Etxe turistikoen ondorioz auzokideak alde egiten ari direla salatu dute

Bilbo
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bilbon, turistifikazioak Zazpikaleetan daukan eragin «kaltegarria» salatu du SOS Alde Zaharra elkarteak; alokairuen prezioen igoera eta auzokideek aukeran dituzten etxe duin murritzak, besteak beste. «Auzoan bizi, lan, jolastu edo lo egitea luxu bat» bihurtu nahi dituztela nabarmendu zuen Iñigo Santxo elkarteko bozeramaileak, atzo goizeko agerraldian. Etxe eta logela turistiko asko legez kanpokoak direla salatzeko, «auzotik alde egin behar» izan duten bi bizilagunen testigantzak bildu dituzte.

Zazpikaleetan hamasei urtez bizi eta gero bere etxebizitza saltzea erabaki du Eider Palmouk. Bizi zen eraikinean, bigarren pisuan, legez kanpoko etxe turistiko bat dagoela salatu du. Azaldu duenez, Bilboko etxebizitza turistikoen araudiak dio turismora bideratutako etxebizitzak lehenengo pisuan egon behar direla. Duela bi urte hasi ziren etxe horretan turistak bueltaka, eta ordutik aurrera eragozpen ugari bizi izan ditu: asteburuero pertsona ezezagunen mugimendu asko, jaiak eskaileretan, eta etengabeko iskanbilak, besteak beste.

Gertakari horien aurka, salaketa bat jarri zuen Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailean eta Bilboko Udaleko Hirigintza Sailean, 2018ko uztailean. Orain arte ez du erantzunik jaso, eta haserre agertu da udalak izan duen jarrerarekin: «Zergak ordaintzen ditut, arauak bete behar ditut, baina erakundeek niri erantzuteko beharrik ez dute, antza».

Bihotzak auzo elkarteko lehendakari Javier Rodriguezek etxebizitza saldu berri du, egoerari beste konponbide bat topatu ezinik. «Zazpikaleetako auzokideok galtzeko zorian gaude. Turistifikazioa duela urte batzuk hasi zen, eta azken jokaldia etxe turistikoak izan dira». Besteak beste, Erriberako merkatua eta Eurokopan Zazpikaleetan egin nahi duten fanzone-a aipatu ditu.

SOS Alde Zaharra elkarteak salatu du ez direla kasu bakanak, eta udalari eskatu dio araudia betetzeko eta turismora bideratutako jarduerak eteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.