Profesionalen pare bertsotan

Urretxu-Zumarragako helduen bertso eskolako kideek ez dute atsedenik hartu joan den asteburuan:

Ostiralean, uztailaren 6an, Fredi eta Xabi Paia eta Iker Zubeldiarekin aritu ziren bertso afaritan Uxue eta Antton Fernandez, Urretxu eta Zumarragako geltokietako jaietan, 50 bat lagunen aurrean. Herrian profeta izatea erraza ez den arren, Bizkaiko eta Zegamako txapeldunek gozo hartu zituzten eta txukun kantatzen saiatu ziren. Gonbidatu sorpresa bat ere izan zen afalostean, gainera. Beñat Torres haurren bertso eskolako kidea kantariengana gerturatu eta haiekin batera aritu zen koplatan, herritarren txalo zaparradak eraginez.

Larunbatean, uztailaren 7an, Arabaraino joan ziren bertsotara Uxue eta Antton Fernandez eta Asier Iriondo Legazpiko bertsoolaria. Barrundia udalerriko Heredia herrian jaiak zirela eta, bertso afaritan jardun ziren. 20 bat entzuleri ia ordubeteko saioa eskaini zieten, zortziko nagusian, zortziko txikian puntutan eta kopla txikian. Azken agurretan aitortu zutenez, Heredia mapan eta beren bihotzetan kokatzen ikasi zuten. Saio ondoren, herriko jaietako berbenan eta 'tiropitxoian' entretenituta gero bueltatu ziren Gipuzkoa aldera.

Argazkietan bertso afariko eta jaietako kartelak:

     

Bestalde, atzo bertan (uztailak 7), Aitor Lizarazu helduen bertso eskolako kidea bertsotan aritu zen Gipuzkoa FM irratiko ''piztuka miztuka" irratsaioaren azken atalean, Gorka Santestebanek gidatu duen saioan.

Udak ere energiaz bete ditu, beraz, helduen bertso eskolako kideak. Halaxe segi dezatela.


Utzi iruzkina: