Mundua -

Alemania

Lagun bat hil eta 3 zauritu dira Munichen, gizon batek labanaz erasota

Hasiera batean eraso jihadista izan zitekeela zabaldu bada ere, Bavariako Barne ministroak aukera hori baztertu du.

Ikertzaileak, erasoa izan den lekua arakatzen. EFE
Poliziak ez du jihadsimoarekin loturarik aurkitu Municheko erasoetan

1:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Labana batekin armatutako eta buruko gaitzen bat duen gizon bat Ebersberg herriko (Munich ekialdea, Alemania) tren geltoki batean sartu da, eta bertan zeuden lau bidaiariri eraso die. Lagun bat hil da eta hiru zauritu dira, Bavariako Fiskaltzak jakinarazi duenez.

Ustezko erasotzailea, 27 urteko alemaniarra, handik gutxira atxilotu dute.

Erasoa 04:50ean jazo da, Grafing tren geltokian, Ebersberg herrian.

Hasiera batean, eraso jihadista izan zitekeela zabaldu dute Alemaniako egunkariek. Izan ere, lekukoen hitzetan, ustezko erasotzaileak "Allahu Akbar" (Ala handia da) oihukatu du.

Eguerdian, baina, hipotesi hori gezurtatu du Joachin Herrmann Bavariako Barne ministroak. Kazetariei azaldu dienez, 27 urteko Alemaniako gizasemeak arazo psikiatrikoak ditu, baita drogarekin lotutakoak ere.

Zauritutako lau lagunetatik bi ospitalera eraman dituzte, eta horietako bat, Wasserburgeko 50 urteko bizilaguna, bertan hil da. Zaurituek 43, 55 eta 58 urte dituzte.

Bavariako Poliziak ikerketa abiatu du, baina sekretupean ipini dute.

Behin-behineko neurri gisa, tren geltokia itxi dute, eta Municheko 4. lineako aldiriko trenen zerbitzua bertan behera utzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Alemania albisteak Gaurko azken orduko albistea