UDAKO SERIEA. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (IV). Nafarroa. IRITZIA

Salbuespena

Rosa Ramos Alfaro
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Kaleko erabileraren 2011ko eta 2016ko neurketen datuak konparatuta, Nafarroa Garaikoak dira jaitsieraren salbuespen nagusia. Araban ere igoera gertatu da, baina Nafarroan igoera orokorragoa da, azken neurraldien arteko aldea handiagoa baita eta igoera adin-talde guztietan gertatu baita. Euskal Herriko datuen joera orokorraren arrazoiak ulertzeko, garrantzitsua da jakitea ezberdina dena zertan eta zergatik den ezberdin.

Nafarroa Garaian bi errealitate soziolinguistiko nagusi daude: hiztun elebidunen dentsitate handiko eskualdea iparraldean eta elebidunen dentsitate txikiko gainerako lurraldea. Denbora behar da eskualde bakoitzeko datuak xehe aztertzeko, baina hasierako hurbilketak azaltzen ditu Euskal Herriko datuetan ikusten ez diren ñabardurak.

Alde batetik, hiztun elebidunen dentsitate txikiko eskualde zabalean 2006tik 2011ra jasotako jaitsiera berreskuratu du 2016ko igoerak. Joera aldaketa adin-talde guztietan gertatu da —Euskal Herri osoa hartuta tipologia honetan igoera haur eta helduen artean soilik jaso da; hiztun elebidunen dentsitate txikiko hiri eta herrietan igoera orokorra apalagoa da Nafarroatik at—. Hala ere, Nafarroako igoera ez da nahiko indartsua izan hiriburuko datuek urteetako lautada etsigarria irudikatzeari uzteko. Komeniko litzaiguke ongi aztertzea egitura demografikoarekin edo bizi-ohiturekin lotutako faktoreek zenbateraino ezberdintzen duten euskararen kaleko erabilera Iruñean eta Iruñerriko gainerako udalerrietan.

Bestetik, elebidun gehien duen eskualdean ez da sumatu Euskal Herriko datuetan izandako galerarik. Kontrakoa. Azken neurraldietan adin-talde guztietako hiztunek gero eta gehiago erabiltzen dute euskara horrelako herrietako kaleetan. Azterketa sakonagoak zantzua berretsiko balu, datu garrantzitsua izan liteke, euskaldun gehien dauden herrietako galerak piztu baitu argi gorria Euskal Herri osoko datuei dagokienez. Edonola ere, Nafarroa Garaiko kopuru orokorrei begira, ezin dugu ahaztu eskualde honek duen pisu demografiko txikia.

Egia da puntu bateko igoera ez dela izugarrizko iraultza, baina dugun testuinguruan ez litzateke zentzuzkoa zantzuen arrazoiak ez bilatzea. VI. Inkesta Soziolinguistikoak aspaldiko joera berretsi du: Nafarroa Garaian ere gero eta handiagoa da erdal elebidunen proportzioa, gaztelaniaz euskaraz baino hobeki moldatzen direnena. Badakigu halako euskaldunek hiztun-sare ahulak dituztela, ahozko gaitasun mugatua eta euskal kulturaren erreferentzia oso eskasa. Horretan ez gara ezberdinak. Azken hamarkadetan, beste lurraldeen aldean, Nafarroako euskaldunen komunitateak izan duen hazkunde erritmoa bai, ezberdina izan da, motelagoa. Baliteke hazkunde une ezberdinean egote hutsak erabileraren joera ezberdina azaltzea. Edozein dela arrazoia, gogoratu kaleko erabileran gizarteratze-tasa erabakigarria dela; hau da, elebidunen hizkuntza harremanen sareetara bildutako elebakarren proportzioa (Txillardegik eta Isasik garatutako soziolinguistika matematikoak azaldu bezala). Zenbat eta gizarteratze-tasa handiagoa, elebidun eta elebakarren arteko harreman gehiago, orduan eta erabilera txikiagoa. Orduan, ezberdina da Nafarroa Garaiko herrietako gizarteratze-tasa? Ezberdinak dira (oraingoz?) populazio mugimenduak edo turismoaren eragina gunerik euskaldunenetan? Ikerketarako ildo interesgarria izan daiteke, kontuan hartuta Ipar Euskal Herriak ere ikerketa horretarako osagaia eman duela: ezagutza altueneko eremuan (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) kaleko erabilera igo da.

Badugu, beraz, zer aztertu. Bitartean, oraingoz joera orokorretik aldendu izanak ezin digu lausotu lehentasunezko lanei heltzeko beharra: hezkuntzak euskaldundutako haur eta gazteen egoera hobetu ahozko gaitasuna lantzeko, motibazioa elikatzeko eta erreferente kulturalak eskuratzeko tresnak eskainiz; familiak lagundu, azken inkesta soziolinguistikoak transmisioan erakutsitako gabeziak gero eta txikiagoak izan daitezen, eta, azkenik, aldeko baldintza sozialak erraztu eta ugaritu, euskara lotura sinboliko hutsa duten hiztunek eguneroko praktika bih ur dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.