Bilbon aurkeztu dute kanpaina, The World’s 50 Best Restaurants ekitaldian. Bezperan sukaldari gonbidatuek afaldu zuten Atxondoko Etxebarri erretegian eta, noski, barraskilo-zukuarekin erregositako pinaburuz betetako abakondo uzkiari laguntzeko txakolina edan behar, eta ondoren txupito eta klonklonklon batzuk, ba ideiarik onena nork botako lehian hasi eta hala amaitu zuela kontuak: “Small pintxos, great ostia” kanpaina, Akira Mamigutxi txef japoniarrak proposatua. “Gogoan dut Donostiako taberna batean azeituna bat eskatu nuela behin, eta kale kantoian ukelelea jotzen hasi behar izan nuela sos batzuk irabazteko. 50 euro kobratu zizkidaten! Lagun gipuzkoarrei galdetu nien ea azeituna horrek torafugu japoniar arrain pozoitsu bezain preziatua ote zuen barruan, baina ez, gauza marroixka hori zen antxoa ziztrin baten hegal pelbikoa. Ostia latza jaso nuen.