Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Hegal egiten (V)

Hegal egiten (V)

Mikel Iturria 2016/03/14 21:25
Neskatoak + La mirada del otro

Neskatoak

Astearte arratsaldea da. Dei bat patrikakoan. Hondarribira Jon Abrilen Neskatoak dokumentala ikustera joateko asmoa duen laguna da. Denboraz larri nabil, baina ez da ezetzik esan behar horrelakoetan.

1950-1970 hamarkadetan Iparraldera (baita Parisera ere) neskame joandako Baztango dozena bat emakumeren testigantzak biltzen ditu Jonen lanak. Hobeto filmatua eta muntatua egon litekeela? Seguru baietz, baina halere dokumentalak gogobete ninduen, oso gertuko istorioak direlako eta maitasunez egina dagoelako. Barre ere egin genuen, hizlarietako batzuk txispa berezia dutelako kontu-kontari aritzeko.

Hilaren 6an bota zuten estreinakoz Jonen herrian, Beran. Esan bezala, martxoaren 8an Hondarribian ikusi nuen (200dik gora ikusle, gehienak emakumezkoak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatu baitzuten) eta aste honetan bertan, martxoak 16, Donostiako Koldo Mitxelenan proiektatuko dute Neskatoak (emanaldi guztiak filmaren webgunean daude).

Hurrengo egunean, lagun batekin hizketan, esan zidan planteamenduak gogorarazten ziola A las puertas de París dokumentala, Marta Hornok eta Joxean Fernández-ek (bai, Euskadiko Filmategiko zuzendariak) 2008an Parisko atezainei buruz egindako lana. Kasu honetan, erretirotik gertu (edo jada jubilatuta) dauden hainbat emakume espainiar elkarrizketatu zituen bikoteak eta sarean ikusgai dago.

La mirada del otro

Pasa den astean ere izan genuen Donostian, martxoaren 7tik 10era, dFERIAren 2016ko edizioa. Dantza eta antzerkia jorratzen du jaialdiak eta programatzaileei zein publikoari begira eginikoa da.

Tamalez, obra bakarra ikusi dut, La mirada del otro, 2011n Langraitzen ETAko disidente eta erakundearen biktima batzuen artean izandako topaketen harira egindako antzezlana. Esku artean duten materiala indartsua da (solasaldietan oinarritutako elkarrizketak eraman baitituzte taula gainera). Hiru aktore: bitartekaria, ETAkidea eta biktima. Eszenatokia ere oso sinplea: bi mahai eta hiru aulki, behin eta berriro tokiz mugitzen dituztenak aktoreek.

Uste dut pasa den irailean estreinatu zutela Eibarren eta, Donostiara iritsi bitartean, arazoak izan dituzte Huelvako Cartaya herrian aritzeko (zentsuratuak izan direla salatu du Proyecto 43-2 konpainiak).

Niretzat interesgarriena ondoren izandako mahai-ingurua izan zen (eta ematen du hori gertatzen dela toki askotan). Jaime Otamendi aritu zen moderatzaile lanetan eta, hiru aktoreez gain, Maixabel Lasa (ETAren biktima) eta Edu Santosek (topaketetan bitartekari izandakoa) osatu zuten koadroa. Publikoak ere hartu zuen parte, eta normalean gertatzen ez den bezala, ekarpen interesgarriak eta zentzuzkoak egin zituzten hitza hartu zutenek.

Adibidez, Guardia Zibilak duela 40 urte hildako pertsona baten arreba ei zenak esan zuen berari ere gustatuko litzaiokeela horrelako aukera bat izatea, anaia hil zuenarekin hitz egitearena, hain zuzen ere. Edu Santosek ihardetsi zion horretarako derrigorrezkoak zirela une honetan ematen ez ziren hiru baldintza: Justiziak bere lana egitea eta kondenatzea, pertsona horrek damua agertzea eta prest azaltzea gero biktimarekin egoteko.

Konpainiakoek (Estibaliz Curiel, Pablo Rodríguez eta María San Miguel) Alacant-eko Elda herrian ikasle batzuekin berriki izandako topaketa azpimarratu zuten. Kasu honetan, antzezlana baino lehen elkartu ziren eta gehiengoak ez zuen bigarren aukerarik eman nahi: hiltzaileei gogor egin behar zaiela. Halere, solasaldian zehar hainbat lagunek diskurtsoa aldatu zuten eta batzuk ondoren antzezlana ikustera hurbildu ziren.

Volando voy (V), este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter