Manifestaziora deitu dute eskola publikoaren alde azaroaren 6rako

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordio berriaren harira, «eskola segregazioari eta inklusio faltari» aurre egingo dien sistema bat eskatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen prentsaurrekoa, atzo, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Egungo hezkuntza sistema «duala, klasista eta arrazista» dela salatu zuen Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak atzo goizean, Bilbon. Topagunearen arabera, «bi mailako» ikasleak sortzen ditu oraingo sistemak, eta manifestazioa egingo dute azaroaren 6an, eskola publikoak administrazioaren «lehentasun osoa» izan dezala eskatzeko. Maribel Lopez de Luzuriaga bozeramailearen hitzetan, sare publikoa eta pribatua «ez dira berdinak», eta hezkuntzak ez luke «merkatuaren menpe» egon beharko.

Egoeraren «larritasuna» azpimarratu du Lopez de Luzuriagak: «Europako eta Espainiako Estatuko erkidegorik segregatzaileenetako bat gara». Topagunearen arabera, eskola publikoa da gizarte kohesioari ekarpenik handiena egiten diona, «jatorrizko ezberdintasunak berdintzen» dituelako, «inklusiboa den bakarra» delako, eta «ikasle gehien euskaldundu eta euskalduntzen dituena delako». Salatu du, bestalde, sare pribatuak segregazioa eragiten duela. Haren arabera, sare pribatuko ikastetxeek kuota ekonomikoak, «erlijioa eta gardenak ez diren beste irizpide batzuk erabiltzen dituzte maiz» egoera zaurgarrian dauden familiei sarbidea ukatzeko.

Lege berria,arrisku

Hezkuntza sistemaren dualtasuna bera da segregazioaren erroa,Topagunearen iritziz. «Gizartean dauden desberdintasunak konpondu beharrean, areagotu egiten ditu, bi abiadurako hezkuntza sistema eratuz eta gizarte haustura sortuz», Lopez de Luzuriagak adierazi duenez. Bozeramailearen aburuz, sare biak diru publikoarekin finantzatzeak «lehian» jartzen ditu publikoa eta pribatua.

Bestalde, hezkuntza lege berriaz Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak «kezka handiz» hartu dituztela aipatu du Lopez de Luzuriagak, eta adierazi du prozesu gardena izan behar duela. Haien aburuz, lege berria «ez da eskola publikoaren komunitatetik atera», eta «beste batzuen borondatea» ikusten dute atzean: «Presa horrek beldurtzen gaitu. Beste eragile batzuen presiopean izan dela uste dugu, eta beldur gara ez ote duen balioko dugun sistema hau legitimatzeko», azaldu du Lopez de Luzuriagak: «Horregatik ikusten dugu momentua publikoa aldarrikatzeko eta kalera ateratzeko».

Besteak beste, hezkuntza pribatuari eta itunpekoari mugak jartzeko eskatu diote administrazioari; «eskola bakarra» eskatu dute. Halaber, «ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudi bat sortzeko» eskatu dute, eta diru publikorik ez bideratzeko euskalduntzen ez duten ikastetxe pribatuei.

Askotariko ardurak

Eusko Jaurlaritzari egotzi diote «egungo egoera diskriminatzailearen» ardura, azken urteotan indarrean ipini dituen hezkuntza politikengatik. Lopez de Luzuriagak aipatu du Bildarratz sailburua ez dela bildu haiekin oraindik, baina bai bildu dela eskola publikoaren aldeko plataforma osatzen duten eragile batzuekin. Topaguneak ez ditu ekuaziotik kanpo utzi sare pribatuko ikastetxeak, haiek ere urteotako egoera «baliatu» dutelako beren «pribilegioak mantentzeko», «inklusioari muzin egiteko» eta «segregazioa areagotzen laguntzeko».

Hainbat plataforma eta sindikatuk babestu dute deialdia. LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT izan dira horien artean. Antolatzaileek azaldu dute ELA sindikatua ez dela batu deialdira, «gauza batzuetan» ez dutelako Topagunearekin bat egiten, baina egin diotela manifestaziora joateko gonbita, eta erantzunaren zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.