Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Publikoaren alde

Publikoaren alde

Elena Laka 2007/10/04 11:28

 

Publikoki adierazten dut gauza publikoaren alde egite asmotan, astean behin zerbitzu publikoa erabiltzen dudala, eskubide publiko bat gauzatzeko joan-etorria egiteko. Astean behin, behintzat, autobusaz baliatzen naiz Bergara-Eibar ibilbidea egiteko, lanerako joan-etorria egiteko.

 

Publikoa oro har pozik dago zerbitzuarekin. Batez ere enpresa publiko baten ustiatzen duen errepide publikotik doan zerbitzua. Autopistari esker, ordu laurdenean egiten da ibilbidea, nahiz eta oso maiz Bergarara autobusa atzerapenaz etortzen den. Orain gainera ordutegia publiko egin dute, geralekuko poste batean orri bat itsasiz. Lehen ordutegi-orri bat zeukan bidaiari zortedunak miresmen publikoa jasotzen zuen geralekuren batean ateratzen zuenean. Bidaiariak inoren sorbalda gainera igotzeko kapaz ginen autobusaren ordua jakiteko.  

 

Bidaia laburra da, baina edozer gauza gerta liteke tarte horretan. Zerikusi handia daukate gidariek. Denetarik dago: garraio publikoan zaildutako txoferraren letxe txar zuzena daukatenak, funtzionario publiko topikoaren axolagabekeria agertzen dutenak, edo publikoarekin lanean ohituta, bereziki atseginak direnak. Zeresan handia du horrek bidaiaren nondik-norakoan. Hala ere, ia guztiek ipinita izaten duten irrati katea publikoa da, publikoan gehien hitz egiten den hizkuntzan egiten dena.

 

Autobus barruko zertzeladak ere konta daitezke. Behin, publiko txikian, bost bidaiari ezezagunen artean, suetenaren etena analizatu genuen. Gero esango dute zaila dela zenbait gauzaz publikoki hitz egitea! Beste behin, autobusean neu publiko bakarra izanda, txoferraren ondoan joan nintzen, berarekin berriketan.

 

Aste honetan nobedade bat daukagu garraio publikoaren komunitatean: txartel bakarra. Publikoa gustora somatzen da: erosoa da eta merkexeago aterako da. Administrazio publikoak baina publikoan azalduta inon ikusi ez dudan trikimailua egin digu: txartelaren prezio publikoa 1,30 eurotik 1,75 eurora igo dute, urte hasieran izan zen 5 zentimoko igoeraz gain. Hau da, 2007 urtean Bergara-Eibar bidai publikoa %40 garestitu dute. Justo txartel batuarekin lortuko den prezio beherapena.

 

Badago modu publikoan, publikoaren aurrean, honen zergaitia argudiatuko duen zerbitzu publikoaren arduradunik?  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.