Ahanztura onkologikoa arautzeko lehen pausoa eman dute Hegoaldean

Gaurtik aurrera minbizia gainditu dutenak ez dituzte diskriminatuko gidabaimena berritzean

Pedro Sanchez, aurreko astean, minbiziaren aurkako hainbat elkartetako ordezkariekin bilduta. B. PUIG DE LA BELLACASA / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Minbizia pairatu duten pertsonek diskriminazio ugari jasan behar izaten dituzte sendatu eta gero ere: gidatzeko baimena berritzean, banku batean kreditu bat eskatzean eta aseguru bat kontratatzean, gainerako herritarrei baino baldintza gogorragoak ezartzen dizkiete. Minbiziaren aurka borrokan dabiltzan elkarteek urte asko daramatzate aldarrikatzen erakundeek ahanztura onkologikorako eskubidea bermatu behar dutela, hau da, pertsonek ezin dutela inolako diskriminaziorik izan minbizia pairatzeagatik. Gaur, lehen pausoa eman dute Hego Euskal Herrian eskubide hori arautzeko bidean. Gaurtik aurrera, minbizia jasan duten lagunek gainerakoen eskubide eta betebehar berak izango dituzte gidatzeko baimena berritzeko orduan.

Izan ere, gaur sartuko da indarrean Espainiako Gobernuak Gidarien Araudi Orokorrari egin dion erreforma; horren bidez, ahanztura onkologikorako eskubidea «bermatuko» diete gidatzeko baimena berritu nahi dutenei. Orain arte, minbizia pasatu duten pertsonek hiru, lau edota bost urtetik behin berritu behar izaten zuten autoak gidatzeko baimena; haien adinari zegokiona baino maizago kasu askotan. Espainiako Gobernuko Presidentetza Ministerioaren arabera, «oinarririk gabeko diskriminazio bat» zen hori. Gidarien Araudi Orokorraren erreformarekin, minbizia pasatu duten herritarrek gainerako herritarren eskubide berak izango dituzte gidabaimena berritzeko: haien adinari dagokion maiztasuna izango da berritzeko irizpide bakarra.

Hala ere, bi baldintza bete beharko dituzte. Batetik, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ulertuko du pertsona batek minbizia gainditu duela hiru urtez ez badu gaixotasunaren inolako zantzurik izan. Bestetik, sendagile baten «aldeko txostena» aurkeztu beharko dute herritar horiek; pazienteek minbizia gainditu dutela ziurtatu beharko dute medikuek hor.

Maiatzaren 13an iragarri zuen erabakia Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuko presidenteak, Sevillan (Espainia) PSOEk udal hauteskundeen harira egin zuen ekitaldi politiko batean. Ez zuen soilik iragarri gidatzeko baimena berritzen dutenei ahanztura onkologikorako eskubidea «bermatuko» dietenik. Harago joan zen: «Minbizia gainditu dutenak ez dituzte diskriminatuko hipoteka bat sinatzean, kreditu bat eskatzean edo aseguru pribatu bat eskuratzean». Esan zuen ez zela «iragarpen huts bat», baizik eta «errealitatea» izango dela ekainean.

Izan ere, Espainiako Diputatuen Kongresuak apirilaren 27an onartu zuen Berezoen Arretaren Legea, eta ekainean da Senatutik igarotzekoa. Ahanztura onkologikorako eskubidearekin lotutako gainerako neurriak PSOEk aurkeztutako zuzenketa batzuen bidez txertatuko dituzte lege horretan, eta, aurreikuspen guztien arabera, aise onartuko du goi ganberak. Beraz, ekainaren amaiera baino lehen sartuko lirateke indarrean neurri horiek.

Helburua ahanztura onkologikorako eskubidea «bermatzea» izango da, herritarrek bankuekin eta aseguru etxeekin dituzten harremanetan. Izan ere, minbizia gainditu duten herritarrek haien historia medikua erakutsi behar izaten diete bankuei hipoteka bat eta bestelako mailegu eta kredituak eskatu ahal izateko. Gauza bera egin behar izaten dute aseguru etxeetan. Minbizia pasatua izateagatik, interes handiagoak ordainarazten dizkiete. Diskriminazio horiek bertan behera utziko lituzkete neurri berriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.