Hondakinen gainean eraiki obra bat geldiarazi dute Angelun

Claude Olive auzapezak agindu du obra behin-behinean gelditzeko. Eraikitzen ari diren lur eremuan hondakindegi bat zegoen lehen

Hondakinen gainean eraikitako Angeluko obra, atzo goizean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki
Baiona
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hugo Clement Frantziako kazetari ezagunak egin zuen salaketa, astearte arratsaldean, Twitter sare sozialean zabaldutako bideo baten bidez. Angeluko (Lapurdi) BAB 2 merkataritza gunetik hurbil dagoen eremu batean, Eiffage enpresa egiten ari den eraikuntza bat ikus daiteke. Lurrean, hondakin mordoa ageri da, hondeamakinek lurrarekin nahasi eta mugitua. Horiek dira errekatxo baten ondoan dagoen eraikuntza berriaren zimenduak. «Ozeano Atlantikoa ere ondoan da», azaldu du bideoan kazetariak, asaldaturik.

Agiri bat zabaldu du Angeluko Herriko Etxeak, obra berehala geldiaraztea erabaki dutela jakinarazteko. Baina, atzo goizean, lanean segitzen zuten Eiffage eraikuntza enpresako langileek; Frantziako Poliziak geldiarazi behar izan zituen. Era berean, seinalamendua egin die herriko etxeak Euskal Hirigune Elkargoari eta DDTM lurraldeen eta itsasoaren departamenduko zuzendaritzari. Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoak bizitegi sozialak eskuratu behar ditu proiektu horretan, baina zehaztu dute ez duela eraikuntzarekin inolako zerikusirik. Hala baieztatu dio Claude Olive Angeluko auzapezak ere BERRIAri: «[Herenegun] Gauetik zernahi idatzi da: Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoa ez da lurren jabea, ez da ezer sinatua», haserretu da. Olive bera da bizitegi sozialez arduratzen den egitura horren arduraduna.

Angeluko auzapezak behin eta berriz errepikatu du: «Ez da herriko etxearen ardura». Zehaztu du Carrefour Property dela lurren jabea eta 2013ko hirigintza planaren arabera eman zitzaiola eraikitzeko baimena. «Etxebizitza berrietan, %40 bizitegi sozialak izan behar dira. Horregatik jo zuten etxebizitzaren bulegora». Oliveren hitzetan, hondakindegi bat zegoen garai batean lur horietan, eta hondakin bizigabeak lirateke bertan. «Eraikuntzaren oinarriak egiteko lurrak altxatu direnean agertuko ziren hondakinak. Baina, segitu aitzin, hortik kendu beharko zituzten», ohartarazi du. Halaber, lurren zundaketa eta bestelako egiaztatzeak egitea Euskal Hirigune Elkargoaren ardura zela erran du. BERRIAk Ipar Euskal Herriko instituzioaren komunikazio zerbitzuari dei egin dio bere bertsioa ukaiteko, baina, oraingoz, ez du erantzunik jaso.

Herenegun arratsaldean seinalamendua jaso zutenean herriko etxeko zerbitzuak obren lekura bidali zituela kontatu du Angeluko auzapezak, eta ordutik Carrefour taldearekin harremanean eman direla. «Hegazkina hartu dute, eta eraikuntza enpresari kontuak eskatzera etorri dira. Hondakin guziak atera behar dira hortik; horren baieztapen idatzirik ez dudan bitartean, ez dute segitzen ahalko». Aferak izan litzakeen segida administratibo eta juridikoez mintzatzeko «goizegi» dela erran du.

Oposizioaren salaketa

Sandrine Derville (PS) Angeluko oposizioko hautetsiak gogorki salatu du egoera. «Ikuspegi juridiko soil batetik begiratuta, Carrefour Property enpresarena da ardura, baina herriko etxeak eraikitzeko baimen bat eman du, lurren ikerketa batean oinarrituta. Beraz, nola liteke hondakinak badaudela ez jakitea? Are gehiago, angeluarrok ongi dakigu lehen hondarkindegi bat zegoela lur horietan. Arreta handiz ibili behar zuen herriko etxeak». Dervillek, bestalde, «espero» du obra gelditzeko agindua errespetatuko dutela «behar bezalako azterketak egin arte».

Obra eramaten duen Eiffage enpresarekin eta Carrefour Property lurren jabea den enpresarekin hitz egiten saiatu da BERRIA, baina oraindik ez dute erantzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.