Joseba G. Martin Rivera. Idazlea eta ekintzailea

«Desobedientzia tresna baliagarria da orain ere»

Intsumisioa, okupazioa eta 90eko hamarkadako herri mugimendu batzuk aztertu ditu Martinek bere liburuan; ekarpena egin nahi izan du «iraganaren kontakizun interesatuei» kontra egiteko.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Joseba G. Martin Rivera (Bilbo, 1972) oso gazte zelarik hasi zen Irola irratian, Bilboko Irala auzoan. Horrek atea zabaldu zion irrati libreen mugimenduan eta auzoko Gazte Asanbladan murgiltzeko, eta hurrengo urteetan bertatik bertara ezagutu zituen 1990eko hamarkadan gorabidean ziren herri eta gazte mugimenduak, bereziki intsumisioarena—Kakitzat taldeko kide izan zen—, drogak legeztatzearen aldekoa eta globalizazioaren aurkakoa. Egun, segitzen du modu aktiboan Uribarri auzoko gizarte mugimenduan lanean.

Gaztetan izandako eskarmentua jaso du liburu batean, Vientos de desobediencia. La Euskal Herria desobediente de los 90 (Desobedientzia haizeak. 90etako Euskal Herri desobedientea. DDTk argitaratua). Bizipen eta oroitzapen pertsonalak bildu ditu, baina, era berean, urte haietako gizartearen eta herri mugimenduen erradiografia eskaintzen du liburuan, belaunaldi gazteak eta «kontakizunen arteko gatazka» gogoan.

Zein izan da liburua idazteko arrazoia?

Egunotan, iraganaren interpretazio interesatu asko daude, eta nik nire ekarpentxoa egin nahi nuen, ikusten nuelako urte haietan gauza asko gertatu zirela, gure oraingo eguneroko bizitza ere baldintzatu dutenak, eta ez zegoela horretaz ezer idatzita. Egoera oso latza zen —biolentzia armatua, errepresioa, Dena da ETA tesiaren hastapenak eta abar—, eta, testuinguru horretan, herri mugimendu indartsu batzuk agertu ziren. Horren kontakizuna egin nahi nuen.

Askotan goraipatzen da 80ko hamarkadan gizartean zegoen mugimendua, eta, batzuen ustez, giro hura gain behera etorri zen hamarraldia bukatzearekin batera. Zuk, aldiz, frogatu nahi izan duzu 90ekoa ere oso hamarkada interesgarria izan zela arlo horretan.

Nire ustez, 80ko hamarkada mugimendu politikoek markatu zuten: jendea, batez ere, alderdi eta erakunde politikoetan aritzen zen. 90ekoan, berriz, ziklo aldaketa bat egon zen, eta aurreko urteetan abian jarritako zenbait adierazpenek guztiz garatzea lortu zuten. Intsumisioa izan daiteke horren adibide: bazeuden intsumisioaren alde zeuden alderdi politikoak, baina mugimendu hura orduko gazteok antolatu genuen, eta itzelezko tamaina hartu zuen. Gerraren kontrako mobilizazioak ere oso handiak izan ziren, eta okupazio mugimendua ere urte haietan sendotu zen.

Errepresioaz ere hitz egiten duzu liburuan. Horrek nola baldintzatu zuen orduko egoera politikoa?

Intsumisioaren kasuan, estatuak tresna biak erabili zituen: alde batetik, ordezko zerbitzua ezarri zuen, soldadutzara joan nahi ez zutenei irtenbide erosoago bat eskaintzeko, eta, beste aldetik, errepresioa gogortu zuen. Gure erantzuna izan zen horren kontra oldartzea, gazteak beldurtzeko estrategia horri kontra egitea, eta horren inguruan jende asko biltzea lortu genuen, baina egia da orokorrean errepresioa oso zabalduta zegoela eta egoera oso bortitza zela: atxiloketak, torturak, bi egunkari itxita eta abar.

Zer ikas daiteke intsumisioaren aldeko mugimenduaren esperientziatik?

Intsumisioa tresna bat izan zen helburu batzuk lortzeko. Gu antimilitaristak ginen, armaden, gerraren eta armagintzaren kontra geunden, eta intsumisioa, ez obeditzea, tresna izan zen horren kontra borrokatzeko. Baina antimilitarismoa ez zen desobedientzia erabili zuen mugimendu bakarra. Kalamudiak [kalamua legeztatzearen aldeko mugimenduak], esaterako, marihuana landatze publikoa egin zuen, eta horrek sekulako oihartzuna izan zuen Europa osoan.

Mugimendu antimilitaristak eredu bat ezartzea lortu zuen, ekintza baketsu, desobediente eta publikoen bidez, eta horrek ekarri zuen gauzak beste era batera egiteko aukera.

Eta tresna baliagarria da orain ere?

Bai, argi eta garbi. Desobedientzia oso zigortuta egon da beti, eta Kataluniako eredua ikusi besterik ez dago horretaz konturatzeko, baina desobedientzia tresna baliagarria da orain ere. Demokrazia ez da soilik noizean behin botoa ematea: badaude hainbat mugimendu eta sektore, bestelako eskakizunak egiten dituztenak edo zerbaiten aurka oldartzen direnak, eta gizarteak, instituzioek eta alderdiek ulertu egin behar dute hori. Okupazioa, adibidez: toki bat okupatzea ekintza desobedientea da, baina hutsik dagoen eraikin bat jendearen esku jartzea onuragarria da, eta gizarteak ulertu egin behar du.

Nostalgia ariketa bat da zurearen moduko liburu bat idaztea?

Nostalgia gizaki guztion ezaugarria da, eta zilegi da. Zergatik ez? Garai hartan gazteak ginen, eta orduko oroitzapenak ditugu; hala da, eta onartu behar dugu. Ez dut uste nostalgia pittin bat izatea txarra denik. Baina nik mitifikaziorik ez dut egin nahi. Herri mugimenduek bilakaera izan dute, gizartea ere desberdina da, eta antolatzeko beste modu batzuk daude. Alderatzea eta hortik ikasi nahi izatea ondo dago.

Zer irizten diezu gaur egungo herri mugimenduei?

Garai hartan, erakundeak ziren ardatz; intsumisioaren aldeko borrokan, adibidez, KEM, Kakitzat eta herrietako taldeak zeuden, eta erakunde horiek oso indartsuak ziren. Egun, militante izateko moduak erabat aldatu dira, eta adskripzioak indarra galdu du: ez da hain garrantzitsua erakunde jakin bateko militante izatea. Orain askoz errazagoa da mugimendu feministako edo pentsiodunen mugimenduko kide izatea, erakunde jakin bateko kide izateak dakartzan alde txarrak pairatu behar izan gabe —adskripzio erabatekoa, ordu asko sartu beharra—. Hori lorpen handia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.