Ekainaren 5eko herri galdeketa

Kirol jaia izango da asteburuan, erabakitzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko mai. 9a, 13:00
Ikasberri kirol elkarteako, Iraurgi saskibaloi taldeako, Lagun Onak futbol taldeako eta Xaputarrak xake taldeko kideak.

Zapatuan 3x3 modalitateko saskibaloi txapelketa izango da plazan. Dagoeneko eman daiteke izena eta egunean bertan ere egongo da horretarako aukera. Igandean, xake txapelketa herrikoia izango da sanagustinpean, eta Lagun Onak eta Realeko beteranoen partida jokatuko dute Garmendipen.

Independentziaren inguruko herri galdeketaren aldeko kirol jaia antolatu dute Ikasberri kirol elkarteak, Iraurgi saskibaloi taldeak, Lagun Onak futbol taldeak eta Xaputarrak xake taldeak. Datorren asteburuan izango da, hilak 14an eta 15ean. Kirolaren festarekin babesa eman diote Hitzarturen herri galdeketari eta erabakitzeko eskubideari. Auzolana izango du ardatz ekitaldi honek ere, ekainaren 5ari begira Azpeitian antolatzen ari diren beste guztiak bezalaxe.

Larunbatean, maiatzaren 14an, 3x3 modalitateko saskibaloi txapelketa jokatuko dute herriko plazan. 10:00etan hasiko dira partidak, eta 16 urtetik gorako guztientzat irekia da. Gazte, heldu, adineko, gizon, emakume, trebe eta traketsentzat da larunbateko jokoa: denentzat. 

Izen ematea 10 eurokoa da, eta egunean bertan, mezu elektroniko bidez edo Iraurgi saskibaloi tabernara zein kiroldegira joanda eman daiteke izena. Egunean bertan, 09:00etan irekiko dute izen ematea, eta Internet bidez inskripzioa egiten dutenek ere egunean bertan ordainduko dute. Horretarako, isb@isb.eus edo hitzartuazpeitia@gmail.com helbideetara idatz daiteke. Herriko plazan, jai giroan, ondo pasatzeko aukera aparta izango da, lagun giroan.

Xakea eta futbola iganderako

Igandean, bi hitzordu ditugu. Lehendabizi, xake txapelketa egingo dute 10:30ean sanagustinpean. Izena emateko urangajedrez@gmail.com helbidera edo 665-700 501 zenbakira mezu bat bidali behar da. Guztira 7 partida jokatuko dituzte, eta jokalari bakoitzak 10 minutu izango ditu. Ondoren, Lagun Onak eta Realeko beteranoen partida izango da Garmendipe futbol zelaian, 12:00etan. Ikasberri kirol elkarteko futbolariak ere animatu dira, eta Lagun Onakeko elastikoarekin jokatuko dute haiek. Herriko eta inguruetako izar ohiak ikusteko aukera izango dugu, eta doan.

Aukera bikaina dugu azpeitiarrok datorren asteburuan kirolaz eta festaz gozatzeko. Lagunarte ederrean pasatuko dugu Kirol jaia. Hitzartuk eskerrak eman nahi dizkie antolatzaileei, Ikasberri kirol elkarteari, Iraurgi saskibaloi taldeari, Lagun Onak Futbol taldeari eta Xaputarrak xake taldeari. Pozgarria da ikustea, arloz arlo, elkarteak bat egiten ari direla, eta bat eginda ari direla lanean. Hori da gure espiritua, desberdinen arteko batura. Erantzun eredugarria ematen ari dira azpeitiarrak Hitzarturen proposamenari, ekainaren 5eko herri galdeketaren alde antolatzen ari diren egitasmoekin.