Nola bidaiatu piztia elikatu gabe?

  • Turismoa anabasa eta kaosa batzuentzat, aberastasun eta oparotasun iturri besteentzat. Egungo ereduak, baina, tarte txikia uzten du imajinazioarentzat: kontsumoa, masifikazioa eta gentrifikazioa eguneroko hiztegian sartu ditugun hitzak dira. Ba al da egoera honi buelta emateko aukerarik? Ba al daude oporrak kanpoan emateko beste modu batzuk? Egungo egoeraz eta bestelako eredu posibleez jardun gara hurrengo lerroetan.

Turismo ereduak hirira ekarri ditu orain arte fabriketan eman diren borrokak. Hondartzari balio produktiboa erantsi nahi diote batzuek eta hiri eta herriei izaera erreproduktiboa itzuli besteek: bizitzaren eta kapitalaren arteko talka postalaren gainalde eta ifrentzuan.

“Gauza bat da turismoa eta beste bat turistifikazioa”, azaldu du hiri-ereduaren eta tokiko garapeneko teknikari Andoni Egiak: “Turismoa sustatzeko estrategia territoriala da turistifikazioa. Kapitalismoaren garapen historikoak globalizazioa ekarri du eta horren garapen ekonomikoa ez da hainbeste fabriketatik eratorritako produkzio materialean oinarritzen, ekonomia finantzarioan baizik”. Finean, urbanismoaren jolas hipotekarioa, zorren salerosketa eta tamainako industriak behar duen esku-lanaren prekarizazioa ere turismoaren parte dira.

“Turismoa egungo eredu ekonomikoaren materializazioa da, izebergaren punta. Euskal Herrian, Bilbok eta Donostiak zerbitzuetan, higiezinen sektorean, finantzarioan eta espekulatiboan oinarritzen den garapen ekonomikoaren hautua egin dute. Produkzioa ez zen kapitalismoaren baitan hain errentagarria, beraz, kapitala zirkuito espekulatibora pasatu da”, esplikatu du Egiak.

Espekulazio, lursail eta alkandora loredunen amalgaman, hiru aktore bereizten dira turismoaren baitan: saltzaileak edo onuradunak, langileak edo kaltetuak eta bezeroak. “Brasilen eta Bolivian Repsol eta Endesa badira lurraren eta jendearen esplotaziotik aberasten direnak, hemen hotelak eta higiezinen industriak dira onuradunak. Eta, batez ere, bankuak eta funts putreak”.

Bestalde, onuradun horiek guztiek ez lukete Euskal Herrian horrenbeste inbertituko errentagarria ez balitz, eta Egiaren esanetan, errentagarritasun hori esku-lan merkeak ematen dio Donostia bezalako hiri bati: “Turismo eredu hau ez litzake existituko kelly-ak gabe, komunak garbitzen dituztenak gabe. Erabiltzen den lan-eskua merkeena da; hau da, feminizatua eta etorkina. Eredu ekonomiko estraktibista da: ez da ezer ekoizten, balio komuna –hondartza eta hiriaren edertasuna, adibidez – kapitalizatzeko dispositiboak sortu dira. Horrek lan-esku prekarizatu bat behar du aberatsenei zerbitzua emateko. Bigarren esplotatuak jendarte guztia gara, hiri-ereduak gure bizi kalitatea baldintzatzen baitu”.

Egungo turismo ereduaren aurka egonagatik ere, Andoni Egiak badaki “denok garela turistak”, eta sarri turistifikazioaren aurkako borroka “klase ertain zuri eta unibertsitariotik” abiatzen dela. Lan-eskuaren “artikulazioa” behar dela dio, baina horrek ere ez duela turistifikazioarekin bukatuko, baldin eta kapitalismoarekin amaitzen ez bada. Bere ustez, turismo ereduaren aurka bi alternatiba existitzen dira; iraultzailea eta erreformista: “Turistifikazioaren, AHTaren eta bestelakoen beharrik ez duen eredu sozioekonomiko berri bat sor genezake, edo onartu genezake kapitalismoan bizi garela eta espazioaren ekonomia politikotik pentsatu nola birbanatu dezakegun turismoak sortzen duen aberastasuna. Baina ez dezagun pentsatu Donostiak turistikoa izateari utziko dionik”.

Hala ere, masen turismoaren egungo panoramak badu kontrapuntua. Sarri konprometituagoa, kooperatiboagoa eta gertukoagoa, baina ez horregatik aukera okerragoa. Hondartzetako aulkiak eta itzalkinak garajean utzi eta gehiago lokaztea eskatzen dutenak.

Turismoaren periferia

Instituzioek eta, oro har, turismo eredu estandarraren diskurtsoa zabaltzen dihardutenek ez lukete berehala sinetsiko pinu artean eta hirigunetik urrun ere badela aisialdian gozatzeko aukerarik. Pikunieta baserria Bergarako mendigain batean dago, Urretxu eta Azkoitia arteko bidetik desbideratuta, baso idorraren erdian. Bidea makurra da, errebuelta askokoa eta zenbait gunetan arriskutsu samarra, euriarekin eta lokatzarekin errepidea labaina egoten baita.

Beragarako Pikunieta baserria WWOOF produkzio ekologikoko sarearen barruan dago. Ardiekin egiten dute lan.

Joxe Ramon Arrietak eta Josebe Blancok zabaldu dizkigute etxeko ateak. Eguerdia da, lapikoa borborka dago, usain paregabea zabalduz sukalde osoan. “Hemen ez da sekula lanik falta. Beti bada zereginik”, esan dute. Turismoren inguruko lan bat dela-eta telefonoz deitu genienean eurak elkarrizketatzeko ideia ez zutela oso ondo ulertu onartu digute lehen momentuan: ez baitira ez landetxe baten jabe, ezta kanpotarrei zuzendutako nekazal eremuko bisita gidatuak antolatzen dituzten enpresa bateko arduradunak ere; euren egunerokotasuna da turismoarekin duten harremana ulertzeko gakoa.

Blanco eta Arrieta WWOOF (World Wide Opportunities on Organic Farms) produkzio sare ekologikoko kideak dira. Nazioartean ezarrita dagoen boluntario sarea da, eta bertan baserri ekologikoak daude, edozein izanik egiten duten jarduera: abeltzaintza, frutagintza, baratzea… Pikunietan ardiekin egiten dute lan, etxeko gaztak salduz ateratzen dutela jornala. Etxean bost senide dira, baina garaiaren arabera wwoffer bat edo bi izaten dituzte mahai beraren bueltan. Hala deitzen diete baserri mundua ezagutzeko eta ikasteko etxean apopilo izaten dituzten bisitariei. “Mantenua, otorduak eta lo lekua eskaintzen ditu baserriak WWOOF sarean. Trukean, boluntarioak konpromisoa hartzen du astean 30 ordu baserriari eskaintzeko, eta euren jardunaren bitartez, ikasteko. Etxe bakoitzak, ordea, bere modura ezartzen du zein izango den eguneroko jarduera”, adierazi du Blancok. Gehien bat “beste jende mota bat” ezagutzeko modua dela dio Arrietak:. “Jendea ezagutu, laguntza hartu eta gure bizimodua erakutsi nahi izaten dugu”. Etxe bakoitzak ezartzen du bere gutxieneko egonaldia. Pikunietan ezarrita dugu gutxienez 3 asteko egonaldia.

Solasaldian ari garela, bikote gazte bat sartu da sukaldera. Elena Galan eta Guilhem Capdeboscq dira, hiru astez Pikunieta baserriko senide izango direnak. Ikastera etorri direla diote, ardiekin aritzea zer den ez dakitela eta abeltzaintzaren mundua ezagutzeko gogoz zirelako aukeratu dutela Bergarako mendigaina. Katalana da Galan; frantsesa Capdeboscq. Turismoaren inguruan hitz egiteko bazkaltzera joango ginela jakitean, euren buruei galdegin zieten Pikunietan egiten zuten jarduna hori ote zen, beste leku bat ezagutzeko modu “ezberdina” baita. Capdeboscq-ek ezetz uste du, turismoa aisialdiarekin lotzen duela eta eurena “aisialdi hutsa baino gehiago” dela argudiatuta. Zalantzaz begiratu dio Galanek eta bazkalaurreko lehen hordagoa jaurti du: “Beharbada turismoa horrelako zerbait izan beharko litzake; eskala txikian eta oso modu integratzailean egiten dena”.

Munduko txoko gehienetan dago baserri ekologikoetan oporrak pasatzeko aukera. Lanaren truke lotarako lekua eta mantenua ematen dute bertan. Argazkietan, Ohio (AEB). Argazkia: WWOOF.

Ados dago Arrieta Galanekin, eta funtsean turistak guztiok garela dio, baita domingeroak ere. “Baserri inguruko turismoa ez dago masifikatuta, bai ordea hirietakoa”. Hiriak, herriak eta pertsonak “atrezzoak” direla gaineratu du Blancok, eta eskema horretan kasik “produktu” bilakatzen dela sistemak hartzen duen guztia. Ez du bere burua zurrunbilo horren barruan ikusten, seme-alaben heziketan eragiten duen erabakia izan baitzen produkzio ekologiko sarean sartzea eta “oso aberasgarria” den bizimodutzat jotzen baitu WWOOF: “Nik ez dut lotzen woffinga turismoarekin. Niretzako turismoak badu kutsu desatsegin bat, eta kosta egiten zait hori gure etxearekin lotzea. Hona etortzen direnek ikasi nahi dute eta euren bizitzaren ikasketa prozesuaren zatitxo bat da egonaldia. Gainera, hemen egon diren askorekin gaur egun harremana dugu, eta elkar zaintzen dugu. Hori turismoa baino gehiago da”.

Elena Galan Bartzelonakoa da
eta ez da kanpotar sentitzen Pikunieta baserrian, ez behintzat turistatzat lotzen duen ideiarekin: “Ezagutzen ez dudan bizimodua gertutik bizitzea da niretzat hemen egotea”.
Bi aste daramatza
artzain lanetan

Galan ez da kanpotar sentitzen Pikunieta baserrian, ez behintzat turistatzat lotzen duen ideiarekin. “Bartzelonakoa naiz eta niretzat turistak zerbait kaltegarria dira. Une bat iritsi zen zeinean gehiegi eragiten zuten nire egunerokotasunean. Lanera joateko bost minutu behar izatetik, hogei minutu behar izatera igaro nintzen kalean jendea saihestu behar izaten nuelako”. Gaur egun Bizkaian bizi da, eta produkzio ekologikoan jasotako esperientzia ikasketa prozesua dela dio. “Ezagutzen ez dudan bizimodua gertutik bizitzea da niretzat hemen egotea”. Bi aste daramatza artzain lanetan eta inoiz imajinatuko ez lukeen arren, telebistan ikusi izan dituen eszenak lehen pertsonan bizitzen ari da: animaliak bazkatzea, kasu. Gainera, euskara ikasten ari da, eta Blancok nabarmendu duenez, ohikoa izaten da bisitariek egonaldia hizkuntza praktikatzeko erabiltzea. Capdeboscqek baserriko nondik norakoak ezagutzeko aprobetxatuko du esperientzia, egungo bizimoduak urrun uzten baititu baserriko ezagutzak hiriguneetatik.

 

 

Maui-ko (Hawaii) etxalde ekologikoa. Argazkia: WWOOF.
Motxila bete poltsikoak ez husteko

Motxila bizkarrean hartuta hogei herrialde inguru zeharkatu dituzte Margaritak eta Koxmek. Izen-abizenik ez dute eman nahi izan, baina beraien esperientzia orriotara ekartzeko prest agertu dira. Thailandian lurreratu ziren orain urtebete pasatxo, soinean behar-beharrezko gauzak soilik eta gehienetan autostop eginez mugitu dira hara-hona. Thailandia, Kanbodia, Laos, Txina, Mongolia, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Turkia eta Europako herrialde ugaritako zigiluak dituzte pasaportean.

Dirutza xahutu gabe ere bidaiatu daitekeenaren froga dira Margarita eta Koxme. Urtebete egon dira etxetik kanpo, eta 5.000 euro inguru behar izan dituzte bien artean. Horretarako aurrezki-makinaria guztia jarri dute martxan: kapritxoak alde batera utzi, txoko turistikoenak ekidin eta tarteka lan egin. Diruagatik erosotasun askori uko egin badiote ere, jendearekin gertutasuna izatea eta ohiz kanpoko lekuak bisitatzea lortu dute. “Gure museoa kalean eseri eta jendea ikustea zen”, dio Koxmek.

Khovd (Mongolia). Bi gaztek kontatu digute nola bidaiatu duten urtebetean hogei herrialde inguru zeharkatuz eta bien artean 5.000 euro gastatuta. Argazkia eurek ateratakoa da.

Urtebete horretan turistak izan ote ziren galdetuta, garbi erantzun du Koxmek: “Bidaiatzen zaudenean, kanpotarra izateak nabarmen markatzen zaitu. Turista zara, nahi edo ez. Guk barre egiten diogu ‘bidaiaria’ edo traveller dela dion jendeari”. Bestalde, kontziente dira atzerrian bidaiatzeko pribilegioa dela europarra izatea eta horri esker ere aurreztu ahal izan dutela. “Autostop egitean, Thailandian adibidez, oso erraz hartzen gintuzten. Ia-ia kotxearen kolorea aukeratu genezakeen”, esan du Margaritak.

Europa mendebaldean aisia kontsumoarekin lotzen badugu ere, Margarita eta Koxmek bisitatu dituzten herrialde gehienetan ez zegoen horrelako ohiturarik: “Jatordu bakarrarekin eta eguna erreka baten ondoan emanda pozik egoten ginen, sinetsi genuen
ez genuela ezer gehiago behar”

Kalean lo egin dute maiz, beste batzuetan hostaletan edo lagunen etxean. Errepideak zalgurdian, kamioietan edota motorrean zeharkatu dituzte. Europa mendebaldean aisia kontsumoarekin lotzen badugu ere, Margarita eta Koxmek diote beraiek bisitatu dituzten herrialde gehienetan ez zegoela horrelako ohiturarik. “Jatordu bakarrarekin eta eguna erreka baten ondoan emanda pozik egoten ginen, sinetsi genuen ez genuela ezer gehiago behar”, esan du Margaritak.

Sofatik sofara, munduan barrena

Kanpinetan edo lo leku ziurrik gabe bidaiatu nahi ez dutenek ez dezatela pentsa uda sasoia etxean igaro behar dutenik. Baserri munduak edo mundu zabal basatiak ez badu norbait behar beste erakartzen, teknologiak eta gizarteak jada eskuragarri jarri ditu beste hainbat aukera.

Libe Osa Arzuagak Perun egin zuen lehen aldiz “ezezagun” baten etxean lo, konpainia truke. Bost egun igaro zituen familia batekin, eurekin jatorduak eta aisialdi denbora partekatuz: “Bidaiatzeko erreminta baliagarria iruditu zitzaidan, baita jendea ezagutzeko ere”. Bigarren aldian hostal itxurako ostatu batean egon zen beste dozena erdi egun pasatzen. “Neska batek hostal modura jarria zeukan bere etxea, eta gela bat couchsurfing-eko erabiltzaileentzat gordea zuen. Esperientzia paregabea izan zen, eta hain eskertuta sentitu nintzen, ezen Euskal Herrira itzultzean nire etxea besteen eskura jarriko nuela erabaki bainuen”. Esan eta egin: etxera itzuli bezain pronto egitasmoaren berri eman zien gurasoei, eta familian adostu ahala, webguneko profila eguneratu zuten. Orokorrean, bidaiariak ingurua interesatzen zaien gazteak izaten direla dio Libek, eta pare bat egun etxean igaro ostean, alde egiten dutela. “Aukera merkea, aberasgarria eta ona da. Hori bai, denbora, esfortzua eta gogoa eskatzen ditu”.

Aipatutako hiru kontzeptuez gain, uda ezberdin bat igarotzeko aukera honek beste faktore bat eskatzen du: norberaren etxea edukitzea. Trukean beste norbaiten teilatupea jasotzea da xedea, ostatu hartzeak inongo kosturik ekarri gabe. Juan Carlos Reparazek “urte asko” daramatza Arbizuko etxea beste familia batzuen esku uzten opor garaian. Brugasen, Marsellan, Gironan eta Menorcan egon da, besteak beste, ezezagunek utzitako etxeetan familia giroan opor egunak pasatzen. Familia “ezezagunak” lehen unean izan ziren, gaur egun, hamar urteren ostean, batzuekin harremana izaten jarraitzen baitu. “Brujasen bi aldiz izan gara, hango etxeko jabeekin hartu-eman paregabea lortu baikenuen”. Etxe-trukaketa interneteko webgune baten bidez egiten da. Aukera paregabea dela dio Reparazek, baina “burua zabalik” izan behar dela ohartarazi du; ez baita ohiko joera izaten edonori norberaren etxeko ateak parez pare zabaltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


Pisu turistikoak debekatu ditzakete bizilagunek, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Donostiako eta Oviedoko bi eraikinetan izandako arazoak direla eta, epaileek auzokoen erkidegoen esku utzi du pisu turistikoak debekatzea. Hala ere, beharrezkoa izango da debekua eraikineko etxebizitzen-estatutuan jasota egotea.


Tasa turistikoa aplikatzeko lehen urratsak ematen ari da Jaurlaritza

Estatu mailan tasa turistikoa erkidego gutxik jarri badute ere indarrean, mundu mailan dagoeneko 137 hiri turistikotan kobratzen dute zerga hori.


Turistifikazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Donostian

Hiritarrek salatu dute turismo jarduerak hirian “gehiegizko bolumena eta pisua” hartu duela. Halaber, egoera “desazkunde turistikorantz” bideratzea aldarrikatu dute, “kalteak handitzea eta iraunkortzea” ekiditeko.


Eguneraketa berriak daude