Omenaldi entretenigarria

I hate music. Leonard Bernstein. Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Koral Elkartea. Zuzendaria: Karl-Heinz Steffens. Bakarlariak: Ainhoa Arteta (sopranoa), Michal Friedlander (pianoa). Piano-laguntzailea: Rubén Fdez. Agirre. Arriaga Antzokia. Ekainaren 23a.

Datorren abuztuaren 25ean, Leonard Bernstein jaio zenetik 100 urte betetzen dira, eta XX. mendeko musika-kultura amerikarraren erreferente izugarri honi omenaldia egiteko, Arriaga Antzokiak kontzertu-espektakulu ikusgarri bat antolatu zuen. Nire ustez, figura honen kalitate eta talentu miresgarriak ez dira  behar bezala goraipatzen, agian publikoak Bernstein lotzen duelako genero konkretu batekin, film musikalekin hain zuzen ere, kontutan hartu gabe konpositore honen produkzio oparo eta anitza. Horrexegatik iruditzen zait benetan txalogarria musikari honi dedikatzea Arriagako aurtengo denboraldiaren azken saioa. I hate music izenburuarekin (konpositorearen ume-kanta sorta baten titulua, hain zuzen ere), musikariaren pasarte famatuak eta ez hain famatuak biltzen zituen saio atsegina eskaini ziguten.

Ez zen ohiko kontzertua izan. Bernsteinen pasarte eta abestiak naturaltasunez lotzen ziren bata bestearekin nolabaiteko music-hall giroan sarturik. Argi-efektuak eta bestelako apaingarriak ez ziren falta, osotasun kuriosoa eginez. Bakarlari pare bat izan genuen: Michal Friedlander piano jole israeldarra, oso eroso Bernsteinen musikarekin, eraginkorra une guztietan, eta gure Ainhoa Arteta, inoiz baino izarragoa. Izan ere, Artetak eraman zuen espektakuluaren pisu handiena. Dotoreki abestu zuen, baina ez zen izan bere aktuazio onena. Erraztasunez mugitu zen eszenatokian, nagusitasunez, diva bat bezala. Sinpatiaz ere bai. Artista gertua eta irribarretsua da, eta hori eskertzekoa da, bai. West Side Story obraren I feel pretty kantarekin hasi zen, nahiko irregularra. Baina gora joan zen tolosarra beste abesti batzuekin. I hate music adibidez, graziaz beterikoa atera zitzaion; My name is Barbara gustura entzun genuen; Peter Pan obratik ateratako Dream with me kanta oso adierazkorra iritsi zitzaigun. Baina Somewhere kantan, berriz, ez zuen asmatu tentsioarekin. Hori bai, hobetu beharko luke bere inglesaren ahoskatzea.

Bilboko Koral Elkarteak momentu distiratsuak oparitu zizkigun. Mass obraren Gloria in Excelsis ederki interpretatu zuten, adibidez, erritmoz eta adorez. Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lana, Karl-Heinz Steffensen batutapean, doia izan zen uneoro.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude