Herritarron neurriko ekipamenduak behar ditugu

Azken 15 urteotako ohiturari jarraituz, txistu kontzertua egin genuen atzo. Badira urte batzuk udaletxeko osoko bilkuren aretoan egiten duguna; Maristetako zinema aretoan egiten genuen lehen, baina hura bota zutenetik udaletxean egin dugu urtero. Osoko bilkuren aretoa ez da lekurik aproposena, baina Antzuolan dauden beste aukerak ikusita txarrena ere ez. Leku txikia da, baina soinuari dagokionez herrian orain dugun onena.

Aurten ere bete egin da aretoa. Esango nuke jarrita baino jende gehiago zegoela zutik. Horrelako kontzertu baterako txiki gelditzen da udaletxea eta txistulariok bakarrik ez, herriko jende asko deseatzen egongo da kultur jardueretarako areto eroso, moderno eta erabilera anitzekoa edukitzeko.

Ai… inbidiaz begiratzen diot Elgetako Espaloia Kafe Antzokiari. Herri txiki batendako irtenbide bikaina iruditzen zait. Kultur ekintzak eskaintzeaz gain herritarren topagune ere bada eta herrian kultura bultzatzeko elkartzeko guneak egotea da onena.

Baina, Antzuolan, irudipena daukat, askotan uste dugula hiri handi batean bizi garela eta gauza handiak egitea gustatzen zaigu. Eraikin handi bat egingo dugu gauza pila batekin, benetan herritarrek zer nahi duten ondo aztertu barik. Seguru ekipamendu horietako asko behar direla herrian, ez dut hori ukatuko. Baina, hobe izaten da batzutan handikerietan ibili beharrean umiltasun pixka batekin jokatu eta herriari entzutea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude