EUSKARA AURRERA

Milaka lagunek Donostiako kaleak hartu dituzte euskararen alde

Ohi baino gazte gehiago izan dira manifestazioan zein aldarrikapenetan, nabarmen. Euskal Herrian euskaraz bizitzeko dauden oztopoengatik «kezka» agertu dute antolatzaileek

Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 21a
17:18
Entzun

«Euskara ez da aurrera joanen, aurrera eraman behar da». Hala kantatu du Irantzu Idoate bertsolariak, Euskara aurrera lelopean Donostian egindako manifestazioaren amaieran, milaka lagunen aurrean. Horretarako, giharra, herritarren babesa, izan baduela berretsi du gaur euskarak, non eta hilabete eta erdi lehenago Korrika amaitu zen leku berean. Herritarren sostengua eta «herri gogoa» euskalduntze prozesuaren oinarrizko zutabe direla azpimarratu dute, baina, aldi berean, prozesuak ezinbestean bi hanka behar dituela gogoratuta; bestea, administrazio publikoena.

Ezohikotik asko izan du mobilizazioak, euskalgintzak egiten dituenekin alderatuta, eta, abiatu aurretik, nabari zen ikusmina parte hartzaileen nahiz antolatzaileen artean, baita mobilizazioaren dimentsioa neurtu ezina ere, antzerako besterik erreferentzia gisa hartzea zaila baitzegoen. Eta ezohikoa izan da, halaber, gazteek gidatutakoa izan delako. Hain justu, horrek irudikatzen duena goratu du Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak: «Ikusten dugu euskararen katea ez dela eten. Gazte Euskaltzaleen Sareak determinazioa erakutsi du euskararen borrokarekin aurrera egiteko, eta, beraz, euskararen katebegi sendo bat izango dugu». Besteak beste horregatik, gaurko egunaren argazkia «euskararen historian» gorde beharko dela azpimarratu du.

Nabari izan da gazteen presentzia, ohikoan baino nabarmen handiagoa, manifestazioan eta, orobat, aldarrikapenetan. «Gazteok ere euskaraz» eta «azterketak euskaraz» oihuek oihartzun egin dute ibilbidearen zati askotan, euskararen ofizialtasunaren aldekoekin batera, besteak beste.

Hizkuntza eskubideak zanpatuen dituztenek euren aldarrikapenak eraman dituzte mobilizaziora, aurrez antolatzaileek eskatua zuten gisan. Hala, manifestazioaren buruak Antiguako tunela zeharkatu orduko, Ipar Euskal Herriko ikasleek bi pankarta handi zabaldu dituzte alboko horma batean; «hezkuntza euskaldunaren bidean» ikasleei «borrokarako» deia egiten ziena bata, eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren aurpegi alderantzikatua ageri zuena bestea, «zure jukutriaz gaindi, euskaraz ikasiko dugu» leloarekin batera.
Aldarrikapen gehiago ere izan dira; hala nola pantailetan euskara sendotzearen aldekoa. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren atarian, berriz, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek Espainiako eta Frantziako estatuen «inposizioa» salatu dute, eta euskarak «burujabetza» behar duela aldarrikatu.
Behin Kontxako pasealekuko eta Donostiako erdiguneko kale obraz beterikoak zeharkatuta, errazagoa egin da manifestazioari benetako tamaina hartzea, eta orduantxe egin du distira gehien. Askatasunaren hiribidea alderik alde bete dute manifestariek, eta amaierarik ikusten ez zitzaion jende oldeak hartu du Bulebarra.

«Normalizaziorik» ez

Jendetza hari hitz egin diote Aize Otaño AEK-ko kideak eta Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sarekoak. Mobilizazioaren zergatira joz hasi da Garaikoetxea. Gogoratu du euskararen egoeragatiko «kezkak» eraman zituela Euskara Aurrera egitasmoa abiaraztera: «Kezkatuta gaude euskaraz bizitzen jarraitzeko oztopo nabarmenak ditugulako. Bai, oraindik ere bai, gaur egun». Zailtasunok, gainera, tokian tokiko berezitasunak zeinahi izanda ere, Euskal Herri osoan dituztela gaineratu du: «Euskararen egoera ez dago inondik inora normalizatuta; ezta euskara ofiziala den lurraldeetan ere».

Lehendik ere «zaurgarria» zen egoera pandemiak are gehiago okertu zuela ohartarazi du Otañok. Gainera, euskararen biziberritze prozesuak azkenaldian «hainbat kolpe» jasan dituela esan du: Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua «kolokan» jarri izana, Nafarroan hizkuntza eskubideetan egin den atzerakada eta epaitegietatik iritsitako erabakiak, besteak beste.

Testuinguru horretan, anbizioz jokatzea ezinbestekotzat jo du Garaikoetxeak; egungo moldeetan, betiere. Izan ere, horixe nabarmendu du: hizkuntzaren biziberritze prozesuak garaian garaiko erronkei erantzun behar diela. «Ez dago besterik: geldirik geratzea atzera egitea da, eta gu aurrera goaz». Euskarak dituen erronken artean zerrendatu ditu «belaunaldi berriak osoki euskalduntzea», «euskaraz eroso bizi ahal izateko espazioa eta eremuak zabaltzea», «pantailetan euskararen presentzia areagotzea», euskara «harrera hizkuntza» bihurtzea, «doakotasuna behingoz bermatzea» eta «euskara kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea».

Horiek bermatzeko, baldintzetako bat biziberritze prozesua gaurko egunera arte ekarri duen berbera izango dela adierazi du Otañok: «Euskararen aldeko herri gogo indartsua». Egun ere halakorik izan badela gaineratu du, eta horren adibidetzat jarri Korrika eta Gazte Euskaltzaleen sarea sortu izana, besteak beste. Txalo zaparrada lehertu da orduantxe, gazteek borrokaren lema hartu izanak sortutako ilusioaren erakusle.
Hala ere, «asko izan arren, ez da aski», Garaikoetxearen esanetan. Euskarak «herri bultzada berria» behar duela adierazi du, eta norbanako bakoitzak «konpromisoa» hartzea: «Euskalduntzean urrats berriak egingo baditugu, taupada euskaltzale, indartsu, antolatu eta eraberrituari esker izango da. Euskara aktibatzeko eta antolatzeko garaia da».

«Egiturazko aldaketak»

Herri bultzadarekin batera, baina, «egiturazko aldaketak» galdegin ditu Otañok, ohartarazita euskararen biziberritzearena ez dela norbanakoen «auzi partikularra». Interpelatu egin ditu administrazio publikoak, eta «egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jarri» behar direla defendatu. Horrekin batera, baina, elkarlanerako deia egin die: «Euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten». Ez egitea «justizia eta demokrazia» eskaerari entzungor egitea litzatekeela gogorarazi du Garaikoetxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.