29
Mar
2012

Iñaki Uribe HABEko Zuzendariari gutun irekia

Zuzendari jaun hori:

Etsipenez, ezen ez harriduraz, zoritxarrez, irakurri ditut zure hitzak Argia aldizkariko 2.317. alean. Laster langintza honetan 30 urte beteko ditudanez eta urte hauetan guztietan HABEren pean lan egin dudanez, hartu dut beta iruzkin batzuk egiteko, gaizki ez baderitzozu.

Diozu: "Partaidetza handia izan da; barruko teknikariek, euskaltegiek, irakasleek eta ikasleek hartu dute parte. Denei galdetu zaie zer aldatuko luketen, hori izan da abiapuntua." Jakin beharko zenuke partaidetza handia izatea ez dela, berez, ezeren bermea: hainbesteri galdetzea alferrikakoa gerta liteke hainbeste horien erantzunetan islatutakoa kontuan izaten ez bada. Bestalde, aukera anitzeko galderen eredua egokia da oso dauden erantzunen artean aukeratzeko. Daudenen artean.

Diozu: "Besteak beste, HABE dena agintzen ari zela ikusi genuen, dena erregulatzen eta arautzen euskaltegiekiko." Ez naiz oso abila hitzen bigarren zentzua harrapatzen, baina esango nuke iradoki nahi duzula orain bestela jokatzen duela HABEk, orain ez duela "dena agintzen". Ez dut adibiderik jarriko, hau irakurriko duen edozein euskaltegi-irakaslek jarriko lizuke sorta bat, baita sorta bat sorta ere.

Diozu: "Udal euskaltegietakoak funtzionarioak dira, nolabait esateko" eta beherago "Euskaltegi pribatuetan irakasle denak ez dira finkoak". Pentsatu nahi dut hau ez duzula asmo txarrez esan, baina, ezjakintasuna kenduta, ez zait beste arrazoirik bururatzen neurri honetako arinkeria esateko. Udal Euskaltegi gehien-gehienetan ez dago funtzionariorik, bat ere ez. Eta zin dagizut Udal Euskaltegietan irakasle "ez finko" asko eta asko dagoela, batzuetan kontratu eta lan-baldintza lotsagarrietan. Eta HABE, Zuzendari jaun hori, horren jakitun da.

Diozu: "On-line ikastaroek, beharbada, ikasgelako ikastorduak murrizten lagunduko digute". Ederto! Ados! Baina galdera bat: Nora joan dira "talde mistoak"? Non daude, zein larretan?

Diozu: "On-line sistemak arazo oso inportantea dauka, mintzapraktika gutxi egin daiteke." Hemen ere ados, hoba ez! Beraz, ulertu behar dut hemendik aurrera online ikasleei mintza-saio eta tutoretza ordu gehiago eskaini ahal izango dizkiegula, ezta? Bai, ezta?

Diozu: "Problema da adin batetik aurrera oso zaila dela hizkuntza ikastea. Ondo aztertu behar da. Batzuetan pentsatzen dugu alferrikakoa dela irakaskuntza mota hori."  Elkarrizketa honetan diozuzan arinkeria guztietatik hauxe begitandu zait larriena, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeko Zuzendariaren ahotik atera delako batez ere. "Loro viejo no aprende a hablar" esan zuenari arrazoia ematen helduen euskalduntzeaz arduratzen denak; hamaika ezezik, hamabi ere ikusten ari gara, baiki. Zer nahi duzu esatea, ikusi ditut nik euskaldundu diren helduak eta ez bat eta ez bi. Baina, tira, zeuk ere jakin zenezake horrenbeste.

Besterik gabe, eta esan dudan guztia ezerezean galduko den uste erabatekoan, agurtzen zaitut.

Josu Lezameta, euskara irakaslea.

Baaaah

Benito-(e)k 2012, Martxoa 31 - 15:47-(e)an bidalia.

Titulua eskolan emango dute. Baaaaahhh... Zertarako konplikatu euskaraz ondo dakiten ala ez burua nekatzen?

Langabezian daudenek ikasiko dute euskara. Baaah... Zertarako konplikatu lana dutenei buruko minak ematen, administrazioan jendearekin tratatu behar dutenak adibidez?

Adin batetik aurrera euskara ikasi? Baaahhh... Zertarako konplikatu inoiz ikasiko ez duen jendearekin?

Oso arduratuta gaude euskaltegiekin, zintzo-zintzo ari gara klasera... Baaaaahhh. Zertarako konplikatu?

 

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia