Arkaitz Fullaondo. Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikerlaria

«Atzerritarren seme-alabetan dago erronka nagusia»

Behatokiaren azken lanak agerian utzi du jatorri atzerritarrekoek ekarpen positiboa egiten diotela EAEko ekonomiari. Aurreikusitako krisia gorabehera, Fullaondorentzat, ez da egongo «kristoren defizita» esparru horretan.

LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren jatorri atzerritarreko herritarrek administrazioetatik jaso zuten baino 810 milioi euro gehiago gastatu zuten 2018an: 714 milioi euro balantzaren alde batean, eta 1.525 milioi euro beste aldean; hau da, %2,06ko ekarpena BGP barne produktu gordinari. Hori adierazten du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren azken azterketak. «Lan honen bidez, argi eta garbi ikusi dugu etorkinak bizi direla, gehienbat, beren lanetik, beraiek sortzen duten aberastasunetik, eta ez dela diru laguntzetatik bizi den kolektibo bat», nabarmendu du Arkaitz Fullaondo (Leioa, Bizkaia, 1980) behatokiko ikerlariak eta EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakasleak. Izan ere, «zurrumurru baten, gezur baten» arabera, administrazioen bizkar bizi dira. «Erpin guztiak aztertzen badituzu, argi eta garbi dago egiten duten ekarpena oso indartsua dela».

Estereotipoak dio jatorri atzerritarreko herritarrak diru laguntza publikoetatik bizi direla. Zuen azken azterketak erakusten duena lagungarria izan daiteke hori baliogabetzeko?

Bai, horretarako ere egin dugu ikerketa hau. Baina argi dago zurrumurruekin lan egiten dugunean ez dela bakarrik informazio objektiboaren kontu bat. Zuk eman ditzakezu datu guztiak, baina zurrumurruek askotan dituzte osagai subjektibo eta irrazionalak. Eta irrazionalak diren heinean, nahiz eta zuk datuak eman, beti egongo dira mesfidantzak.

Nola borrokatu daiteke elementu irrazional horien kontra?

Lehenik eta behin, argi dago jarrera horiek dituzten pertsonek ez dutela arrazoi berberagatik hala jokatzen. Guk urtero egiten dugun barometroan hainbat kolektibo identifikatzen ditugu, eta badaude, esaterako, intolerante ideologikoak: pertsona ideologikoki arrazistak eta xenofoboak. Egun, gainera, bandera hori hartzen duten alderdi politiko normalizatuak daude; Vox, adibidez. Gogoan hartu behar da, gainera, PPk diru sarrerak bermatzeko errenta erabili zuela politika egiteko.

Badago, bestalde, segmentu oso argi bat, eta horiek duten jarrera oso lotuta dago beren egoera pertsonalarekin, sozialarekin, eta besterekin. Herritarrek immigrazioarekin duten jarrera erlazionatzen duzunean ekonomiaren bilakaerarekin, erlazioa oso-oso argia da. Hau da, ekonomiak hobera egiten duenean, egoera soziala hobea denean, jarrera hobeagoak daude.

COVID-19a dela eta, krisi ekonomiko bat aurreikusten da. Gerta liteke bigarren segmentu horretakoak intoleranteago bihurtzea?

Bai, posible da intolerantzia mailak gora egitea. Zergatik diodanhori? Aurreko krisia hor alboan dago, uste dut ez dugula ahaztu. Baina uste dut krisi horretatik asko ikasi genuela. Orain arte, ez genuen errealitate sozial hau, nazioarteko immigrazioarena.

Uste dut, halere, euskal gizartean badaudela oinarrizko kontsentsu oso zabal eta oso sendo batzuk: aniztasunaren inguruan, immigrazioaren inguruan... Onartu egin du, hein handi batean, euskal gizartearen elementu azpiegiturazko bat dela immigrazioa. Masa kritiko oso handi bat dago, eta hori oinarrizkoa da intolerantzia maila handiago horiei aurre egiteko, edo, modu batera edo bestera, kontrolatzeko.

2018ko barometroan orain arteko tolerantziarik handiena neurtu zenuten: 59,7 puntu ehundik. Zenbat jaits daiteke? Ala goizegi da ezer esateko?

Nik esango nuke goizegi dela. Gainera, krisi hau oso ezberdina da aurrekoarekin alderatuta. Krisi honetan, ez da auzitan jarri sektore publiko baten beharra. Krisi honetan, ikusi da zer garrantzia duen sektore publikoak, zer garrantzia ongizate estatuak, diru sarrerak bermatzeko errentek edo antzekoek, osasun sistema publikoak... Kasu honetan, diru laguntzen sistema eta laguntza ekonomikoen legitimazio soziala indartua atera daiteke.

Badago aurreko zantzurik baikorrak izateko. 2016an aztertu zenuten, esaterako, atzerritarrek zein ekarpen egiten zuten zergen bidez, eta, krisiaren urteetan izan arren, orduan ere jaso baino gehiago eman zuten.

Aurreko hori adierazle positibo bat da, eta krisi honetan ere antzeko zerbait gertadaiteke, nahiz eta datuak ez diren, agian, hain positiboak izango. Hipotesi nahiko egingarria plazaratu behar dut: harremana ez da erabat aldatuko. Hau da, tortillari ez zaiola buelta erabat emango, ez dela kristoren defizita egongo etorkinek ekonomiari egiten dioten ekarpenean.

Ari zarete aurreikusten immigrazioarekin lotuta aurrerantzean arreta non jarri beharko den?

Epe ertain eta luzera arretagunenagusietako bat da bigarren belaunaldikoak deitzen diren horien integrazioa. Guk egin ditugu balioespen batzuk, eta, agian, 250.000 biztanlek dituzte guraso bat edo biak atzerritarrak. Portzentaje oso handia da hori; batez ere, gazteen adin tartean. Aniztasun etnokulturala euskal gizartearen beste ezaugarri azpiegiturazko bat da. Gazte horien gurasoak izan dira lehen mailako migratzaileak, aitzindariak deitutakoak, eta haien helburua izan da hona heltzea, lan bat topatzea, bizi baldintza batzuk edukitzea, eta aurrera egitea. Baina erronka nagusia horien seme-alabetan dago. Horiek jada euskal herritarrak dira. Beraz, lehen eta bigarren mailako euskal herritarrak ez izateko, eta jatorriak ezberdintasun bat ez sortzeko, oinarrizkoa da bigarren belaunaldiaren auzia lantzea.

Beste leku batzuetan eskarmentu handiagoa dute bigarren belaunaldien integrazioan. Ba al dago hemen erabilgarria izan daitekeen esperientziarik?

Oraintxe, horren inguruko ikerketa bat bukatzen ari gara. Eredu desberdin pila bat dago, baina oraindik ezin dugu esan bat bestea baino hobea edo okerragoa denik. Azkenean, argi dago guk daukagula kulturartekotasunean oinarritutako eredua. Batetik, etorkinak integratu egin behar dira gure gizartera, baina guk, gizarte gisa, aniztasun berrira integratu behar dugu. Hau da, integrazioak ez du izan behar «beraiek egin dezatela ahalegina, eta guk ez».

Hau da, integrazioa bi noranzkoetan gerta dadila.

Bai, hori da.

Baina esan izan duzue euskal gizarteak jarrera asimilazionista duela alde horretatik.

Hori da kontua. Gure barometroan argi eta garbi ikusten da euskal gizartean jarrera asimilazionista dagoela. Hau da, aniztasuna ez da gaizki ikusten, baina «ahalegina haiek egin dezatela, ez guk». Jorratu beharreko gauza bat da hori, baina kontuan hartuta guk ditugun berezitasun batzuk. Estaturik gabeko nazio bat gara, hizkuntza gutxitu bat dugu, txikiak gara, gure kultura ez da oso indartsua mundu globalizatu honetan... Orduan, euskal gizartearen ikuspuntutik, ez da gauza bera kulturartekotasunari begiratzea, adibidez, Espainiako Estatuan, edo Euskal Herrian, estaturik gabeko herrialde batean.

Beste herrialde batzuekin konparatuta, immigrazioarekiko jarrera zer-nolakoa da EAEn?

Ikusten badugu Europan zer ari den gertatzen eskuin muturreko alderdiekin, argi dago Euskal Herrian indarrik ez duela eskuin muturraren mezuak. Voxek hemen ez du indarrik, PP gain behera doa. Are gehiago: mezu horiek politikoki erabili izan direnean, erreakzioak sortu izan dira. Asko esaten du mezu horiek gizartearen gehiengo oso-oso zabal batentzako onargarriak ez izateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.