EHUk, MUk eta Deustuk aurrez aurrekoa lehenetsi dute irailerako

EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta MUko errektoreak Unibasqekin eta Hezkuntza Sailarekin bildu dira. Elkarlanerako asmoa berretsi dute

Hiru unibertsitateetako errektoreak Bildarratzekin, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia garaian egindako lana baloratzeko eta etorkizuneko pausoak zehazteko, bilera egin dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak, Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibertek, Mondragon Unibertsitateko errektore Bizente Atxak, Unibasqen zuzendari Iñaki Herasek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Ziurtatu dutenez, erabat bete dituzte duela urtebete hiru unibertsitateek hartutako konpromisoak.

Egun batetik bestera, aurrez aurreko hezkuntza utzi eta online aritzen hasi ziren. Alde batetik, horretarako unibertsitateko komunitate osoak izandako «egokitzeko gaitasuna» eta lana goraipatu dituzte. Beste aldetik, gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak ia lau milioi euroko inbertsioa egin zuela iaz digitalizaziorako. Orain arteko bideari jarraituz, 2020-2021eko ikasturtea «presentzialtasun egokituarekin» amaituko dutela azaldu dute. Guiberten irudiko, asmatu egin dute unibertsitateak ez itxita, eta uste du erakutsi dutela «ikasteko eta lanerako leku segurua» direla. Ferreirak azaldu du EHUn ere aurrez aurreko hezkuntzaren aldeko apustua egin dutela, ezarritako osasun neurrien barruan, «ahalik eta presentzialtasunik handienari» eutsiz. Ildo beretik jo du Atxak: «Datorren ikasturtera begira, gure azpiegiturak eta metodologiak hobetzen ari gara, hezkuntza presentziala eskaintzen jarraitzeko».

Iazko adierazpena errepasatzearekin batera, gaur beste bat ere onartu dute hiru unibertsitateek, Hezkuntza Sailak eta Unibasqek. Hor jaso dutenez, lehentasunetako bat izango da 2021-2022ko ikasturtea aurrez aurreko prestakuntza eredua lehenetsiz planifikatzea, baita unibertsitate komunitatearen osasunari eta segurtasunari lehentasuna ematea ere. Gainera, hiru unibertsitateek aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.