Zerupean eta zeropean

solasturi 1456152749042 Solasturi | 2006-02-09 16:43
4

Ezaguna dugu –pe atzizkia, aski esanahi argia ematen diena izen batzuei: zuhaizpe, teilatupe, besape… Izen abstraktuago batzuetara ere hedatu da erabilera: diktadurapean bizi izan, halakoren agintepean… Gaur egun, zeropean eta zeropetik modukoak ere entzuten ditugu: “5 gradu zeropetik Gasteizen”, “zeropeko tenperaturak gaur goizean toki gehienetan”… Zalantzaren bat sortzen didate niri forma horiek, baina ez dut uste berez gaitzestekoak direnik. Zer diozue zuek, solasturiok?

Bide hori egokitzat joz gero, kirol-maila batzuk izendatzean izaten dugun (nolabaiteko) arazo bati beste irtenbide bat ere eman dakioke: “18 urtez azpikoak”, “23 urtez azpikoak” eta halakoak erabiltzen ditugu gehienbat (erdaraz “sub-18”, “sub-23” eta abar). Bada, beharbada, zerbait laburrago behar izanez gero 18pekoak, 23pekoak eta abar esan liteke. Gustura jakinen nuke zer deritzezuen aipatutako bi forma hauei: “zeropetik” eta “18pekoak”.

Dena esatekotan, esan behar da pe ez dela atzizkia bakarrik: zenbaitetan (euskalki batzuetan, bereziki), posposizio gisa eta izen gisa ere erabiltzen da. Begira, bestela, zer dioen Hiztegi Batuak:

pe 1 "p" letraren izena
pe 2 Ipar. (leku-denborazko kasuetan): zuhaitz baten pera badoa etzatera.

Itxura batean, azpi izenaren sinonimo bete-betea da hor pe. Iparraldeko euskalkietakoa dela dio oharrak. Testu-bildumetara joz gero, erraz samar egiaztatuko dugu hori. Hona adibide batzuk, www.armiarma.com gunetik eta Ereduzko Prosa Gaurtik hartuak:

• Jakitekoa da, aurtengo sasoia gaizki bukatu dela gure kirolarientzat eta helduden urtean peko mailarat jausten direla (Herria, 2003-05-08, 4. or.).
• Baikor sentitzen zen eta eguzki laranjaren peko paisaje bat aukeratu zuen. (Pasaia blues, Harkaitz Cano, Susa, 1999)
• Nantesen Carriek hil arazi zituen, batzuek diote hogoi eta bi mila, bertze batzuek hogoi eta hamar mila, zoinen artean baitziren bost ehun haur hamalau urthez pekoak. (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Mixel Elizanburu).

Esapide jakin batzuetan, hondoratzea edo hondatzea adierazteko erabiltzen da, gehienbat peko zolara joan eta peko errekara joan esapideetan. Hona hemen Intza lokuzio bilduman ageri diren adibideak:

peko erreka jo
Azalpena: hondatu
Adibideak: Peko erreka joa zuen gure kolesioak. Munduko gorena, hogoita-hamar bat ixtudiant Eskual-Herri guzitik. ETCHEBERRY, J. B. Hazparneko misionestak, 1986.

(inor) peko errekara igorri
Azalpena: mesprezatu, hondatutzat eman
Adibideak: Hori izan da Zelandiarren nagusitasuna. Ez ditzagun, halere, frantses jokolariak peko errekara igor. Jokatu dira zituzten ahalekin, bainan ez Tolosan bezala ez baitzituzten behar ziren ahalak. Herria, 1995.

peko errekarat erori
Azalpena: hondatu
Adibideak: Betidanik izan dire mende guzietan Attilaren iduriko gizon oihes, barbaro, odol ixurleak. Bainan horientzat askotan gertatu gaineko mailetik peko-errekarat erortzea eta hondatzea. ETCHEBERRY, J. B. Lehengo eta oraiko gora-beherak, 1991.

“Azpi” arrunta adierazten dutenak ere badira, esapide interesgarri hauetan:

(inoren) peko zamaria urrez zelatu
Azalpena: aberatsa izan
Adibideak: Haren peko zamaria urhez da zelatzen
HERRI KANTUTEGIA Sallaberry, J. Chants populaires du Pays Basque, 1870 HERRI KANTUTEGIA Michel, F. / Irigaray, A. Poesías populares de los vascos, I. HERRI KANTUTEGIA Arratia, M. Cancionero popular del País Vasco I.
Kontzeptuak: ABERASTASUNA

pekoz gain
Azalpena: alderantziz edo nahaspilan
Adibideak: Hiri guzi pecoz gain itzuli zuen bere predicuen indarraz. LAPHITZ, F. Bi saindu hescualdunen bizia, 1876.
Kontzeptuak: ALDERANTZIZ / NAHASPILA
Gazteleraz: patas arriba
Frantsesez: les quatre fers dans l'air

Toki-denborazko zentzu horretatik (‘azpi’, ‘behere’…), 'menpeko / mendeko' zentzura lerratu da erabilera. Adibide hauek, berriz ere, www.armiarma.com gunetik hartuak dira:

• Beraz, hil zenean, haren peko ziren animalia orok biltzar egin zuten. (Goietxe, Leonce: Fableak edo alegiak).
• Haietarik bat bederen, bertzearen botere eta nagusitasunetik kanpo liteke eta bertzea haren peko. (Lapeire, Etiene: Credo edo Sinhesten dut esplikatua).

Zuen iritzi zorrotzaren pean ezartzen dut hemen esandako guztia; batez ere, hasieran agertutako zalantzak. Erantzunen zain.

Solasturi

Solasturi 2006-02-09 17:45 #1

Orain ohartu naiz Asier Larrinagak behintzat ez daukala zalantzarik lehenbiziko puntuarekin, artikulu honetan ageri denez. Gainera, ez ote da horko adibide batzuetan beste jauzi bat ere ematen joskeran, "30 gradu zeropera jaitsi da" eta halakoetan?

iratxe

iratxe 2006-02-09 21:43 #2

Kirol arlorako be erabilten hasita gagoz 18peko selekzioa eta holakoak. Izan be, ahoz dana konpondu leike, baina ez da erraza pantailan labur idatzi behar danerako.

Bitxia egiten jatzu "30 gradu zeropera jaitsi"?

Solasturi

Solasturi 2006-02-09 22:59 #3

Bai, bitxia egiten zait, joskeran loturik baitoa hor "30 gradu zerope". Ezin dugu alderatu, nire ustez, "30 gradu behera" esatearekin: honetan, "30 gradu behera egin du" nahiz "30 gradu egin du behera" esan dezakegu. Bestea gehiago da "30 gradu zeropekora jaitsi", "zeropeko 30 gradura jaitsi" edo horrelako zerbait. Ez? Beharbada buelta gehiegi ematen ari naiz.

Iñigo

Iñigo 2006-02-10 08:46 #4

Termometroaren irudia erabiltzen dugu tenperaturari buruzko esakunetan.

Tenperatura igo / tenperaturak behera egin = epeldu
Tenperatura jaitsi / tenperaturak gora egin = hoztu

Izan ere, halakoetan merkurioak gora edo behera egin duen aintzat hartzen da. Hortik ere, "tenperatura altua/baxua" egiten da. Beraz, alderdi horretatik, badirudi zilegi dela "zeropetik" egitea. Dena den, grafikoetan ez dago zalantzarik (-10 ºC), eta ahozkorako ere neuri, behintzat, taxuzko begitantzean zait "minus hamar gradu" esatea, hizkuntzaren ekonomiaren aitzakian.

Selekzioetarako, ostera, ez nuke erabiliko. Gordintxoa begitantzen zait. Ez galdetu zergatik. Nik "18 urtetik beherakoen selekzioa" esango nuke, eta laburrean, "sub18 selekzioa". Jakina, ikusi egin behar hungarieraz eta suomieraz zelan esaten duten.

Utzi iruzkina: