Arantxa Elizondo.
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Aterpea eta kaiola

2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Konfinamenduak ekarri digun bizimodu berrian, aurreko egoeran zeuden hainbat arazo sozial, mantentzeaz gain, areagotu egin dira. Horien artean etxean indarkeria jasaten duten emakume eta adingabeen egoera dugu. Gai horretan adituak direnek azpimarratu dute berrogeialdiak Estatu guztietan genero indarkeriaren igoera nabaria ekarri duela. Telefono bidezko laguntza zerbitzuek ohiko egoeran baino askoz kontsulta dei gehiago jaso dituzte; adibidez, hazkundea Kolonbian %91koa izan da, Mexikon %60koa, Australian %30ekoa eta Espainian %50ekoa. Bien bitartean, paradoxa beldurgarria gertatu da, salaketa kopuruak behera egin baitu testuinguru gehienetan, itxialdiak salaketa jartzeko oztopo gaindiezinak bilakatu direlako etxean giltzapetuta dauden emakume askorentzat, baita bere seme-alabentzat ere.

Espainian konfinamendu-aldian hiru emakume hil dituzte bikoteek edo bikote ohiek. Justizia ministroak azpimarratu du, iazko garai berarekin konparatuta, babes-aginduek %37 behera egin dutela eta ekainean zehar epaitegi guztiak irekitzean izugarrizko salaketa mordoa espero dela. Antzeko joera bat ikus daiteke Euskadin: kontsulta edo laguntza eskatzeko deiak 432 izan dira, garai berean iaz izan zirenak baino %25 gehiago. Aldiz, salaketen kopuruak martxoaren bigarren zatian %36ko jaitsiera eta apirilean %25koa izan zuen, 2019ko garai berdinarekin alderatuta. Foru aldundiek emandako datuen arabera, hiru aldundiek arreta psikologikoko 4.200 saio baino gehiago eskaini dizkiete indarkeriaren biktima diren emakumeei. Kasu gehienak konfinamendua baino lehen hasitakoak dira, baina 200 kasu berri sortu dira azken aste hauetan.

Mugikortasun debekuak emakume askoren segurtasun fisiko eta psikologikoan eragin kaltegarria izan du, bikotekide erasotzaileak, isolamenduan ezkutatuta, kontrol mekanismoak ia mugarik gabe indartu ditzakeelako. Gainera, osasun-krisiak arriskua handitu egiten du, babes eta laguntza sistemetara iristea zailagoa baita, osasun zerbitzuetara, esaterako; askotan emakume horientzat lehen laguntza bideak izaten dira. Konfinamenduan zehar maiz entzun ditugun mezuen arabera, itxialdia patxadan egoteko aukera paregabea izan da, hazkunde pertsonala bideratzeko aproposa, betiko bizimodua gelditu eta norberaren zaletasunaz gozatu edo gogoetarako beta hartzeko, etxea babesleku goxo-goxo bihurtuta. Bizileku aproposa, egoera ekonomiko eta konpainia egokia dutenen pribilegiotik kanpo dauden askorentzat, ordea, itxialdia beldur eta estres iturri handia izan da. Horien artean indarkeriaren biktimak diren emakumeak daude, askorentzat konfinamenduak etxea aterpea baino gehiago kaiola bihurtu baitu. Orain etorriko zaigun krisi ekonomikoaren aurrean inoiz baino gehiago indarkeria matxista lehentasun politikoen artean behar dugu, eta erakunde publikoen erantzuna baliabide ekonomikoz hornitu behar da babes zerbitzuak eta prebentzio lana bideratu ahal izateko. Datozen hauteskundeetan hori neurtzeko aukera izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.