Ingurumena. Luizia Zaldibarren

«Zaborraren mafia» salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Zaborren kudeaketan «pauso berriak» emateko eskatu du. Larreko Mahaiak deituta, larunbatean manifestazioa egingo dute Donostian

Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbateko manifestaziorako deia egin zuen atzo Donostian egindako prentsa agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
Donostia
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduaren arabera, zaborra kudeatzeko orduan «pribatizazioaren bideak zer dakarren» erakutsi du Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SM zabortegian gertatutako ezbeharrak. «Pribatizazioak erakutsi du zaborraren mafiak ez duela eskrupulurik» salatu zuen mugimenduak atzo, Donostian. Bide batez, datorren larunbatean Donostian egingo duten manifestaziora joateko deia egin zuen. Larreko Mahaiak antolatu du —klima larrialdiari aurre egiteko Gipuzkoako eragile ekologista, sozial eta sindikal zenbaitek sortutako plataforma da—, eta, Osasunagatik, ekonomiarengatik eta klimagatik, ez erre etorkizuna! lelopean, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Easo plazatik.

Zaborraren kudeaketan «pauso berriak» emateko ordua da, EAMekoek nabarmendu zutenez. «Gure udalek zorroztasunez hartu behar dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinak Zubietako [Gipuzkoa] erraustegira ez bidaltzeko». Eta eskaera «garbia» egin dute: «Udalez udal, eta batez ere hondakinak bereizita ongi jasotzen direnean, ez eraman gure hondakinak erraustegira». Iruditzen zaie alternatibak badaudela, eta Gipuzkoako herri askotan egin direla «hobekuntzak». Baina pentsatzen dute Donostiako, Irungo, Lasarte-Oriako, Hondarribiko eta Elgoibarko egoera «kezkagarria eta salagarria» dela. «Oso atzera dabiltza, ez dute urratsik egin gaikako bilketan». EAMek salatu du Zubietako erraustegiaren beharra herri horietan jasotzen den zabor nahasiarekin «justifikatzen» dutela Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek. «Hori ez da bidezkoa. Herri horietako agintariek dute desastre honen erantzukizuna. Eta bada garaia udal horiek beste politika batzuk markatzen hasteko». EAMekoek jakinarazi dutenez, udal horiek ez diete egindako eskariei erantzun.

Zubietako erraustegiaren labeak laster dira piztekoak. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2019ko azken batzarrean onartutakoaren arabera, datorren martxoaren 3an jarriko dituzte martxan. Eta EAMekoak, data «ziurra» ez den arren, egun horretarako protestak antolatzen ari dira. 19:00etan «herri guztietan» kandelekin eta beltzez jantzita elkarretaratzeak egitera deitu dute.

«Proiektu kriminal» hori martxan jarri duten agintarien izenak ez dituztela «ahaztuko» esan zuten Errausketaren Aurkako Mugimendukoek. «[Markel, Gipuzkoako ahaldun nagusia] Olano eta Asensio [Jose Ignacio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua], zuen erraustegia izango da hau betirako». Eta gogoratu zuten «ez herritarren borondateak, ez medikuen ohar larriek, ez mugimendu sozialen, sindikatuen, alderdien eta elkarteen eskariek, ezta alternatiba hobe, garbiago, merkeago eta eraginkorragoak badirela demostratzeak ere» ez dituela atzera bota bere asmoetan «Gipuzkoako agintariak eta korporazio handiak».

«Neglijente hutsak»

Zaldibarren gertatutakoaren harira, agintari politikoei «neglijente hutsak» izatea leporatu diete. «Gutxi batzuen negozioagatik milaka herritarren osasuna jarri dute arriskuan krisia sortu denean ezkutatu egin direnek». EAMekoentzat, gisa horretako egoerak kudeatu behar direnean «ez dute mailarik ematen». Salatu zuten enpresa pribatuek ez dutela pasatzen Eusko Jaurlaritzaren «kontrol zorrotzik», eta irregulartasunak topatzen direnean administrazioak «lagunei barkatu» egiten diela. Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramailearen, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren lana jarri dute auzitan. «Agerian utzi dute Jaurlaritzak ez zuela usaindu ere egiten gertatzear zena, nahiz eta geologoek esan eremua ez zela egonkorra. Eskandalu hutsa da». Eta galdera bat plazaratu zuten atzoko agerraldian: «Zaldibarkoak erakutsi digu zein den logika: noizbait Zubietan halako desastre bat gertatzen bada, agintariek zer esango digute, enpresaren errua dela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.