Eraso sexistagatik salatu zuten irakaslea, «telelanera» behartua

EHUk espedientea ireki dio irakasleari, baina eskolak ematen segituko du, «telematikoki» bada ere. Emakume batek hainbat gizonen artean jipoitu dutela salatu du Gasteizen

Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eraso sexista batengatik salatutako irakasleari espedientea ireki dio EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta aurrez aurreko eskolak ematea galaraziko diote, behin-behineko neurri gisa. Urriaren 4an izan zen erasoa, EHUren Ibaetako campuseko Arrakala emakume taldeak eta UIBk azaldu zutenez. Ikasleei zakila «bortizki» erakutsi ziela esan zuten, eta gaineratu zuten ez dela irakasle horrek ikasleei antzeko erasoak egiten dizkien lehen aldia. BERRIAk jakin ahal izan duenez, EHUko eraikinetik kanpo gertatu zen erasoa.

Hala, EHUk ohar bat argitaratu zuen atzo, «hilabete honetako gertakari desatseginak direla eta». Unibertsitateak baieztatu zuen iragan asteko ostiralean espedientea zabaldu ziola irakasle horri, «gertatutakoa argitzeko eta konponbide egokiena emateko xedez». Espediente horren barruan, eta behin-behineko neurri gisara, aurrez aurreko eskolak ematea debekatu diote salatutako irakasleari. Hala ere, eskolak «telematikoki» eman ahalko ditu aurrerantzean ere. Presentzialki egin beharreko jarduerei dagokienez, berriz, unibertsitateak ebatzi du «behar diren neurriak» hartuko dituztela «ikasleek aurrez aurreko eskolak jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, baina baita formakuntza integrala jasotzeko dutena ere».

Hain zuzen, dozenaka ikaslek elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian EHUko Arkitektura Fakultatearen aurrean, UIBk eta Arrakala emakume taldeak deituta, erasoa salatzeko. 14:30ean egin zuten protesta, Eraso sexisten aurrean, ekin antolakuntzari! lelopean. Aurretik, EHUren jarrera salatu izan dute sare sozialetan: «Unibertsitatearen irudia ez zikintzearren, ezkutatu egin dute larritasun handiko eraso hau», jakinarazi zuten bideo batean. «EHUren organoen eta haren berdintasun politiken itxurakeria» ere salatu zuten.

Erasoa Gasteizen

Bestalde, asteburuan Gasteizen gertatutako eraso matxista bat ikertzen ari da Ertzaintza. Emakume batek salatu duenez, hainbat gizonek jipoitu egin zutenetxerako bidean. Igande goizaldean gertatu zen, eta emakumeak ospitalera joan behar izan zuen. Han dago oraindik. Salaketa jarri du, eta, adierazi duenaren arabera, gizon horiek segika ari zitzaizkion jipoitu aurretik. Alde egiten saiatu zen, baina aldentzen hasi zenean joan ziren harengana.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eraso matxista salatu zuen atzo, Radio Euskadi irratian. Biktimari elkartasuna adierazteaz gain, azpimarratu zuen erasotzaileak «hirian sobran» daudela. Halaber, adierazi zuen batzuek delituak immigrazioarekin lotzeko baliatzen dituztela horrelako gertakariak, eta deitoratu egin zuen jarrera hori ere. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Batango pasealekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.