Indarkeria birtualak


2018ko ekainaren 24an

Ez naiz psikologian aditua, baina badakit bidegabekeriak eta biolentzia normalizatzea norbanakoaren babes mekanismo bat dela. Ezkertiarrak eta konprometituak izan gaitezke, hala ere, indarkeriaren bat normalizatzeko “beharra” izango dugu. Gaza, Nikaragua, ez ahaztu Siria. Altsasuko gazteak, Valtonic, La Manada, Helena Maleno, Proactiva Open Arms, Mame Mbaye, Huelvan marrubiak biltzen dituzten langileak. María del Sol Cruz Jarquín argazkilaria hil dute Mexikon hauteskunde kanpainaren berri ematen ari zela. Marielle Franco gogoan. Gure bihotzak ezin du horrenbeste amorru eta samin sostengatu, hildako eta preso guztiengatik negar egin, asaldatu eta ardura hartu.

Brigitte Vasallo idazlearen esaldi bat daukat burmuinean tatuatua: “Denok gara ezjakinak, baina ezaxola erabaki bat da”. Zaila da baina, geografikoki edo biografikoki urrunago sumatzen ditugun errealitateekiko axolagabekerian ez erortzea. Indarkeriak hierarkizatzea izango da beste babes mekanismo bat: “Ez da hainbesterako” esaten diogu gure buruari, baita bortizkeria horren biktimak garenean ere.

Nortzuk dira gu kikiltzeko bidaltzen dizkiguten argazkietan agertzen diren hildako emakumeak? Txio horiek jasotzen ditugunean –babestuta izanda ere– sentitzen dugun izua, haserrea eta ezintasuna nola metatzen da gure barruan eta nola mugatzen du gure adierazpen askatasuna?

2011. urtean irain eta mehatxu pilo jaso nuen interneten bidez lehendabizikoz; martxoan SOS Arrazakeriaren bozeramaile nintzen eta abenduan nire blogean eguneroko matxismoari buruz idatzi nuen. 2012. urtean Pikara-ko kolaboratzailea den Alicia Murilloren kontrako jazarpen kanpaina antolatu zuten ForoCoches webgunean, kristauen Hamar Aginduen parodia bat egin ondoren. Lehenengo egoera horiek asaldatu ninduten, baina urteetan koraza gogortu zitzaidan. 2016an Brigitte Vasallok Pikara-n Koloniako bortxaketen erabilera xenofoboa salatu zuenean, irain eta mehatxu uholdeak ez ninduen asaldatu. Pentsatu nuen Brigitten korazak “Moro batek bortxa zaitzala!” txioen efektua arinduko zuela. Momentu horretan ni Erdialdeko Amerikan bizi nintzen. “Europako feministok ez dakigu zer den benetako mehatxua, benetako arriskua”, esaten nion nire buruari. Indarkeriak hierarkizatu nituen eta jasangarriak iruditzen zitzaizkidanak normalizatu.

Eskerrak Andrea Momoitio Pikara-ko nire lankideak sare sozialetako jazarpena ez normalizatzea erabaki eta galdera inportanteak plazaratu zituela: nortzuk dira feministak iraintzen dituzten gizon horiek? Ordenagailua amatatzen dutenean, zer tratu ematen diete euren inguruko emakumeei? Nor dira gu kikiltzeko bidaltzen dizkiguten argazkietan agertzen diren hildako emakumeak? Txio horiek jasotzen ditugunean –babestuta izanda ere– sentitzen dugun izua, haserrea eta ezintasuna nola metatzen da gure barruan eta nola mugatzen du gure adierazpen askatasuna?

Irantzu Varela da seguru asko egun sareetan indarkeria bortitzena bizi duen euskal feminista. Bere bideoak Youtubera igotzen ditugunean eta iruzkinak desaktibatzea ahazten zaigunean, beren kontrako gorrotoaren lekuko izaten gara. Irantzuk Shakiraren Loca, ciega, sordomuda-ren parodia egin du “Putas, feas, malfolladas”, jasotzen ditugun irainak erabiliz. Proetarra eta bollera dira beste bi hitz klabeak. Bideoa txiokatu eta 140 iruzkin jaso ditu, gehienak iraingarriak. Bortizkeria hori umorez eta sendotasunez eramaten saiatu da Irantzu, gorrotoa are gehiago piztuz, baina gertu gaudenoi onartu digu kalte psikologikoa eragiten duela goizero Twitterren sartu eta ehunka eraso topatzeak. Indarkeria mota anitzak ulertzen lagundu digu Irantzuk bere hitzaldi, tailer eta bideoetan, indarkeria sinbolikoa barne. Bera bizitzen ari dena ez da birtuala. Patriarkatuaren kontra borrokatzen dugunon isilarazte saiakerak ez dira birtualak. Gure ardura ez da birtuala.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude