Gizartea -

Nafarroa

Hildako bat eta hiru zauritu larri auto-istripu batean, Oteizan

Ezbeharra NA-132 errepidean, 7. kilometroan, jazo da, 17:37ak aldera.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

47 urteko emakumezko bat hil da larunbat honetan Oteiza parean izandako auto-istripu batean. Ibilgailua bidetik atera da, eta petril baten aurka egin du talka, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Gidaria, emakumezkoa, alegia, bertan hil da, Villatuertako mediku-talde batek baieztatu duenez. Gidariaren ondoan zihoan 50 urteko gizonezko bat helikopteroz eraman dute ospitalera, eta traumatismo handiak ditu bularrean eta sabelean. Gizona larri dago.

Gainera, beste bi lagun zihoazen autoan: bi adingabe. Horietako bat Nafarroako Ospitalera eraman dute, traumatismo handiak baititu sabelean eta buruan. Bigarren adingabea, berriz, Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalera eraman dute, eta traumatismoa ere du sabelean eta bularrean.

Lizarrako suhiltzaileek bidaiari guztiak erreskatatu dituzte, eta geroago, errepidearen garbiketa-lanetan ere aritu izan dira. Gainera, DYAko boluntarioek, Lizarrako Herritarren Segurtasunerako hainbat taldek, eta Iruñeko Errepide Segurtasuneko eta Iruñeko Argiketa Taldeko zenbait kidek parte hartu dute.

Nafarroako Poliziak ikerketa abiarazi du istripuaren arrazoiak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak errepideetan Nafarroa gaur