Pesako gidariek planto egin dute: «Autobusak ez dira seguruak»

Donostia-Bilbo eta Donostia-Gasteiz ibilbideko autobusak gutxieneko zerbitzuekin arituko dira gaur eta astelehenean. Gidariek salatu dute enpresak ez dituela ondo egiten mantentze lanak

Bidaiariak Pesaren autobus batera joaten, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
Donostia
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Donostia-Bilbo, Donostia-Bilboko aireportua, Donostia-Gasteiz eta Donostia-Arrasate ibilbideetan dabiltzan autobusetako erabiltzaileek gutxieneko zerbitzuekin moldatu behar izan zutenatzo; eta gaur eta astelehenean ere arazo bera izango dute. Gidariek planto egin dute, eta grebara deitu dute, autobusetan «ez dagoelako bermaturik segurtasuna». Avanza-Pesa multinazionalak dauka ibilbide horien adjudikazioa 2025. urtera arte, eta gidariek salatu dute enpresa horrek ez dituela «behar bezala» egiten bere autobusen mantentze lanak; «beldur» dira beren eta bidaiarien segurtasunarengatik.

«Duela bi urte eta erdi hasi ginen nabaritzen mekanikari eskasia zegoela tailerretan, eta, tarte horretan, autobusen segurtasunak okerrera egin du, ez direlako mantentze lanak behar bezala egiten», azaldu du Ekaitz Telleria LABeko ordezkariak. «Orain, gurpilak ere ez dira garaiz aldatzen. Motor matxura ere ematen digu askotan kontrolean, eta, balazta diskoak hautsita daudela ere, Bilboraino bidaltzen gaituzte».

Avanzaren autobus batek su hartu zuen Arrasaten (Gipuzkoa) maiatzean. Mexikoko multinazionalak Pesa konpainia erosi zuen 2019an, eta, ordutik, haren esku dago Donostia-Bilbo, Donostia-Gasteiz eta Donostia-Arrasate ibilbideen zerbitzua; beraz, milaka erabiltzaile ditu egunero enpresak. Hirurehun langile inguru aritzen dira Avanza-Pesan, eta sindikatuek ziurtatu dute «gehienak» daudela greban.

Bat-bateko azterketa bat

Autobusen segurtasun arazoak direla eta, salaketa asko egin ditu Lan Ikuskaritzan langile batzordeak. «Baina ez digute jaramonik egin, nahiz eta argazkiak eta bideoak eman dizkiegun», dio LABeko kideak. Herenegun, Donostiako geltokian azaldu ziren ikuskariak, ibilgailuak arinki aztertzeko. «Hauteskundeak datozen honetan, kolpetik azaldu dira».

ELAk (lau ordezkari), CCOOk (hiru), LABek (bat) eta Aurrera-k (bat) osatzen dute langile batzordea. ELAko ordezkari Aitor Iturainek ziurtatu du autobusak «gero eta okerrago» daudela. «Hasieran akats arinak zirenak larrituz joan dira, mantentze lana ez delako ondo egiten. Istripu arrisku txikia duten kontuakarrisku handikoak bihurtu dira dinamika horrengatik». Bidaiariak ere kexu direla azaldu du: «Ez bada egoera hori konpontzen, baliteke istripu larriren bat gertatzea edozein momentutan, eta ez enpresak eta ez aldundiak ez dute konponbiderik eman».

Aurreko hilean, langileen ordezkariek bilera bat izan zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta autobusen egoeren inguruko agiriak igorri zituen batzordeak. Azken orduetan, ezusteko azterketa tekniko bat egin die Donostiako geltokian Pesako zenbait autobusi. «Hau oso larria da, eta serio hartzeko eskatzen diegu», ohartarazi du ELAko ordezkariak: «Ezer gertatu aurretik konponbideak nahi ditugu, gero erantzuleak egongo dira eta».

Gutxieneko zerbitzuak %30ean finkatu dituzte, eta, erabiltzaileak zenbait eragozpen izaten ari diren arren, grebaren abisua lehendik emana zuten, eta gehienak moldatzen ari dira. ELAk salatu du enpresak %40 inguruan bete dituela Donostia-Bilboko zerbitzuak, «beste ibilbide batzuetatik autobusak kenduta eta zerbitzu horretara eramanez». Sindikatu horrek salatu du, halaber, Pesako langileek Arrasaten egindako elkarretaratzean «ertzain asko» egon direla. «Baina gero errepidean ez dituzte gure autobusak geratzen, ikusteko nola dauden balaztak eta gurpilak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.