Atzerritarrak euskaraz matrikulatzeko kanpaina baztertu dute Nafarroan

Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan eskatu du A eta D ereduak sustatzeko atzerritarren artean. EH Bilduk soilik babestu du egitasmoa

Maria Solana, atzo, Nafarroako Parlamentuan, mozioaren babesa egiten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskaera egin nahi zioten Geroa Baiko eta EH Bilduko talde parlamentarioek: eskoletako matrikulazioa martxan jartzen denean, atzerritarrei bideratutako kanpaina egin zezatela, haurrak euskarazko ereduetara gerturatzeko. A eta D ereduak sustatzea zuen helburu Geroa Baik atzo Nafarroako Parlamentuan aurkeztu duen mozioak, baina EH Bilduren babesa besterik ez du jaso. Navarra Sumak, PSNk eta Ezkerrak aurka bozkatu zuten, eta Ahal Dugu abstenitu egin zen.

Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak honela esan zuen: «Etorkinak nahi baditugu sentsibilizatu Nafarroara gerturatu daitezen, ez dago euskarazko ereduak baino modu hoberik». Gaineratu zuenez, azken boladan kritika «gogorrak» jaso ditu D ereduak, etorkin gutxi erakartzen dituelako. «D ereduak ez du inor baztertzen eta segregatzen, eta, hori erakusteko, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ikerketa bat egin dezala jakiteko zergatik gertatzen den hori, eta har ditzala neurriak».

Navarra Sumak mozioari zuzenketa bat jarri zion, eta Solanak aipatutako puntu bat ere biltzen zuen. Hau da, Hezkuntza Departamentuari eskatu zion azterketa bat egin zezala jakiteko zergatik dauden etorkin gutxi D ereduan. Hortik aurrera, bestelako eskaera bat egin zuen: egin dezatela informazio kanpaina bat hezkuntzan dauden hizkuntza ereduen berri emateko, baina Nafarroako zonifikazio mapa kontuan hartuta. Iñaki Iriarte koalizioko bozeramaileak galdetu zion Solanari ea gaztelerazko G ereduak A edo D eredukoak baino emaitza okerragoak ote dituen. «G ereduak ez badauzka emaitza akademiko okerragoak, botere publikoak zergatik gomendatu beharko luke A ereduan eta, batez ere, D ereduan matrikulatzeko?».

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak esan zuen Navarra Sumaren zuzenketa «zinikoa» zela, eta begi bistakoa dela zergatik ez dauden etorkinak euskarazko ereduetan: «Euskara zaila dela esaten zaie, arazo iturri dela, diskriminatzailea, eta ez duela ezertarako balio; ez duela balio lana topatzeko, eta ingelesak, berriz, ate asko irekitzen dituela». Kontrakoa zioen berak: euskara gizarte kohesiorako tresna dela, eta ateak asko irekitzen dituela. Koalizio abertzaleak ere zuzenketa jarri zion Geroa Baik aurkeztutako mozioari, eta bertan eskatu dute Euskarabidea ere inplikatu dadila kanpaina horietan. Mozioari jarritako zuzenketa ez zuen bere egin Geroa Baik.

Nafarroako Gobernuan kide duen PSNk mozioaren aurka egin zuen, hezkuntza publikoaren sare guztiaren defentsa egitea dagokiela uste dutelako. Jorge Agirre bozeramailearen hitzetan, D ereduaren aldeko kanpaina egingo balitz, ereduen arteko lehia sortuko litzateke, eta gobernuaren betebeharrak hezkuntza publikoa defendatzea izan beharko luke. Ezkerrak eta Ahal Duguk ere hori argudiotzat hartuta defendatu zuten euren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.