi eta elkar-laguntzari lotu zirelako. Gaur egun ia lehengokoaren alderantzizkoa naizela errango nuke. Lehen soilik gayekin sentitzen nintzen ongi, orain alderantzizkoa da, heterosexualekin hobeto sentitzen naiz. Beldurgarria da hori erratea! [irriz].

Homonazionalismoa gora doa.

Orokorki etorkinei begira dagoen joeraren aurpegi bat da. Batez ere besteen erlijioaren errefusaren isla da. Gai horrek mintzen nau zeren kolono seme naiz, arabiar herri batean sortu nintzen. “Haietaz interesatuko gara emakumeekiko eta gayekiko tolerante izango direnean” erratea joera oso inperialista da. Lehen erabat antiklerikala, erlijioen aurkakoa nintzen, baina aldatu behar nuela ulertu nuen 2001eko irailak 11 biharamunean. Erlijioa norberaren askatasunaren parte da. Ezin dugu pertsona bere erlijiora mugatu, bere sexualitatera mugatu ezin dugun bezala. Garrantzitsua da, baina ez da guztia.

Gutxiengoek ez dute erraza Frantzian.

Gutxiengo etnikoek ia apartheid soziala pairatzen dute. Gure iragan koloniala sekula konpondu ez izana da arrazoi nagusietariko bat. Frantziak barkamena luzatu behar lioke Aljeriari eta ukandako beste koloniei. Testuinguru horrek ezberdinari buruzko herra elikatzen du. Aniztasunari beldur dio gay zuriak. Paradoxikoki, 70eko hamarkadan harreman gehiago zegoen gay eta musulmanen artean. Geroz eta gehiago ari dira eskuina bozkatzen, baita Fronte Nazionala bozkatzen ere. FN-k homosexualak xarmatzen lortzen duen lehen aldia da.

Agian LGBT multzoa “komunitate” izendatzeak ez du gehiago zentzurik.

Uste dut komunitate ideia mantendu behar dugula. Tolerantzia egon daiteke. Gure borrokaren abangoardia dira transexualak. Ez dira 30 urteko transexualak mintzo, 15 urtekoak baizik, hots, gazteria berria! Uste dut identitatearen kontzeptua erabat aldatuko dela eta nahi ala ez mugimendua elikatuko duela. Gutxiengoaren barnean dagoen gutxiengoak du agenda finkatzen.

Horretarako prest al da gay komunitatea?

Ez, baina onartu beharko du. Hiesaren aurkako borrokarekin gauza bera gertatu zen, hasieran ez zuten nahi, baina azkenean, kritikatu gintuztenak gurekin genituen. Uste dut mugimendu militantea betidanik freaks-ek zuzendu dutela. Act Up-en bagenituen eta haiek zuten taldea bideratzen. Transexualak komunitateko freaks-ak dira eta haien arabera ariko gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: HIESa
2022-08-22 | Ana Galarraga
Botswana hiesaren kontrako 95-95-95 helburua lortu duen hirugarren herrialdea bilakatu da

Botswanak GIB/HIESaren gaineko Nazio Batuen Programa Bateratuaren helburua gainditu duela jakinarazi dute, Hiesaren XXIV. Nazioarteko Biltzarrean (Montreal). Aurrez, beste bi herrialdek baino ez dute lortu helburu hori: Suitzak eta Eswatinik, biak ere 2020ko abenduan. 


2022-01-30 | Julen Azpitarte
David Wojnarowicz
Rimbaud-en mozorropean hazitako artista disidentea

David Wojnarowicz (New Jersey, 1954 - New York, 1992) artista estatubatuarrak  hizkuntza, baliabide eta egiteko moduen arteko mugak hautsi zituen bere obran, zeina 1980ko hamarkadan garatu zen. Diziplina anitzeko sortzaile, artista bisual, poeta, idazle, musikari,... [+]


2021-12-01 | Leire Artola Arin
Minutuero hiru pertsona kutsatzen dira GIB birusarekin munduan

Hego Euskal Herrian 2020an 134 kasu positibo atzeman dituzte. Abenduaren lehena da Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta NBEk ohartarazi du oraindik pandemia hori ez dela amaitu; iaz munduan 680.000 pertsona hil ziren hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz.


2021-05-05 | Ixone Arana
HIESAren aurkako txertoen egoera

Katalunian garatutako HTI txerto terapeutikoak %40ko arrakasta lortu du I. eta II. faseetako saiakuntzetan; Mosaico prebentziozko txertoa, berriz, Espainiako Estatuko 250 pertsonari txertatu zaio bere hirugarren eta azken fasean.


HIESaren kontrako borrokaren eguna. "Zure esku dago txertoa, ez hedatu estigma"

HIESaren aurkako borrokaren nazioarteko egunean, gogoratu dute estigma handia duen birusa dela oraindik, osasun krisiaren erdian HIESa dutenen zaurgarritasuna areagotu egin dela, eta aurreiritzirik gabeko sexu heziketa ezinbestekoa dela txikitatik.


Eguneraketa berriak daude