Espainiako ikerketa-kazetari batek aurkikuntza harrigarria egin du, Carles Puigdemont aske uzteko erabakia ezagutu ondoren: “Arraroa egin zitzaidan epailearen jokamoldea eta dokumentu historikoak errepasatzen hasi nintzen. Sekulako pastela aurkitu nuen: mende erdi baino gehiago da Alemaniak ez duela sistema nazional-sozialistan funtzionatzen”. Aurkikuntzak berehalako oihartzuna izan du kazeta espainiarretan: “Bakarrik gaude”, publikatu du, adibidez, El País egunkariak azalean. Aurkikuntzak eragin duen trauma sozialak zineman ere izango du eraginik: ‘Goodbye Führer’ filma laster iritsiko da Espainiako aretoetara. 20 urteko Ciudadanosen boto-emaile baten istorioa da, zeina saiatuko den komatik esnatu berri zaion amari sinestarazten, Alemaniak nazien esku egoten jarraitzen duela.