"Zapalkuntzaren historia australiar guztientzat da garrantzitsua, ez soilik aborigenentzat"

  • Kementasunaren adibide da Linda Burney (1957). Ama zuria eta aita aborigena zituen eta zurien landa-herri txiki batean jaio zen, Australian beltzak eta zuriak nahastea debekaturik zegoen garaian. Politikari eskaini dio bizitza eta bi aldiz egin du historia: 2003an, Hegoaldeko Gales Berriko Gobernuko lehen parlamentari aborigena izatea lortu zuenean, eta 2016an, Australiako Parlamentuko lehen emakume aborigen bihurtu zenean.

Izutzekoak dira britainiarrek Australiako aborigenei egindakoak. Kolonizazioa genozidio odoltsua izan zen eta Tasmania uhartean esaterako, guztiak akabatu zituzten. Kultura, hizkuntza eta sinesmenak ere erabat desagerrarazi zituzten.
Kolonizatzaileak oso basatiak izan ziren bertakoekin. Erabateko inbasioa izan zen, ez asentatzea. Ni Wiradjuri aborigen komunitatekoa naiz, eta gure komunitatea izan zen britainiarren kolonizazioa jasaten lehenengoa. Erakutsi zuen erresistentzia dela-eta, bertan aplikatu zen lehen aldiz Australian Gerra-Legea, 1923an. Lur hauetan ura ere pozoitu zuten, herritarrak hiltzeko, baina hiltzailerik handiena dudarik gabe izan zen gaixotasunak sartu izana: hortz txikien gaixotasuna, hotzeria, gripea... Aborigenek ez zituzten gaixotasun horiek ezagutzen eta ez zekiten nola aurre egin; izugarrizko izurritea izan zen. Duela 230 urte gertatu zen arren, ondorioak oraindik ere modu bidegabeenetan sentitzen eta ikusten ditugu. Izan ere, inbasioaren ondoren erabilitako politika krudelek kolonizazioak adinako mina eragin dute, haur aborigenen bahiketek esaterako.

“Thestolen generation” delakoa, hain zuzen.
1900 eta 1970 urteen artean, britainiarrek milaka haur lapurtu zituzten, eta dokumentu ofizialetan hala agertzen da. Aborigenek ez zutela luzaroan biziraungo uste zuten eta horregatik aborigenen artean zurienak ziren haurrak bahitu eta zuriei ematen zizkieten, haurrak salbatzeko zela argudiatuta. Haur horietako askok izugarrizko abusuak jasan zituzten harrera etxeetan. Guztientzat izan zen lazgarria kolonizazioa, baina senideengandik banandu eta berriro inoiz elkartu ezin izan zuten guraso eta haurrentzat, are lazgarriagoa. Askok eta askok alkoholean eta drogetan aurkitu zuten ihesbidea.

“Inbasioaren ondoren erabilitako politika krudelek kolonizazioak adinako mina eragin dute, haur aborigenen bahiketek esaterako”

Haur horiek, hortaz, ez ziren euren familiekin itzuli?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Oraindik ere haur horietako asko bizirik daude, politika hau ez baitzen erabat amaitu 60ko hamarkadaren amaierara arte. Eta hezkuntzarako eskubidea adibidez 1972. urtean izan zuten lehen aldiz Hegoaldeko Gales Berrian aborigenek. Kolonizazio urteez gain, hurrengo urteetako politika penagarriek sufrimendu handia ekarri dute.

Garai berean amaitu ziren immigrazio politika gogorrak.
Bai, 70eko hamarkada hasieran. Ordura arte, Australiarako sarbidea debekatu zitzaion azal iluneko orori, indiarrei esaterako.

Bestalde, 1952tik 1963ra britainiarrek hamabi proba nuklear egin zituzten aborigenak bizi ziren lurretan.
Australia hegoaldean egin zituzten probak, Maralingan. Nire aitaordea Australiako armadan zegoen eta proba nuklear horietan parte hartu zuen. Garai hartan ez zituzten babes-arropa egokiak erabili eta armadako kideek bizitza guztian nozitu zituzten probek eragindako gaixotasunak, tartean nire aitaordeak. Aborigenei dagokienez, izugarrikeriak kontatu zizkidan: ez zieten proben berri behar bezala eman eta ez zituzten proben eremutik atera, ez zituzten leku seguruetara eraman. Oraindik ere ikus daitezke proben eraginak bertako jendearengan, itsutasuna eta beste hainbat gaixotasun. Britainiarrek, noski, ukatu egin dute eta ez dute erantzukizunik hartu; ez dute ordainagiririk ordaindu ez lurrik garbitu.

Hau guztia nahikoa ezaguna al da nazioartean?
Pentsa, nazio mailan ere ez da behar adina ezagutzen… Espainia, Britainia, Alemania, Frantzia, Belgika… Guztiak izan dira kolonizatzaileak. Hego Amerikako eta Afrikako kasuak ikusi besterik ez dago. Australiaren kasuan, frantsesak ere bazebiltzan kolonizatu nahian eta kolonizatuak izan diren herrialde guztietan antzeko basakeriak egin dira, kultura, hizkuntza, lur eta herri osoak desagerraraziz. Bertakoen identitatea suntsitzen eta haiena inposatzen saiatzen ziren, leku sakratuak hondatzen zituzten eta haien erlijioak inposatzen. Pazifikoko uharte gehienak elizez bete zituzten, ebanjelizazioaren izenean. Baina kasu guztietan, indigenen kulturak nolabait bizirautea lortu du; aldatu egin da, ezberdina da, baina gure indigena identitatea mantentzen dugu eta identitate hori da herri bezala bizirauteko tresna. Amaren aldetik eskoziar arbasoak ditut, baina ni aborigen jendearekin identifikatzen naiz. Oso garrantzitsua da identitatea zer den ulertzea, kolonizazioaren efektuak zein diren ulertzeko.

“Indigenen kultura aldatu egin da, ezberdina da, baina gure indigena identitatea mantentzen dugu eta identitate hori da herri bezala bizirauteko tresna”

Nola ikasten da historiako zati hau Australiako ikastetxeetan?
Lan asko egin da aborigenen ikuspuntua, kultura eta bizimodua lantzen dituen ikasgaia eskolako curriculumean sartzeko. Gainera, gero eta eskola gehiagotan ospatzen da Aborigenen Aste Nazionala eta gero eta eskola gehiagok dute atarian Australiako egungo bandera ofizialaz gain aborigenena ere. Hau guztia ezinbestekoa da, gazte askok eta askok eskolari esker ezagutzen dutelako benetako historia. Mantso, baina ari da egoera pixkanaka aldatzen eta gero eta gehiago dira britainiarren kolonizazioa inbasio moduan ikusten dutenak.

Eta izan al da inoiz australiar zuri auzipeturik, genozidio krimen hauengatik?
Akusazio batzuk eta epaituak ere izan dira, baina bakar batzuk soilik.

Urtarrilaren 26an Australiaren Eguna ospatzen da. Urtero bezala aurten ere manifestazio ugari izan zen kaleetan, ospakizun hau beste egun batera aldatzeko eskatuz.
Nire iritziz, ez da ospakizunerako eguna, ezta australiarrak batzen dituen eguna ere. Egun horrek Hegoaldeko Gales Berria kolonizatu zen eguna oroitarazten du eta australiar askok ez dugu egun hori nazioaren sorrera gisa bizi, aborigenei egindako sufrimenduarekin lotzen dugu. Aurten gainera, herri agintari batzuek erabaki dute ez ospatzea. Gogoetarako eta egia gogoratzeko erabili behar den eguna da, eta gero eta gehiago dira horrela pentsatzen dugunak.

“Ama zuria nuen eta aita aborigena, ezkontzaz kanpoko harreman baten fruitua izan nintzen eta nire ama gaixoak herritik ihes egin behar izan zuen. Aitak berriz, ez zuen nire jaiotzaren berririk”

Zure historia pertsonala ere berezia da. Zurien landa-herri txiki batean jaio zinen, beltzak eta zuriak nahastea debekaturik zegoen garaian. Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Amaren izeba-osaba eskoziarrek jaso ninduten, harrera etxea saihesteko; erabaki ausarta izan zen haien aldetik. 65 eta 70 urteko anai-arrebak ziren eta oso ondo hezi ninduten. Ama zuria nuen eta aita aborigena, ezkontzaz kanpoko harreman baten fruitua izan nintzen eta nire ama gaixoak herritik ihes egin behar izan zuen. Aitak berriz, ez zuen nire jaiotzaren berririk eta 28 urte nituela lortu nuen beraiekin harremanetan jartzea. Eta a zer sorpresa, hamar anai-arreba nituela jakitean! Guztiak ezagutu ditut, eta neba batekin bereziki oso harreman estua dut. Oso printzipio eta balio sendoekin hazia eta oso maitatua izan nintzen, baina beti sentitu nuen zati bat falta zitzaidala…

Bost urte igaro zenituen aitaren bila.
Bai, oso zaila izan zen eta azkenean aurkitu nuen, baina oso ohikoa izan da aborigenontzat. Lapurtutako generazioko hainbat haur ibili da gerora senideen bila. Garai hartan arrazismo izugarria bizitu genuen, aborigenenganako eta egiarekiko errefusa ikaragarria zen. 10 urte nituen 1967ko erreferenduma gauzatu zenean.

Hain juxtu, erreferendumaren harira orduan egin zinen australiar herritar, esan izan duzunez. Zer erabaki zen zehazki erreferendum horretan?
Erreferendumaren galdera honakoa zen: “Aborigenak kontuan hartuak izan behar al dira?”. Alegia, Australiako herritar gisa onartuak eta nazio gaietan aintzat hartuak, ordura arte ez baikinen inongo dokumentu nazionaletan azaltzen. Aborigenak ez ziren benetako pertsona gisa hartzen. Erreferendumean baiezkoa gailendu zen eta gobernu barruan Aborigenen Gaietarako Departamentua sortu zen.

“Lan handia ari gara egiten guztia ez dadin ikuspegi ezkorretik ikusia izan eta aborigenen eta zurien artean elkarbizitzarako eman ditugun pausoak eta lorpenak ere jakin daitezen”

Sarri esan duzu Australian Apartheida existitu dela.
Apartheid moduko bat izan zen. Aborigenak basamortuan bizitzera behartu zituzten, zuriak herrietan bizi zirelarik. Haur aborigenek 3. gradura arte soilik jasotzen zuten hezkuntza eta irakasleak ez ziren izaten behar bezala prestatuak. Gure bizitza Australiako Gobernuak kontrolatzen zuen, nora joan gintezkeen, zer egin genezakeen, norekin ezkondu gintezkeen... Milaka haur bahitu zituzten, gure hizkuntza hitz egitea, gure kultura eta ohiturak praktikatzea debekatu ziguten. Aborigenen auzoetatik atera ahal izateko agiri bat lortu behar genuen, pasaporte moduko bat, argazki eta guzti, eta bertan zehazten zen zenbateko aborigen odol portzentajea zenuen. Gauza bera ikasketekin jarraitu ahal izateko edo lan egiteko.

2003an Hegoaldeko Gales Berriko lehen parlamentari aborigena izan zinen eta 2016an Australiako Parlamentuko lehen emakume aborigena.
Harrotasun handiko unea izan zen eta indigenen komunitateak ere pozarren jaso zuen. Sarri egokitzen zait aborigenen inguruko gaietan parte hartzea, nahiz eta ez naizen bereziki horretarako hautatua izan, Barton eskualdea parlamentuan ordezkatzeko baizik. Baina jakitun naiz jendeak ez zaituela besterik gabe hautatzen, zure ibilbideagatik baizik, egindako lanagatik eta izandako jokaeragatik, eta nire boto-emaileak aborigen komunitatea eta australiar emakume zuri gazteak izan dira batez ere, beraz beraien eskubideak errespetatuak izan daitezen egingo dut lan bereziki.

Zein da gaur egun aborigenen egoera sozio-ekonomikoa? Ba al daude euren eskubideak eta kultura babesteko legeak?
Legediko atal asko dira kontuan hartu beharrekoak, alde batetik Estatu bakoitzekoak eta bestetik Gobernu Federalekoak, lurren eskubideei dagozkionak esaterako. Baina bada lege espezifiko bat Australia osorako, kultura, erlijioa, hizkuntza eta espiritualitatea babesten dituena.

Etorkizunera begira, baikorra zara?
Asko ari da aldatzen egoera, australiarrek gero eta gehiago dakite gertatutako izugarrikeriez eta hori garrantzitsua da, jakinaren gainean egoteak aborigenen egoera ulertzen laguntzen baitu. Aborigenen zapalkuntzaren historia australiar guztientzat da garrantzitsua, ez soilik aborigenentzat. Herrialde berezia gara, historian giza-okupazioa beste inon baino denbora luzeagoan jasan duen herria gara. Hala ere, lan handia ari gara egiten guztia ez dadin ikuspegi ezkorretik ikusia izan eta aborigenen eta zurien artean elkarbizitzarako eman ditugun pausoak eta lorpenak ere jakin daitezen.

Goiko argazkian, 2016an, parlamentuan kargua lortu eta bere lehenengo agerraldian, familiako mantu zeremonial bat eskuetan duela. “Ulertu behar da aborigenen artean sekulako dibertsitatea dagoela, ehunka nazio aborigen ezberdin daude Australia osoan eta nazio bakoitzak hezkuntza, hizkuntza eta sinesmen ezberdinak ditu, antzekotasunak ere badituzten arren”.

 


ASTEKARIA
2018ko uztailaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Australiako aborigenak
Australiako Egun Nazionala “inbasioaren eguna” dela aldarrikatu dute milaka lagunek aurten ere

Britaniarren kolonialismoaren aurka egin dute, ekintzaile aborigenek inbasioaren eguntzat hartzen baitute. Melbournen hainbat monumentu kaltetu dituzte, esaterako, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua.


Jatorrizko herritarrak konstituzioan onartzeari uko egin dio Australiak erreferendumean

Konstituzioaren zuzenketaren proposamena Anthony Albanese lehen ministroak bultzatu du. Hala ere, herrialdearen gehiengoak ezezkoa bozkatu du erreferendumean.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Indigenak aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.


Australian jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute

Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak ekarpenak egingo ditu aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Azken 50 urteetan ez da aldatu Australiako Konstituzioa.


Hamaika aborigen baino ez daude Australiako Parlamentuan

Alderdi ezberdinetakoak dira, eta orain arte egon den aborigen-errepresentaziorik handienetakoa da.


Eguneraketa berriak daude