Walter Becerra eta Maider Fraile izan dira azkarrenak XII. Izarraizko mendi lasterketan

Uztarria.eus 2016ko mai. 7a, 22:08

16:00ak jotzearekin batera, 110 korrikalari inguruk ekin diote Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako XII. Izarraizko mendi lasterketa nagusiari. Ordu erdi beranduago, 16:30ean, 60 lagun atera dira aurten berrikuntza izan den 11 kilometroko lasterketa herrikoian. Walter Becerra sestaoarra (1:58:48) eta Maider Fraile uhartearra (2:30:35) izan dira txapeldunak. Proba nagusian, emakumezkoetan bigarren helmugaratu da Maite Etxezarreta azpeitiarra (2:43:07).

Lasterketa herrikoian, berriz, Gorka Agirrezabaldegi debarra (1:10:22) izan da azkarrena, eta bigarren sailkatu da Jon Aramendi azpeitiarra (1:10:53). 11 kilometroko proban helmugaratu den lehendabiziko emakumea, berriz, Vanessa Galarraga errezildarra (1:27:01) izan da.

Bestalde, mendi lasterketaren barruan, independentziaren aldeko herri galdeketa babesteko egin den Azpeitia-Azkoitia erronka Azpeitiak irabazi du, 23 minutuko errentarekin.

Lasterketa nagusiko sailkapen osoa, hemen, eta proba herrikoiari dagokiona, hemen.