Mezulari prekarioak kooperatiban antolatzen Deliverooren aurrean

  • Bartzelonan ari dira bat osatzen, Parisen beste bat kasik prest daukate, Toulousen ba omen dago bat martxan... Hiri handietan jaki azkarrak jatetxeetatik etxebizitzetara banatzen dituzten bizikletazko mezulariak kooperatibetan antolatzen hasi dira, Deliveroo bezalako konpainiek horietako asko kaleratu ostean. Milioika jende prekariotzara kondenatu dituen 'Gig Economy' delakoaren barruan duintasunez bizirauteko ahalegina da, zailtasun askoren artean ernea.

‘Ara’ egunkariaren argazkian, Jinn eta Deliveroo konpainientzako banaketa lanak egiten dituzten mezulariak Bartzelonan burututako protestetako batean. Irailean beren lan baldintzak hobetzeko antolatutako grebaren ostean Deliverook 30 txirrindulari kalerat
‘Ara’ egunkariaren argazkian, Jinn eta Deliveroo konpainientzako banaketa lanak egiten dituzten mezulariak Bartzelonan burututako protestetako batean. Irailean beren lan baldintzak hobetzeko antolatutako grebaren ostean Deliverook 30 txirrindulari kaleratu ditu, ‘deskonektatu,’ enpresaren neohizkeran. Horietako batzuk orain kooperatiba berria abiarazten ari dira, Europako beste zenbait hiri handitan sortutakoen uberan.

Bartzelonan Glovo eta Deliveroon aritutako mezulariak rider kooperatiba berria antolatzen ari dira. Joan den udako grebaren ostean erabaki dute ekonomia sozialeko enpresa bat sortzea etxez etxe jakiak banatzeko. Albistea zabaldu du CNTtik hasita USO arteko sindikatu guztiek babesten duten El Diari del Treball hedabide katalanak.

Bizikletazko banatzaileen eskubideak defenditzen dituen Ridersxderechos mugimenduko kideak ari omen dira kooperatibagintzan. 2018 hasieran martxan beharko lukeen elkartea osatzen ari dira bai oraindik bi konpainietan ari diren batzuk eta baita udako grebaren ostean Deliverook deskonektatutako mezulari batzuk. Neoliberalen zapo-hizkera berrian, langile bat ez dute kaleratzen, deskonektatu baizik. Deliverooren enkarguak egiten zituzten txirrindulariak konpainiari internetez lotutako langile autonomoak zirenez, konexioa eten eta kito.

Kooperatibak azken finean lehengo enpresaren lan bera egingo duenez –orain langileak izanik beren buruen nagusi– bezeroak, jatetxeak eta banatzaileak internet bidez lotuko dituen aplikazioa behar zuen eta dagoenekoz prest omen daukate, funtsean orain arte ezaguna egin den negozio ereduari jarraituz: App hori eskuratzea aski da sistemari lotutako edozein jatetxeri enkargua pasa eta horren berri istantean jasoko duten mezularietako batek berehala jakia etxe atariraino ekartzeko.

Orain artean konpainia handi batek jasotzen zuen etekinarekin jokatuko dute txirrindulariek bai lehiakorrak izateko eta bai beren lan baldintzak hobetzeko. Astean 20 ordugatik 400 euro kobratuz hasi nahiko lukete. Azken urteotan jakiak ez baina bestelako fardelen garraioa bizikletaz egiten duen Trevol kooperatibarekin ere elkarlanean aritzeko asmoa dute.

Parisen ere antzeko proiektu bat eraiki nahian ari dira. Irailaren 20an, Frantzia osoan Emmanuel Macronen lan erreformaren aurka burutuko ziren mobilizazioen bezperan aurkeztu zuten publikoki Coopcycle proiektua, mahaian egon zirelarik bizikletazko mezulariak –tartean CLAP Parisko Mezulari Autonomoen Kolektiboaren sortzailea–, sindikalistak, ezkerreko politikariak eta prekaritzaren aurka ari diren jendeak.

Bildutako 150 pertsonen aurrean eztabaidatu zuten langileei uberizazioak ekarri dizkien arrisku berriez. “Uberizazioa hedatzen baldin bada, langileen babes sistema osoa suntsiaraziko du” esan zen bertan, Fanny Dollberg kazetariak bildu duenez. Uber konpainiak izena eman dion eredu honek taxi, mezulari edo beste edozein zerbitzu burutzen dituztenak langile autonomotzat erabiltzen ditu, elkarren konkurrentzian jarrita haien babeserako sortutako edozein lege edo arau urratzeraino.

Sakabanaturik biziraun behar duten beharginon zintzurra estutzeko edozerk du balio. Deliverook Parisko banatzaileei abuztuan jakinarazi zien ez ziela gehiago pagatuko orduka, egindako enkargu bakoitzeko baizik. Soilik horrekin mandatariek hilero beren soldataren  %30 galdu dezakete. Gainerakoan –Londresen CitySprint konpainia auzitara eraman zuela-eta ARGIAk urtarrilean plazaratutako kronikan azaldu zuenez– ez gaixotasun atsedenaldirik, ez langabezia eskubiderik, ez erretretarik. Horra XIX. mendea XXI.ean.

Bilkuran Parisko Udalean zinegotzi ezkertiarra den Danielle Simmonetek esan zuenez, “uberizazioak suizidio kolektibo baten konplize egiten gaitu, hau kapitalismoaren 2.0 aroa da”.

Irabazle jarrera behar duzu

Uberizazioak ez dirudi fite zimeltzeko lorea, munduan onddoen gisan ugaritzen dira lidergo ekintzaile neoliberaletan blai egindako enpresari-nahi gazteak eta horiek sortutako start-up distiratsuak.

Bizi laburra dute askok. Joan den udan erori da –jaki azkarren bizikletazko banaketaren alorrean jarraitzeagatik– Espainian asko txundituta zeuzkan Jinn konpainia, gazte espainiarrek Londresen kokatua. Europan zabaldutako ordezkaritza guztiak itxi ditu uztailean, eta Londresen zeuzkan 120 langileetatik 20k bakarrik jarraitzen zuten udazkenean, Deliveroo erraldoiari konkurrentzia egiteko lehian hondoratuta.

El Confidencial-ek egina du Jinnen ibilbidearen kronika. Start-up bat nola hasi, hazi eta amiltzen den ulertzeko zenbait pista ematen ditu, baina baita konpainia horietako lider ekintzaileen artean dagoen ideologiaren irudia osatu ere. “Pertsona bati orduka pagatzen badiozu, ez duzu motibatzen lana gogor egin dezan. Enkargu batean ordubete emango du, denborak ez baitio axola (...) Lanerako gogoa duenak dirua irabazten du. Gizakia genetikoki programatuta dago ahaleginean egoskortzeko, baina orduka kobratzen baduzu eta euria hasi, ez zara mugitzen. (...) Irabazle jarrera baldin baduzu ez zoaz manifestazioetara”. Alegia, Jinnek bigunegi jokatzeagatik egin zuela porrot, Londresen ordainketa orduko 9,5 libratik enkarguko 7tara jaitsi zuelako, bitartean Deliverook  mezulariei jaitsi zienean orduko 8 libratik enkarguko 3,5eraino.

Jinn izango zenaren lehen urratsak 2012an eman zituzten hiru gazte espainiarrek AEBetako Richmondeko unibertsitatean. Bidai partekatuetarako App batekin hasita, jo zuten start-upen azeleratzaile batengana, lehenbiziko finantziazio bila. Espezialista honek negozioaren ikuspegia aldarazi eta inbertsio berriak aurkitzen lagunduta, 2014rako 200.000 libra bilduak zeuzkaten. 2016ko martxoan iritsi ziren 20 milioiko inbertsioetaraino. Abuztuan dena joan zitzaien pikutara.

Jaki azkarren banaketako konpainien artean, hainbeste handitze distiratsu eta porrot deigarriren azpian zein negozio eredu dagoen ikertu eta azaltzen saiatu da Corporate Watch, konpainia kapitalisten eragin sozial eta ingurumenezkoak aztertzen dituen elkartea. “Deliveroo, where is the money?” dossierrean erakutsi duenez, Deliveroo dirua galtzen ari da, eta asko: dena kontabilizaturik 129 milioi libra. Kontua da kapitalismoaren fase honetan Deliveroon 600 milioi inbertitu dutenek ez dutela bilatzen urteko etekina, bestelako aposturen batean irabaztea baino. Zer ote dago jokoan?

Batetik, ea Deliveroo izango ote den gero eta zabalagoa den jaki sukaldatu berrien banaketan munduko nagusietarik, familiek etxean sukaldea gero eta gutxiago usatuko omen duten mundu batean; sukaldari eta jatetxeak ere uberizatzen hasi dira. Bestetik, ea jakien banaketaren oinarrian dagoen plataforma teknologikoa zabaldu ahal izango den bestelako banaketetara. Banatzaileek bezeroen bizimodu eta ohiturez bildutako informazio multzoak ere balio handia izango du etorkizunean. Casino Capitalism honetan, dirua inbertitu ez baina jokatzeko beste motibo bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Eguneraketa berriak daude