Lau orduko lanuzteak hasi dituzte Arabako kirol kudeaketarako langileek

Langileek greba abiatu dute, Gasteizko Udalak proposatutako murrizketak salatzeko helburuz. Bi igerileku hustu behar izan dituzte

Kirol kudeaketako langileen protesta, atzo, Gamarran. RAUL BOGAJO / FOKU.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Arabako kirol kudeaketako langileek abuztuaren 4an iragarri zuten lanuzteak egingo zituztela, eta atzo hasi zuten greba. Egunero lau orduko lanuzteak egingo dituzte: goizean bi orduz, 12:00etan hasita, eta arratsaldean beste bi orduz, 17:00etatik 19:00etara.

Grebalariek salatzen dute koronabirusagatik hartu beharreko osasun neurriez gain Gasteizko Udalak «bestelako murrizketa batzuk» proposatzen dituela.

ELA sindikatuak bat egin du grebarekin, eta herritarrei parte hartzeko gonbita egin die, «murrizketek langileei eta erabiltzaile guztiei» eragiten dietela argudiatuta. Sindikatuak adierazi du ez dagoela higiene eta osasun neurriak ziurtatzeko «protokolo eraginkorrik», eta, beraz, erabiltzaileen eta langileen osasuna «arriskuan» dagoela. Azaldu dutenez, langileek ez dute «norbera babesteko eta senideak ez kutsatzeko beharrezkoak» diren ekipamendurik. Hortaz, nabarmendu dute ez direla bermatzen COVID-19 gaitzarekiko babes neurriak, eta Gasteizko Udalak ezarritako «baldintza eskasak» salatu dituzte.

Arabako kirol kudeaketarako langileek gaineratu dute murrizketak egin dituztela langile kopuruan, baita igerilekuen irekierako eta itxierako ordutegietan ere. Horrek guztiak «zaildu» egiten du igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzea. Bestalde, gogoratu dute uda denboraldia uztailaren 1ean hasi izanak «eragin handia» izan duela langileengan, hilabete eta erdiko enplegua eta soldata galdu dituztelako, eta ez dutelako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienterik izateko aukerarik izan.

Igerilekuak hustu beharra

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, atzo langile gehienek bat egin zuten lanuzteekin, eta Gamarrako eta Mendizorrotzeko igerilekuak hustu behar izan zituzten. Dena den, udalak azaldu du grebak ez diela eragiten igerileku irekietako sorosleei,eta jakinarazi du«normaltasun osoz» jarraitzen dutela lanean. Udalaren arabera, «oinarrizko babes neurriak» badaude, eta grebalarien aldarrikapenetako batzuk «enpresaren eta langileen» arteko harremanari loturikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.