Verterri egotzi diote zabortegiko «ingurumen kalteen» erantzukizuna

Eusko Jaurlaritzak ebatzi du Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen enpresa dela lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako «kalte nabarmenen» erantzulea

Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Behin «ingurumen erantzukizuneko espedientea» aztertuta, ondorio batera heldu da Eusko Jaurlaritza: Verter Recycling 2002 SM dela Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) eragindako «ingurumen kalteen» erantzulea, iazko otsailean amildutako instalazioaren kudeatzailea den neurrian. Jaurlaritzak ohar baten bidez atzo jakinarazi zuenez, Verter da eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako «kalte esanguratsuen» erantzulea. Hamar egun eman dizkio enpresari «ingurumen kalteak konpontzeko» proiektua aurkeztu dezan.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren esanetan, proiektuaren «ikuskaritza bat» egingo dute, eta, ondoren, «azken ebazpena» plazaratuko dute. «Zehaztuko du kaltea non dagoen, norena den erantzukizuna, eta nola konponduko den», azaldu zuen Tapiak atzo, Basaurin (Bizkaia), Sidenorren planta baten inaugurazioaren ostean kazetarien galderei erantzun zienean.

Jaurlaritzaren arabera, Uraren Euskal Agentziari kontsulta egin ondoren «baieztatu» du kalte handiak daudela. Lurpeko urei egindako kalteari dagokionez, oharrean azaldu du «araudiz zehaztutako kalitate arauak eta atalase balioak gainditzen dituzten emaitza analitiko batzuk» detektatu direla. Azaleko urari ere kalte egin dio zabortegiaren jarduerak; hain zuzen, Beko-Aixola ubidean, «gutxienez» 300 metro luze den tarte batean. «Irristatzearen [luiziaren] ondoren, eta lixibiatuak batzen aritu ondoren, bentzopireno eta fluoranteno kontzentrazioak erregistratu dira Aixola ubidean, irristatzea baino beherago, eta horiek araudiak ezarritako mugak gainditzen dituzte», jaso du gobernuak.

Gainera, «hondakin arriskutsuak» detektatu dituzte lurzoru «irazgaiztu gabean», eta horiek, Jaurlaritzak nabarmendu duenez, eragotzi egiten dute lurzoruaren «kalitate adierazpena» ematea; beraz, ez du ahalbidetzen lur horri «inongo erabilerarik ematea». Tapiak oroitu du amiantoa zuen gela bat «hautsi» egin zela, material toxiko horizabortegiaren «leku guztietan» isuri zela, eta, «beraz, lur guztia kutsatuta» dagoela.

Verterren txostena

Gogoratu du Jaurlaritzak joan den martxoaren 4an ireki zuela espedientea, eta eskatu ziola Verterri luiziaren ondoren sortutako «ingurumen kaltearen adierazgarritasun txostena» aurkezteko.

Ekainean aurkeztu zuen, eta, Jaurlaritzaren arabera, «zuzentzeko» eskatu zioten hilabete geroago. «Azkenean», azaroaren 11n atzera aurkeztu zuen txostena zabortegia kudeatzen duen enpresak, eta, Ingurumen Sailaren arabera, zera ondorioztatu zuen Verterrek: «Ez dago kalte nabarmenik basa espezie babestuetan eta haien habitatetan, ezta azaleko uretan ere». Txostenak zioen, aldiz, kalte «nabarmenak» daudela lurpeko uretan, baina «nitratoen gainditze puntual» batengatik baino ez, eta ezin izan direla zehaztu lurzoruko kalteak, «ezin baitira egin lurzoruaren kalitatearen ikerketa egokiak». Jaurlaritzak, baina, «zalantzan» jarri zituen baieztapen horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.