Ferreirak finantzaketa publiko eta pribatu hobeak eskatu ditu EHUrentzat

EHUko errektoreak hurrengo lau urteetako lan ildoak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean. Eskatu du unibertsitateko langileak ere txertatzeko

Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketa publikoa eta pribatua hobetzeko eskatu duEva Ferreira errektoreak, dituzten helburuak lortzeko baliabideak beharko dituztelakoan. Kargua hartu zuenetik hiru hilabete eskas igarota, agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, datozen lau urteetarako dituzten lan ildo nagusiak, helburuak eta lortzea espero duten emaitzak zehazteko; besteak beste, ikerketa bultzatzea, emakume ikerlari gehiago izatea, euskararen presentzia areagotzea eta langileen behin-behinekotasuna apaltzea nahi dute.

Datozen lau urteetara begira jarri aurretik, egungo egoeraren berri eman du Ferreirak. Nabarmendu du orain arte egindako lana «izugarria, arduratsua eta bikaina» izan dela: «Errektore talde berri hau ez da hutsetik hasi lanean». Pandemia ere hizpide izan du. Unibertsitateko komunitatearen intzidentziari begiratuta, «eremu horian» daudela esan du, baina ez dutela kutsatze fokurik ikasgeletan: «Gure fakultateak, eskolak eta unibertsitate inguru guztia leku seguruak dira». Halere, eskaera bat egin du: unibertsitateko langileek bigarren hezkuntzako langileen trataera bera izatea txertatzerakoan.

Egungo egoera errepasatu ondoren, hurrengo lau urteetako lan ildoak eta helburuak azaltzeari ekin dio, baita espero dituzten emaitzen berri emateari ere. Bost eremutan arituko dira lanean. Formakuntzari dagokionez, besteak beste, nazioartekotzearen alde egin du apustu. Ikerketari dagokionez, plan berri bat egin behar dela uste du, eta euskarak ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta dibulgazioan duen presentzia areagotu nahi du. Kulturari eta gizarteari dagokionez, 2024rako espero dute, besteak beste, protokolo bat garatzea transexualitate, transgenero eta intersexualitate kasuetarako, eta kanpoko ikasleentzako euskara ikastaroak ematea. Horrez gain, haren hitzetan, 2024rako administrazio eta zerbitzuetako langileen behin-behinekotasuna %10etik jaitsiko dute.

Zalantzak finantzaketan

Finantzaketa publikoa eta pribatua indartzearen alde egin du Ferreirak. 2024rako finantzaketa publikoaren ereduan «konpromiso soziala indartzea» nahi du, baina baita kanpoko funtsak «nabarmen handitzea» ere. Bide horri buruz zalantzak erakutsi dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Era berean, Ferreirak gogorarazi du «oso mugatuta» daukatela luzerako nazioarteko proiektuak egiteko edo ikerketarako instalazioak lortzeko malgutasuna. Horrenbestez, malgutasun handiagoa eskatu du; izan ere, haren arabera, hazteko eta emaitzak hobetzeko «arazoa» ez zaie konponduko finantzaketa hobetuta soilik: malgutasuna ere beharrezkotzat dute, malgutasun hori baduten beste zentro eta erakunde batzuekin lehian aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.