Mingaina, gorputzaren mapa

  • Pazientearen ahoa zabal-zabalik, mingaina kanpoan eta medikua barrura begira. Nork ez du irudi hori buruan gordeta? Ezkutuan dagoen gorputz atal honek hamaika gauza kontatzen ditu gure osasunari buruz.

Izaro Mariezkurrena

Medikuntza txinatarrean oso garatua dago mingainaren diagnostikoa. Ezin da ulertu baina, elementu isolatu bat bezala. “Diagnostikoa egiteko informazioa ematen digu mingainak, baina informazio guztia lortzeko gauza gehiago aztertu behar da”, azaldu digu Egoitz Garro makrobiotiko eta landareak baliatuz sendagaiak sortzen dituen espagiristak. Besteak beste, aurpegia, belarria, irisa, pultsua, abdominalak eta egoera emozionala lantzen dituzte mingainarekin batera, arlo fisikoa, psikikoa, energetikoa eta espirituala aztertuz. “Pertsona bere osotasunean ulertzen saiatzen gara, dena uztartzen baita batean”.

Berez, medikuntza tradizional guztietan dago mihiaren diagnosia, baina egia da hainbatek buruan dugun irudi hori, sarreran aipatu duguna, jada ez dela ohikoa, edo oso gutxi. “Galeno Pergamokoaren medikuntza alde batera utzi zenean eta gaur ezagutzen dugun medikuntza garatu zenean alde batera utzi zen. Lehen mediku guztiek beharrezkoa zuten mingainak eta begiak begiratzea. Eta orain, ukitzen bazaituzte, gaitzerdi”, azaldu du Garrok. “Sistemak paradigma aldaketa eman du. Medikuntza izugarri arrazionalizatu da eta erabat alboratu da alde gizatiarra, bezeroarekiko kontaktu fisiko eta psikikoa. Dena makinariaren menpe utzi da; X izpiak, erresonantziak, ekografiak eta analitikak kenduz gero medikuak ez daki diagnostikoa egiten, esperientzia handia ez badu behintzat”. Medikuntza txinatarra paradigma oso bestelakoa da eta ezagutzearen garrantzia azpimarratu duela dio.

Ideologia gisa, gorputzaren mapa mingainean idatzita dagoela kontatu digu adituak, mingainak gorputz osoa islatzen duela. Atal bakoitza organo bati dagokio. Areaz area aritu, faktore bakoitza irakurri eta ondorioak ateratzen dira: “Pertsona batek urdail aldean kaparik ez badu, adibidez, mukosa gaizki dagoela esan nahiko du normalean, sistema digestibo horretan zerbait ez dagoela zuzen. Gastritis bati begira jarriko ginateke”.

Mingainaren diagnostikoa hiru ezaugarriren arabera egiten da: kolorea, kapa eta forma. Koloreak gorputza nahikoa hidrataturik edo lehorra dagoen kontatzen du. Baita zirkulazioa ona eta odola aberatsa den, alegia, anemiarako joera ote dagoen. Arlo fisikoaz gain, psikikoa ere antzematen duela gaineratu du: “Mingainaren punta bihotzari dagokio, fisikoki zein emozionalki. Estres emozionala dagoenean gorritu egiten da”. Mina daukagunean, gainera, mihia lekuz alda daitekeela azaldu du, dardara egin eta alde batera joateko tendentzia izan dezakeela. Bestalde, kapak hezetasunari, hotzari eta beroari buruz informatzen du. Baita mukia dagoen edota gehiegizko koipea.  Mingainaren itxuraz gain, mugimenduak ere gauza asko konta ditzake: “Pertsona batek energiarik ez duenean apenas aterako du mingaina ateratzeko eskatzen zaionean, indar gutxirekin egingo du. Mihiaren forma zapala izaten da halakoetan”.

Ispiluaren aurrean mingaina atera diezaiokegu geure buruari, beraz, eta kolorea, forma eta kaparen arabera analizatzen ikasi. Adituak adibide batzuk eman dizkigu: “Udazkenean oso ohikoa da hotzeria edo katarroa harrapatzea. Mingaina, beraz, geruza zuriz ikusiko dugu. Egoera emozional intentsua igarotzen ari bazara, mingainaren punta gorritu egingo da. Digestio txarra eta ahoa lehorra duenak mingaina zatituta izango du, kaparik gabe eta gorri-gorria. Horrek gorputzean likido falta dagoela esan nahi du. Linfa, ur edo odol falta islatu dezake”. Mingainak informazio asko ematen badu ere, beste elementu bat dela azpimarratu du Garrok, pertsona osotasunean landu behar dela: “Nik, adibidez, taupadei ematen diet garrantzia handia, diagnostikoa zehatzagoa eta fidagarriagoa baita”.


ASTEKARIA
2017ko azaroaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputza
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Gorputz hotsak
"Ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea"

Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro... [+]


Aireportuko anekdota bat

Askotan nahastu izan nau kanpo begiradak mutiko nerabe batekin, hori ez da berria. Berria ez denez, grazia egitetik gogaitzera pasa izan nau. Berria ez denez, geroz eta erantzun epikoagoak botatzeko gaitasuna garatu dut, egoeraren gaineko kontrola neureganatuz. Eta kontrola... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


Eguneraketa berriak daude