Osasun Legearen erreforma aurrera atera du Txibitek, eztabaida itxi gabe

Aldeko 49 boto jaso ditu legeak, eta abstentzio bakarra: Ezkerrarena. SMN, LAB eta UGT sindikatuekin adostutako neurriak jasotzen ditu arauak. Auziari «azken unean» heldu izana egotzi diote gobernuari

Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ozta-ozta, baina nahi zuen argazkia lortu du Maria Txibitek: Osasun Legearen erreforma onartu du Nafarroako Legebiltzarrak, ia aho batez. Maniobrarako tarte gero eta txikiagoa zuen Nafarroako Gobernuko lehendakariak, baina lasterketaren azken metroetan heldu da erreforma, legealdiaren hondarreko osoko bilkuretako batean. Gobernuari eusten dioten hiru taldeek eta EH Bilduk aurkeztua zuten lege proposamena, eta, atzoko saioan, Navarra Suma batu zitzaien. 49 aldeko boto, abstentzio bat —Ezkerrarena— eta kontrakorik ez. Adostasun parlamentarioak gorabehera, ordea, auzia ez dago konponduta, ezta hurrik ere. Atzo agerian gelditu zenez, gai arantzatsua da osasun publikoarena, eta soka luzea izanen du datorren legealdian ere.

11/1992 Foru Legea aldatuta, Osasunbideko langileen soldatei eta ordainsariei buruzko hobekuntzak zehaztu dituzte, nagusiki. Adostutako neurrien artean daude bai Nafarroako Gobernuak SMN Sindikatu Medikoarekin hitzartutakoak, bai LABekin eta UGTrekin aste honetan sinatutako batzuk ere .

Atzoko saioan, PSNko Inma Juriok nabarmendu zuen «gobernuak egin duen ahalegina osasun publikoa indartzeko». Haren esanetan, medikuen soldata ez ezik, «beste langile askoren baldintzak ere» hobetuko dituzte, «gobernuaren jarrera proaktiboari esker», eta, zehazki, Lehen Arretan jarriko dute azpimarra.

Navarra Sumako legebiltzarkide Cristina Ibarrolak ikuspegi kritikoagoa agertu zuen: esan zuenez, PSNk «egoera ezin txarragoan utziko du Osasunbidea, hurrengo gobernuak konpondu dezan». Ibarrolak gaineratu zuen gobernuak «txikizioa» eragin duela Lehen Arretan, eta «itxaron zerrendak hirukoiztu» dituela. Hala ere, lege proposamenaren alde egin zuen koalizio horrek, «soldaten igoera dakarrelako».

Geroa Bairen izenean, Ana Ansa parlamentariak esan zuen «aho zapore gazi-gozoa» eragin diola lege proposamenak: «Gai garrantzitsuak jasotzen ditu, baina lehenago jorratu behar ziren, ez orain: hauteskundeen bezperan eta greba baten eraginpean». Lehen Arreta indartzea «premiazkoa» dela gaineratu zuen.

EH Bilduko Txomin Gonzalezen aburuz, Osasun Departamentuaren jardunean «askotxo dago hobetzeko». Lehentasuntzat jo zituen «behin-behinekotasuna murriztea, zerbitzu publikoak indartzea eta langileen erosahalmena berreskuratzea», eta gaineratu zuen Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarritako legeak «neurri batean bakarrik» erantzunen diela erronka horiei.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek ontzat jo zuen lege proposamena aurrera atera izana, baina txarretsi zuen 30 urtez Osasun Legea bere horretan utzi izana, eta «erroko aldaketak» egitera premiatu zuen gobernua. Ezkerra koalizioko Marisa de Simonek, azkenik, «ezkor» hartu zuen lege proposamena: «Ez nator bat prozedurarekin, bizkarra eman baitiozue sindikatuen mahai orokorrari. Ez da negoziaziorik egon. Presaka heldu diozue gaiari, Sindikatu Medikoaren lobbyaren presiopean».

Esklusibotasunari begira

Esklusibotasuna kobratu eta, hala ere, sare pribatuan ere lan egiten duten medikuei buruz galdetu zion EH Bilduk Santos Indurain Osasun kontseilariari. Indurainek esan zuen informazioa biltzen ari direla, ezin direla akusazioak ziurtzat jo, eta oraingoz ez dagoela inongo iruzurren frogarik, baina kasuren bat baieztatuz gero, «irmo» erantzunen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.