Fatima Djarra. Ablazioaren aurkako ekintzailea

«Funtsezkoa da emakumeen arteko solidaritatea, zaintza»

Emakumeak elkartzea beharrezkoa dela uste du Djarrak. Afrikako nesken ahalduntzea bultzatzen egiten du lan, eta ezinbestekotzat jo du elkarri babesa ematea: «Komunitatean heldu behar zaio».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Hainbat arlo eta ekintza gunetan lan egiten du Fatima Djarrak (Ginea Bissau, 1968) Nafarroan, eta, besteak beste, ablazioaren aurkako aktibista da. Berriki parte hartu du EH Bilduk zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldi feministetan, eta emakume afrikarren zaintza sareez aritu da. Argi du mezua: «Denok batera gehiago gara».

Flor de Africa Nafarroan dagoen emakume afrikarren erakundeko sortzailea zara. Nolakoa da bertako errealitatea?

Gure elkartearen helburua, sortzera bultzatu gintuena, zera izan zen, bazeudela Afrikako herrialdeetako zortzi edo bederatzi elkarte, baina mistoak zirela. Horietan, gizonezkoek ez ziguten ezer egiten uzten; ez geunden elkarteetako zuzendaritza batzordeetan. Gizonezkoak zeuden buruan, eta erabakiak hartzeko orduan emakumeek ez zuten modurik aktiboki parte hartzeko. 2008an Munduko Medikuak erakundearekin lan egiten hasi nintzen, emakumeen mutilazio genitalaren prebentziorako proiektuan, eta, hortik tiraka, andreek ikusi zuten beharra zegoela soilik neskek osatutako elkarte bat sortzeko: konfiantzazko gune bat izateko, hizketarako eta aldarrikapenak egiteko. Nazkatuta geunden emakume afrikarrenganako aurreiritziekin eta estereotipoekin. Arrazakeria eta xenofobia dago. Emakumeen eskubideen inguruan aritu eta horiek aldarrikatzeko elkartea sortu nahi genuen, eta komunitatean emakumeen integrazioa errazteko prozesu parte hartzaile bat egin.

Emakumeak elkartzea garrantzitsua da?

Bai, funtsezkoa da. Sakabanatuta bagaude, ezin dugu ezer egin; ezin gara solidarioak izan bata bestearekin. Emakumeek zailtasunak izango dituzte ahalduntzeko, inguru itxi batean badaude. Elkartearen bidez, nesken arteko solidaritatea bultzatzen dugu, babesa emateko. Andreak familia bat gara; lagunak gara, kideak; elkarri laguntzen diogu, haurren zaintzatik hasi, eta bakoitzaren parte emozionala zaintzeraino.

Afrikako emakumeen inguruko ezagutza falta da hemen?

Bai, eta horretan ari gara lanean. Ez da ezagutzen haien errealitatea. Lehen, emakume afrikarrez hitz egiten zenean, herrialde batekin lotzen zituzten. Sentsibilizazio ariketak egin eta maila instituzionalean nahiz sozialean parte hartzen ari gara espazio publikoan, gizartean informazioa zabaltzeko. Afrikan hizkuntza asko hitz egiten dira; kultur aniztasun eta aberastasun handia dago. Oraindik asko dago egiteko; ikusezintasun hori desmuntatzen saiatzen ari gara, eta programak eta proiektuak egiten ditugu hemen gaudela esateko.

Estereotipoen aurka borroka egiten duzue, ezta?

Bai. Estereotipo izugarriak daude emakume afrikarren inguruan, eta ez bakarrik Nafarroan. Intelektualki, pertsona zuri askok uste dute besteen gainetik daudela, eta horrek ezin du horrela izan. Gainera, politikoek migratzaile kolektiboen aurka duten diskurtso xenofoboa eta arrazista sustatzen dute. Migratzaileekiko desinformazio asko zabaltzen da. Egunero pairatzen dugu arrazakeria instituzionala, minutuero. Horri guztiari aurre egiten laguntzeko, uste dut beharrezkoa dela mugimendu feministak aniztasuna kontuan hartzea, eta beste toki batzuetako feminismoari ere erreparatzea. Emakumea bakarra da, eta ez du zerikusirik azal kolorearekin edo arrazarekin. Izendatzaile bera dugu: emakume izatea eta egiten dugun borroka. Eta kito.

Zapalkuntza bikoitza jasaten duzue emakumeak eta arrazializatuak izateagatik?

Bai. Borroka egin behar dugu gizarte patriarkal batean emakume izateagatik jasotako genero zapalkuntzaren kontra; baita arrazakeriaren aurka ere. Bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte, eta ez da zuzena. Ez dugu zertan hori jasan. Bertako gizartea koloreaniztuna da, eta horren kontziente izan behar dugu. Afrikako emakumeen ahalduntzea ere funtsezkoa da, eta horretan jarduten dugu.

Jardunaldietan emakume afrikarren zaintza komunitarioko praktiken inguruan aritu zinen. Nolakoak dira?

Afrikan zaintzaren praktika emakumeen gain dago, eta komunitatean heltzen zaio. Nafarroan ere horri eusten diogu. Ez gara etxe berean bizi, baina komunitatean egiten dugu lan. Lana dela-eta batek ezin baditu haurrak zaindu, gure artean elkar laguntzen dugu. Programa bat dugu, Gure artean izenekoa: zerbait baldin badakizu, besteari erakusten diozu, eta horrela.

Ekonomia solidarioa ere praktikatzen dugu. Familia askok zailtasunak dituzte, eta elkarri babesa ematen diogu.

Solidaritatea da bidea, beraz?

Bai. Funtsezkoa da emakumeen arteko solidaritatea. Elkar zaintzen dugu. Hitz egiteko guneak bilatzen ditugu; emakumea libre sentitzeko gune bat eraikitzea da asmoa.

Zaintza komunitarioaren garrantzia azpimarratu duzu.

Nahitaezkoa da komunitatean garatzeko eta emakumeak boterea eta konfiantza lortzeko. Ez badugu elkar zaintzen, ez dago segurtasunik, eta emakumeentzat zaila da aurrera egiteko moduak topatzea. Beharrezkoa da loturak eta harremanak egotea, sareak eraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.