Arartekoak jasotako kexen ia %58k eskubide sozialekin dute lotura

EAEn abiatutako erreklamazio txostenak %25 ugaritu ziren iaz, 2018ko datuekin alderatuta.

Osakidetzako lehen arretako langileek beren lan baldintzak hobetzeko iazko apirilean Bilbon egindako manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
EAEko Arartekoak 2.081 kexa txosten abiatu zituen iaz, eta horien ia %58 eskubide sozialekin lotuta daude: osasunarekin, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin edo, besteak beste, gizarteratzearekin. Abiatutako kexa txostenen kopuruari dagokionez, %25eko igoera bat izan da 2018ko datuekin alderatuta, orduan 1.658 izan ziren eta. Ebatzitako kasuen ehunekoa ere handitu da: 1.113 ebatzi zituen 2018an, eta 1.519 iaz (%36). Guztira, EAEko arartekoak 7.751 kexa eta kontsulta jaso zituen.

Manu Lezertua Arartekoak iazko jardueraren txostena helarazi dio Eusko Legebiltzarrari, eta, jarduera arloei dagokienez, nabarmendu du osasunarekin lotuta daudenetan gorakada bat izan dela. «Hori gertatu da, neurri handi batean, Gurutzetako Ospitaleko modulu psikosoziala itxi zela-eta jasotako 484 kexengatik», azaldu du Lezertuak txostenean.

«Arreta publikoko» taldeei buruzko kexak ugaritu egin dira. Arartekoak jasotakoaren arabera, erreklamazio horietako «askok» pertsonen arteko berdintasun «erreala eta eraginkorra» bermatzeko politika publikoekin dute zerikusia, eta helburu bat dute: «Emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea».

Bestetik, Arartekoak azpimarratu du gizarte bazterketarekin harremana duten erreklamazioak gutxitu egin zirela 2018tik 2019ra: 468 izan ziren iaz, eta 713 duela bi urte. Kexa «gehienak», %90 inguru, Lanbideren funtzionamendu «txarrari» buruzkoak dira.

Kexak aztertuta, horien %49 jarri ziren administrazioaren «jarduera okerren bat» medio. Halere, kopurua handiagoa izan zen 2018an: %53. Arartekoaren esanetan, zegokion administrazioak «zuzendu eta aldatu» egin du erreklamazioa eragin zuen jarduera, kasuen %85etan. Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritza izan da kexa gehien jaso dituen administrazioa (%53), eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan jarritako erreklamazioak hazi egin dira: %30. Kexen %10 inguruk eragiten diete foru aldundiei.

Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoan jasotako kexak ere hizpide ditu txostenak: 474 izan ziren iaz. Horrenbestez, beherakada bat gertatu da kopuruan, 2018an 729 izan baitziren. Txostenak jaso duenez, espedienteen %46 lotuta daude adingabeek bizi maila «egokia» izatea ahalbidetzen duten «baldintza materialekin»; zehazki, diru sarrerak eta etxebizitza bermatzeko sistemekin. Erreklamazioen %27 hezkuntza sistemaren arazoei buruzkoak dira, eta beste %27k «beste esparru batzuekin» dute lotura.

Nafarroan ere gora

Nafarroako Arartekoak 2019an jasotako kexa eta kontsulta kopuruak gora egin du 2018ko datuekin alderatuta. Javier Eneriz arartekoak txosten batean azaldu duenez, iaz 1.138 kexa jaso zituen (1.052 izan ziren duela bi urte), eta 1.625 kontsulta (1.398 duela bi urte). Horrenbestez, %10 ingurukoa da igoera. Kexa eta kontsulta horiek lotuta daude, batez ere, funtzio publikoarekin, eskubide sozialekin eta enplegurako sarbidearekin. 775 kexa txosten abiatu zituen, eta horien ia erdiak ebatzi: 348.

COVID-19aren pandemiak eragindako kexei ere erreparatu die Enerizek. 79 jaso ditu guztira azken hilabeteotan, eta lotura dute, besteak beste, haurrei etxetik ateratzeko ezarri zitzaien debekuarekin, zahar etxeetara bisitak egitekoarekin, «Poliziaren gehiegikeriekin», baratzeetarako sarbideekin edo «udalerri osoan ibili ahal izateko aukerarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.