Pauek heldu den astean erranen du azterketak euskaraz pasa ditzaketen

Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra ezarritako salaketa aztertu dute Pauen, presazko auzi batean. Ikastolen elkarteak Parisi leporatu dio 2019an izenpetutako hitzarmena ez betetzea

Otsailean giza katea egin zuten Seaskako ikasleek Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paue
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Seaskako ikasleek epaimahai elebiduna izanen ote dute ekainean iragatekoa duten baxoko ahozko handian? Heldu den astean emanen du erabakia Paueko Administrazio Auzitegiak. Ikastolen elkarteak Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra ezarritako salaketa aztertu zuten atzo arratsaldean, presazko prozedura batean. EEP Euskararen Erakunde Publikoak, ministerioak eta hirurek izenpetutako dokumentuen edukia defendatu du Seaskak. Dokumentu horiez egiten duen interpretazio propioa eta prozeduraren desegokitasuna alegatu zituen Frantziako Hezkuntza Ministerioak. «Biziki itxaropentsu eta baikor gaude, ez genukeelako ulertuko gure kontrako erabaki bat», esplikatu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak atzo, auzi saiotik ateratzean. «Testu guziak alde ditugu. Orain bakarrik falta da epaileak arrazoinarazi dezan Bordeleko [Okzitania] errektorea».

Alain Larrea abokatuak egin zuen Seaskaren defentsa. Ikastolen funtzionamendua esplikatzen hasi zen, euskararen murgiltze irakaskuntzaren ezaugarriak emanez. Seaskako ikasleek ikasketetan maila gorena lortzen dutela azpimarratu zuen. Ohartarazi zuen irakaskuntza horren harira EEPren, ministerioaren eta hiruren artean 2019an adostu zuten hitzarmenean baxoko ahozko handian euskara erabiltzea baimentzen dela. Honela dio hitzarmenaren testuak: «Batxilergoan murgiltze ereduetako ikasleek parada ukanen dute euskaraz idazteko Historia-Geografiako kontrol jarraikiko proba komunetan eta irakaskuntza zientifikoetako kontrol jarraikiko proba komunetan. Azkenik, sail elebidunetako eta murgiltze ereduetako ikasleek ahozko handiko zati bat euskaraz egiten ahalko dute».

Beste bi dokumentuk ere berresten dute Seaskaren eskaera: Frantziako Hezkuntza Kodeak, 121-3 artikuluan, eta baita joan den abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularrak ere. Brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da azken horretan. «Testuen interpretazioa izanen da. Ikusi beharko da epaileak nola interpretatzen dituen testu horiek», esplikatu du Larreak.

Ikasleak, kaltetuak

Seaskako ikasleak kaltetuak direla erran du abokatuak, eta presazko erabakia hartzeko eskatu dio epaileari, ministerioak berma dezan Seaskako ikasleek baxoko ahozko handian epaimahai elebiduna izanen dutela. Gerora, ministerioaren gain izanen da euskaraz pasatutako azterketa horiek onartzen dituen ala ez erabakitzea. «Ezetz erabakiko balu, Seaskak erabaki hori auzitara eramateko aukera luke», esplikatu zuen Larreak. «Baikor» agertu zen bera ere atzoko saioarekin.

Izan ere, epaileak galdetu zuen posible ote den Seaskaren eskaera teknikoki plantan ematea. Baietz erantzun zion Gorostiagak. EEPk zerrenda bat egina du sare publikoan eta pribatuan irakasten duten ehundik gora iraskasle euskaldunekin.

Ministerioa, mutu

Frantziako Hezkuntza Ministerioko arduradunek ez zuten aurpegia eman, eta Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzako idazkari nagusia agertu zen ordezkari gisa, abokaturik gabe; ez zuen epaitegiaren esku utzitako txosten juridikoaz bestelako ahozko komentariorik egin. Hauteskunde garaia dela eta, kazetarien galderei ere ez zien erantzun.

Hauek dira ministerioaren argumentu nagusiak: batetik, presazko prozedura ez dela egokia, ministerioak erabaki formala hartua duelako. Seaskaren arabera, apirilaren 13an errektorearekin izan zuten bilkuran eman zieten ezezkoa litzateke hori. Ministerioaren iritziz, administrazio auzitegiko prozedura normal batean salatu beharko zuketen. «Bi urte baino gehiago iraun dezake horrek: ez digu ezertarako balio», esplikatu zuen Larreak epaitegitik ateratzean. Zehaztu zuen ikasleei azterketan euskaraz aritzeko aukera bermatzeko eskatu zutela auzi saioan, epaitegiak sakoneko erabakia hartu bitartean haiei ez kalte egiteko.

Bestetik, ministerioak alegatu zuen EEP ez dela lurralde elkargo bat, eta, beraz, ez duela halako hitzarmenak izenpetzeko eskumenik. Epaitegiaren aitzinean, Larreak oroitarazi zuen Frantziako Estatuko lau administrazio mailak osatzen dutela EEP: estatuak, Akitania Berria eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoa osatzen duten 158 herriko etxeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.