Arriolak dio garraio publikoak 300 milioiko defizita izango duela

Erakundeek kudeatutako garraioek erabiltzaileak galduko dituztenez, galerari aurre egiteko plan bat behar dela esan du sailburuak. Alokairu eskuragarria bermatzeko akordio sozial bat ere eskatu du

LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19 gaitzak eragindako ondorioak garraio publikoaren arlora ere iritsi dira. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak zenbakia jarri dio kalte horri: EAEko administrazioek kudeatzen dituzten garraioetan 300 milioi euroko defizita sortuko du egungo egoerak. «Aztertu egin beharko da zer neurri hartu beharko diren horri aurre egiteko», esan zuen sailburuak atzo, eta horretarako erakundeen arteko plan bat sortzeko premia ikusten du, «garraioetako erabiltzaile kopurua berreskuratzen den arte». Legebiltzarrean agerraldia egin zuen, bere sailak hasi berri den legealdirako zer asmo dituen kontatzeko. Bertan eman zuen zenbaki hori.

Diru kontuak desorekatuko diren arren, legegintzaldi honetan azpiegiturak egiten jarraituko duela argitu zuen Arriolak. Gasteizen, esaterako, tranbiaren sarea handitzen jarraituko du, eta datozen lau urteetan tranbia Zabalganera iristeko lanak hasiko dituzte. Martxan dituzten lanetan, Donostian trena lurperatzeko obrak legegintzaldi honetan amaituko dituztela esan zuen Arriolak. Horrez gain, Orio eta Usurbil (Gipuzkoa) arteko trenbidearen ibilbide berria egingo dute, baita Altza eta Galtzaraborda arteko tarte berria ere. Trenarekin lotuta, Jaurlaritzak azterketa bat egingo du Donostiako Loiola auzoan Euskotrenen ibilbidea eta Renferena lotzeari buruz.

Bilboko metroari dagokionez, laugarren eta bosgarren lineak egiteko informazio azterketak egiten ere hasiko dira datozen urteetan. Horrez gain, Bilbon bertan tranbia sarea zabaltzeko proiektua fintzen hasiko dira: azpiegitura hori Zorrotzaurrera iristeko proiektua garatzen hasiko dira; tranbiaren eraztuna amaitzeko konpromisoa ere hartu du; eta Bolueta eta Etxebarri artean linea berri bat ere egingo dute.

AHTaren geltokiei dagokienez, Bilbokoaren eta Gasteizkoaren finantzaketa itxi nahi dute, eta Donostiakoaren lanak amaitu. Irungo geltokiaren proiektua ere itxi nahi dute Adifekin.

Etxebizitza publikoa hazi

Arriolaren sailak etxebizitza politikak ere hartzen ditu, eta atzoko agerraldian legegintzaldi honetarako asmoak ere xehatu zituen. Nagusia, etxebizitza publikoaren eskaintza etengabe haztea datozen lau urteetan. Horrekin batera, alokairu eskuragarria hamabost urtez bermatuko duen «itun sozial bat» egiteko asmoa ere plazaratu zuen sailburuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitzen %5 gisa horretakoak izan daitezela nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.