Apirilaren 27an filtratu zuen albistea El Mundok: maiatzaren 3an, Genevako Henri Dunant Zentroan, 14:00etan, ETAko hiru kidek bideoa grabatuko omen zuten amaiera iragartzeko. Suitzako beste hiri batean, Zurichen, harrapatu gintuen ARGIAko bi kazetari iragarpen honek, maiatzaren 1eko kronika egitera joanak (Panorama atalean dago ikusgai). Apirilaren 30ean La Razoni irakurriko genion bideoa dagoeneko grabatua zutela Henri Dunant Fundazioan eta Espainiako diplomaziak “oraingoan bai” esku-hartu zuela, eragozteko Suitza eta Norvegiako gobernuek beren bermea adieraztea ekitaldi horretan. Maiatzaren 2ko eguerdian Eldiario.es-ek filtratu zuen ETAk apirilaren 16an sinaturiko gutuna, bertan iragarriz bere egitura guztiak desegin dituela; eta biharamonean nazioarteko telebistaren batek, ziur aski BBCk, bideoa emango zuela ere esaten zuen.
Badaezpada Suitzako egonaldia luzatuz joan ginen, baina irakurritakoak irakurrita, maiatzaren 3an Genevako Henri Dunant Zentroan albisterik eskuratzeko gero eta esperantza ximelduagoarekin. Hala ere, alferrik joan izanaren pena, joan ez izanaren damua baino samurragoa izango zitzaigun.
ARGIAko kolaboratzaile batek eginiko diplomazia lanari esker, maiatzaren 2an Henri Dunant Zentroari galdetu genion, telefonoz zein idatziz, ea prentsak ateratako informazioak egiaztatu edo gezurtatu zitzaketen, eta ea biharamunean Euskal Herriko gatazkarekin loturiko ekitaldirik egingo zen –eta hala balitz, ARGIAk akreditazio eskaera luzatzen zuela–. “Hedabideetako albisteez ez dugu adierazpenik egiten. Ulertuko duzuelakoan...” erantzuna.
6:30ean autoa hartu Zurichen eta 11:00 aldera Genevako egoitza famatuan ginen. Zer poza gurea telebista kamerak atarian ikusita! Euskal telebista-irrati publikoko eta nazioarteko hainbat medioetako kazetariekin berriketan, denek galdera berak: euren nagusiek zitatu zituztela 14:00etan “zerbait” gertatuko zelakoan, baina inork “zer” izango zen arrastorik ez. Gainerakoek izena emana omen zuten sarreran, eta 13:30ean esango omen zieten medioei “zerbait”.
Sarrerara jo dugu gure “gosez ez hiltzeko adinako” ingelesarekin. Kazetari txartela erakutsi, eta gu ez omen gaude zerrendan. Ea zerrendan egoteko zer egin behar den. Aurrez egon behar zela zerrendan. Ados, baina nora deitu edo idatzita (emailean begiratzeko, gure mezua han dutela). Erantzunik gabeko esaldi kateatua bueltan.
12:30 aldera beste taldetxo bat iritsi zen: Berriako bi kazetari, Garako beste bi, eta Argazki Presseko argazkilaria. Haiek adierazi ziguten bi aste lehenagotik zeudela gonbidatuak, eta ekitaldi horrek pribatua behar zuela izan, medio espainiarrek filtratu ez balute. Berriak maiatzaren 4an argitaratuko zuenez, bi medio hauek, BBC eta Suitzako hiru medio omen ziren deitutako bakarrak.
Egun horretako bideo eta argazki guztiak, Gaitzerdi blogeko albiste honetan.
Euskal eta Suitzako telebistei 13:30ean zabaldu zieten atea, sartzeko. 13:45ean Berria-Gara-Argazki Pressi. Eta 13:55ean sartu ziren, Espainia eta Europako hainbat telebista eta prentsari irudiak zabalduko zizkieten EFEko kamerak eta ARGIAko bi kazetariak.
Kataluniako independentzia aldarrikapenaren berri emateko erraztasun guztiak jarri zitzaizkien kazetari eta medio guztiei. Zenbatek eta gehiagok bere berri eman, oihartzun zabalagoa nazioartean. Zein aldagaik lehenetsi dezake ekitaldi pribatu bat, nazioartean ahalik oihartzun zabalena ematearen aurrean? Frantziako Justizia ministro ohi Christiane Taubira ezagutu genuen bertaratutako “diplomatiko”en artean. Zergatik ez zuten nazioarteko ordezkariek elkarrekin argazkirik atera, zergatik ez zuten hauen izen-zerrenda zabaldu? Denborarekin jakingo dugu zerbait, agian.
Josu Urrutikoetxearen aurka bi auzi iragan behar dira aste huntan Pariseko auzitegi korrekzionalean. Biak ere ETA talde armatuko kide izateagatik dira, baina mementu desberdinetan.
Zer esan dezakegu, Euskal Herriaren aurka Espainiak eta Frantziak darabilten konfrontazioari buruzko kontraesan nagusirik planteatzen ez dutenez? Zergatik, garrantzi handiko aukera mediatiko horren aurrean, ez da planteatzen Euskal Herriaren nazio eta gizarte arazoa? Zergatik ez... [+]
Iktus baten ondorioz hainbat egunez ospitalean egon ondoren, ostiral eguerdian hil da Perez Rubalcaba. PSOEko idazkari nagusi ohia eta besteak beste Espainiako Barne ministro izandakoa, haren eragina nabaria izan zen ETAren azken garaian Espainiako Estatuaren estrategia... [+]
David Pla eta Iratxe Sorzabal epaituko dituzte Parisen otsailaren 4an eta 5ean. 2015eko irailean atxilotu zituen Frantziako Poliziak Baigorrin.