Eta zuk, bisitari, ba al dakizu hemen euskaraz egiten dela?

  • Zumaiako kaleetan ikusiko dituzu hemendik aurrera. Gidak azalpenak emango dizkie turistei: euskararen jatorriaz arituko da, non egiten den eta zein euskalki dituen esango die, hiztun kopurua asmatzeko zirikatuko ditu. Ez dute flysch ospetsuaz hitz egingo, euskal nortasunaz, kulturaz eta euskarari buruz baizik. Zumaiako Udaleko euskara eta turismo sailek sortutako ekimena da, eta haien belarrietara iritsi dena kontuan hartuta, tankera horretako bisita gidatu bakarra da Euskal Herrian.

Zumaiako itsasertzean bisitariak. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Foku.
Zumaiako itsasertzean bisitariak. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Foku.

Zumaian martxoan abian jarri duten Enigma bizia izeneko bisita gidatua turismoa eta herri euskaldunak lotzen dituen hausnarketaren adibide praktiko bat da. Zumaiako Udalak halako bisita gidatu batekin proba egitea erabaki du. Era berean, UEMAko kide diren Lekeitio, Bermeo, Zarautz, Zumaia, Oiartzun, Bortziriak, Baztan eta Leitzaldeko Udalak euskara eta turismoa gaiari buruz gogoetan ari dira.

Imanol Haro UEMAko teknikariak azken hilabeteotan egin dituzten gogoetak zerrendatu dizkigu. Honakoa lehenengoa: Euskarri turistikoetan (eskuorriak, liburuxkak, webguneak...) euskara nola agertzen den kezka dute eragileek. Batetik, euskarriotan euskara gutxi darabilte; bestetik, bereziki kezkatzen dituena da euskarari buruz zein mezu ematen zaion bisitariari gune euskaldunetara doanean: “Europako hizkuntza zaharrena”, “Euskara, babestu behar den altxorra”... Haroren esanetan museoko ondare agertzen da euskara. “Guk hizkuntza bizia jasotzea nahi dugu. Urola-Kostara datorren katalana edo frantsesa konturatu dadila euskaraz hitz egiten dela”.  

Zarauzko malekoia, negutik udarara azalberritzen

Lantaldean gogoetan ari diren udaletako euskara teknikariek eta UEMAko teknikariek bigarren hausnarketa jarri digute mahai gainean: gune turistikoetako hizkuntza joerak aztertuta, konturatu dira toki batzuetan hizkuntza aldaketa gertatzen dela negutik udarara. Zarauzko malekoi ezagunean azalberritu egiten dira terrazak. Neguan arbeletan menuak euskaraz daude eta udan ingelesez dira. Zerbitzariak lehen hitza euskaraz ez, baizik eta ingelesez edo gaztelaniaz egingo dizu. Taberna jabeak nahiago izango du zerbitzariak ingelesa jakitea euskara baino. Nafarroako herri txiki bateko adibidea eman digu Harok. Astean zehar euskararen erabilera neurtu zuten eta herri euskaldun baten maila ematen zuen. Asteburuan neurketa bera egin eta erabilera goitik behera erortzen zen.

Hirugarren hausnarketak bizipenen gabeziarekin du zerikusia. Hau da, turismo eskaintzan euskaldunak, euskal nortasuna eta euskal kultura saltzen direla uste du Harok, baina erakutsitakoa bizitzeko edo ikusteko esperientziarik ez dago. Hortara dator hain zuzen Zumaian Geoparkeak eskaintzen duen Enigma bizia bisita gidatua, zer garen azaltzeko ariketa praktikoa da.

“Euskara traba ala balio erantsia?”

Lekeition bi-hiru hilabete igarotzen dituen udatiarraren adibidea jarri digu Harok. Bilbo ingurukoak gehienak, eta askok euskaraz egingo ez badute ere, ulertzen dute, eta guraso ugarik nahi dute haien seme-alabek euskaraz egitea Lekeition. Herrian bestelako jarrera hartu da ordea, ostalaritzak gaztelaniaz egiten du eta kultur ekintzak ere gaztelaniaz egin izan dira bisitariei begira. UEMAko teknikariak galdera bota du: “Herri turistikoek bisitaria nolakoa dela uste dute? Askotan euskaldunak gara bisitariak”. Lekeition bisitariei galdetu zieten ea nolako esperientzia izan zuten euskararekin herrian, ea bazekiten euskara egiten zela, ea trabarik eragin zien... Ateratako ondorioa: “Bisitarientzat ez da gauza negatiboa euskara, ez die trabarik egiten, eta neurri batean estimatzen dute”. EAEko turismo datuak kudeatzen dituen Ibiltourrek antzeko ikerta egin zuen. Euskara alde negatiboetan edo positiboetan sartzen zuten galdetu zieten bisitariei. %98k ez zuen ez bat ez bestea aukeratu. Antzeko galdetegiak egiten ari da UEMA Leitzaldean, Zumaian eta Bermeon. Galdetegiaren helburua ez da soilik jakitea ea euskara traba den ala ez, baizik eta ea bisitarientzat bertako hizkuntza entzutea, ikustea, arnastea, balio erantsia ere baden.

 

“Enigma bizia” bisita gidatua Zumaian

"Enigma bizia" bisita gidatuaren lehen saioan murtziarrak eta madrildarrak elkartu ziren Zumaiako kaleetan.

Bisita berria izaki, erakarriko duen jende kopuruaren zalantzaz Zumaiako turismo bulegora hurbildu, eta hara, ia hamabost pertsona ate ondoan zain. Haietako batzuk badute euskararen aditzea, baita gutxien-gutxieneko ezagutza ere. Hala erakutsi dute minutu batzuk geroago gidariak euskarazko hitzak esateko eskatu dienean: “egun on”, “bai” eta “ez”.

Gehiago jakin nahian, guztiek eman diote begiratua Enigma bizia bisitaren hasieran banatutako hiztegiari. Gidariak ohartarazi die: “Zumaia euskararen espazio naturala da eta izango duzue hitzok erabiltzeko aukera”. Iragarri du helburua, entzutea ez ezik, badela euskara eta euskal kultura ezagutzea: “Ezagutu eta dibertitu egingo gara”.

Ohar horren ostean heldu dira euskararen inguruko lehen zehaztapenak: non egiten den eta zein euskalki dituen. Harridura eragin du parte-hartzaileen artean Luis Luziano Bonapartek egin izana, 1863an, euskalkien lehen mapa. Halaber, euskara batuaren erabilera nabarmendu du gidak; herriko bizilagunak ere badirenez parte-hartzaileen artean, hainbestetan gertatzen den iritzi trukaketaren lekuko izan dira bisitariak.

Aurrerago, jatorria izan dute hizpide: “Nondik dator euskara?”. Ohiko galdera izan daiteke bisita hauetan; teoriak ugari, erantzun argirik ez. Euskarak inguruko hizkuntzetan izandako eragina, aldiz, jakina da, gaztelaniazko zenbait poematan nahiz hitzen sorreran, esaterako.

Toponimiak ere badu irakasgairik, beraz, horri buruz aritu da gidaria. Zer esan nahi dute Talaimendi, San Miguel Artadi edo flyschak ikustera datozenek horrenbeste aldiz entzuten duten Algorri hitzek? Halaber, ingurunera begiratzen hasita, kaleetan aurki daitezke garenaren pista ugari, errotuluetan, adibidez. Aseguru etxea dio batek; etxearen esanahia azaltzeko baliatu dute, nahiz eta geroago aipatuko den etxeak –baserriak– gurean izan duen eta egun duen garrantzia zein pisua.

Guztia hitzez azaltzerik ez dagoenez, Odieta frontoian izan da hurrengo geldialdia. Pilota poltsatik aterata, norbaitek probatu nahi duen galdetu du gidariak. Hiruzpalau animatu dira, eta elkarren artean jolasean aritu ondoren sumatu dituzte eskuko lehen minak, baita interesa ere, jokatzeko moduaz galdezka hasi baitira. Horrez gain, herri kirolak eta arrauna izan dituzte hizpide.

Frontoiko animo oihuak atzean utzi eta bestelako doinuak nagusitu dira musika eskolaren aurrean. Txistua ardatz hartuta, hainbat euskal instrumentu aipatu dituzte: dultzaina, trikitia, txalaparta…

Halabeharrez, bidean aurrera eginda, beste turista batzuk topatu dituzte herria Espainiako Estatuan hain ezagun egin zuen filmeko (Ocho apellidos vascos) iturrian. Lantzeko gaia agerikoa: euskal abizenak. Han agertzen direnak omen dakizkite bisitariek; gaurkoan, horien jatorria –etxea, askotan– ezagutu dute. Maiorazkoa eta matriarkatua ere interesgune izan dira.

Bizibideaz jardunda, hasieran azaldu du gidariak arrantzak Zumaiaren ekonomian eta familietan izandako pisua, ondorioz, kofradian du bisitak azken-aurreko geldialdia. Arraina saltzeko modua ez ezik, arrantzale euskaldunek nazioartean utzitako aztarnak plazaratu ditu gidak. Ternuara joandakoan Apaizac hobeto zeudela esaten zuten garaia ekarri du gogora, gerora bertako toponimian geratutako zenbait hitzekin batera.

Hiztun kopurua aintzat hartuta, egungo 7.000 hizkuntzen artean euskara zein postutan dagoen galdetu du. Erantzun baikorragoak kanpokoenak bertakoenak baino; halere, asmatu, inork ere ez. “Asko entzun dugu kalean, adin ezberdinetako jendeak erabiltzen du, nahiz eta batzuetan gaztelaniarekin nahasten duten”, adierazi du batek.

Amaitzeko, elkarte gastronomikoan batu dira hamaiketakoa egiteko bisitan parte hartutako madrildar, murtziar eta urte luzez Katalunian bizi izandako nahiz oraindik herrian dirauten zumaiarrak. Elkarteen funtzionamenduaz, bisitaz, turistek bilatzen dutenaz, eta abarrez aritu dira. Bisitaren zentzua barneratuta bezala, “egun on” hitza erabilita egin die diosal murtziarrak elkartean bazkaritara sartutako kideei. Alboan, haurrek hiztegitxoko hitzak errepasatzen jarraitu dute: “mila esker”, “bat, bi, hiru, lau”…

 


ASTEKARIA
2018ko apirilaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


Eguneraketa berriak daude